NAIZ
Baiona

Aske daude Donibane Lohizunen U14an izandako gertakariengatik atxiloturiko gazteak

Lau gazte atxilotu ditu gaur goizean Polizia frantsesak Donibane Lohizunen uztailaren 14an independentziaren aldeko manifestazioaren ondoren izan ziren tirabirarengatik. Baionako komisaldegira eraman dituzte, ikur frantsesak ebastea leporatuta. Arratsaldean libre utzi dituzte.

Gazte anitz bildu dira goizean Baionako komisaldegiaren aurrean atxiloketak salatzeko. (Guillaume FAUVEAU)
Gazte anitz bildu dira goizean Baionako komisaldegiaren aurrean atxiloketak salatzeko. (Guillaume FAUVEAU)

Lau gazte atxilotu ditu Polizia frantsesak ustez uztailaren 14 Donibane Lohizunen independentziaren alde izan zen manifestazioaren ostean gertatutakoarekin lotuta, Kazetak zabaldu duenez.

Lehen hiruak haien etxean atxiki dituzte eta Baionako komisaldegira eraman dituzte. Atxiloketak Urruñan eta Hendaian izan dira eta gazteetako bat adin txikikoa da. Laugarrena, aldiz, ez dute etxean topatu, baina komisaldegian bere burua aurkeztu ondoren izan da atxilotua. Donibane Lohizuneko «hilen monumentuko» ikur frantsesak ebastea leporatzen diete gazte horiei.

Arratsaldeko 16.00ak pasatxo lau gazteak aske utzi dituzte. Herritar talde batek mobilizazioa deitu du 19.00etan Pausuko biribilgunean polizia operazioa salatzeko.

Goizeko 11.00etan elkarretaratzea jendetsua egin dute Baionako komisaldegiaren aitzinean.

Bestetik, Baionako Bernat Etxepare lizeoko Ikasle Asanbladak mobilizazio bat deitu du 13.30ean lizeoan bertan.

Tirabira auzapezarekin

Iragan uztailaren 14an Donibane Lohizuneko Herriko Etxearen aurrean tirabira izan zen Jean-François Irigoyen auzapezaren eta manifestari batzuen artean.

Gertakari horiek direla eta auzapezak salatu zuen kolpe bat eman ziotela eta salaketa ezarri ondoren Jerome Bourrier prokuradoreak ikerketa abiatu zuen.

Euskal Herriaren independentziaren aldeko martxak uztailaren 14an Donibane Lohizune zeharkatu ondoren, manifestariek ‘Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere’ zioen pankarta jarri zuten herriko etxean.

Orduan, auzapeza bertaratu eta pankarta kendu zuen, tentsio momentuak izan zirelarik. Gero, udaletxera sartzeko bidea hartu zuen, eta atean zegoela eskuko erdiko hatza altxatuz keinua egin zien manifestariei. Azkenik, lehenagotik bertaratua zen Poliziaren begiradapean manifestariek banderola jarri zuten berriz.

Herri Berri Donibane Lohizuneko zerrenda abertzaleak auzapezak errandakoak salatzeko agiria kaleratu zuen. «Erraza da, beranduago, agresibitatea, baita bortizkeria ere asmatzea herriko karriketan manifestatzeko asmoa besterik ez duten manifestariei buruz». Alkateak zaflakoa jaso zuela gezurtatu zuten; «bestela izan balitz, bertan zegoen Poliziak esku hartuko zuen».

U14 kolektiboak ere agiria plazaratu zuen, gertaeren inguruan ‘Sud Ouest’ egunkariak argitaratu zuen artikuluari erantzunez. Bertan, lasaitasun osoz egindako manifestazioaren ondoren, jendea joaten ari zen momentuan, auzapeza pankarta kentzera etorri zela, eta hori gertatu izan ez balitz, «tentsio momentu horiek» saihestu zitezkeela baieztatu zuen. Ipar Euskal Herrian egun bizi den egoeraren irakurketa kritikoa eginda amaitzen da idatzia, «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da! Euskal Herria ez da salgai!» aldarrikapenarekin.

EH Baik atxiloketak gaitzetsi ditu

EH Baik, prentsari igorritako ohar batean, «jakobinoa eta nazionalista den estatu frantsesak» errepresioaren bidea segitzea salatu du. Gaineratu duenez, Ipar Euskal Herriko gazteriari «beldurra eta neurrigabeko autoritarismoa» inposatu nahi izan diote atxiloketa hauekin. Atxilotuak berehala askatzeko galdegin du EH Baik, eta baita «Euskal Herriaren kontrako erasoak bertan behera geldi daitezen ere». Frantziar Estatuari deia luzatu dio gatazkaren konponbide integralaren aldeko urratsak egin ditzan.