«XXI menderako hizkuntza politika eztabaidatu eta ahal bada ondorio nagusi batzuk ateratzeko gogoeta gunea» da Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategitik eratzera doan Txillardegi Gogoeta Gunea. Ohar baten bidez azaldu dutenez, «ikuspegi sistemiko eta egiturazko batetik abiatutako gizarte prospekzioa eta hortik abiatuta aurrera begirako hizkuntz politika ikuspegiak» landu nahi ditu proiektu berri honek.
Zentzu horretan, euskararen normalizazioari buruzko etorkizuneko erronken inguruko gogoeta eta proposamenak landu edo horretan euskal erakundeek duten papera aztertzea ere izango du jomuga, Euskal Herri osoko ikuspegiarekin.
«Mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadan ematen ari dira aldaketak: robotizazioa, inteligentzia artifiziala, gauzen interneta, teknologia aurrerapenak, informazio joan-etorriak... Horren guztiaren ondorioz, gizarte eraldaketa sakona gauzatzen ari da. Horrekin batera, migrazio mugimenduak eta baita mugikortasunak ere; hala nola gizarte batzuen zahartzeak biziki ari dira aldatzen ingurunea urte gutxitan, Europan batik bat», nabarmendu dute.
Belaunaldi berrien «zalantzez eta galderez betetako etorkizuna» ere oinarri izan dute eta, hizkuntzaren auziari lotuta, «neoliberalismoaren gailentzeak liberalismo linguistikoaren diskurtsoa eta praktika indartu» egin dituela azpimarratu dute.
Euskal Herriaren kasuan, «euskararen egungo normalizazio ereduak goia jo» egin duela iritzi dute, besteak beste, hezkuntza arloan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio-prozesuetan, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan. «Horren atzean, Txillardegik argi erakutsi zigun bezala, ez dago hizkuntzaren molde edo barne egitura arrazoirik, ezta hiztun herriaren utzikeriarik ere. Hizkuntza ordezkapen horren atzean dauden botere harremanei begiratu behar zaie fenomeno hori ulertzeko» .
Eta hizkuntza politikek erralitate berri horri erantzuteko «ez dutela gaitasunik» iritzita, euskararen normalizazio erdiesteko «botere politikoa nola eta zertarako» baliatu behar den eztabaidatzeko beharra ikusi dute. Eta horretarako datozen hamarkadetan «zer gizarte-eraldaketa izango diren ongi ulertzea, zein diren joera orokorrak, zein izan daitezkeen ezustekoak aurreikustea ezinbestekoa» dela nabarmendu dute.
Gogoeta hauek mintegi itxi zein jardunaldi publikoen bidez egingo dituzte, gogoeta horiek zabaltzeko aukerak eman eta hizkuntza politiken inguruko formazioa sustatuko dute.
Bide horretan, lehen mintegia urtea amaitu aurretik egingo dute. Mintegiaren helburua «prospektibaz baliatuz hemendik 15 urtera aurki ditzakegun agertoki posibleak irudikatzea da». Horrek euskararen egoeran zer eragin izango duen aztertuko dute, eta, euskararen berreskurapen prozesuan zer hizkuntza politika eta honekin erlazionatutako zer beste politika eraman beharko liratekeen eztabaidatu.