Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Gaizka Garitano eta Iñigo Velez ados daude: biek espero dute partida zaila

Lezamak Amorebietaren eta Eibarren arteko derbia hartuko du larunbatean. Urdinak «sentsazio onekin» daude eta armaginak, «intentsitate handiz» jokatu beharko dutela jakitun dira. 

Udan Urritxen jokatu ondoren, Lezaman lehiatuko dute etzi Amorebietak eta Eibarrek. (Monika Del Valle/Foku)
Udan Urritxen jokatu ondoren, Lezaman lehiatuko dute etzi Amorebietak eta Eibarrek. (Monika Del Valle/Foku)

Iñigo Velezek eta Gaizka Garitanok Lezamak larunbatean hartuko duen derbiaren atariko prentsaurrekoak eskaini dituzte ostegun eguerdi honetan. Talde desberdinak dira Amorebieta eta Eibar eta oso egoera desberdinean ekingo diote neurketari baina bi entrenatzaileak ados daude, gutxienez aurreikuspen batean: «Partida zaila» izango dela bientzat.

Bost puntu dituzte urdinek eta Leganesen kontra galdu ondoren, berriro ere jaitsiera postuera itzuli dira. Iñigo Velezek «puntu gehiago edukitzea gustatuko» litzaiokeela onartu du «baina taldeak ondo lehiatzen du, sentsazioak onak dira eta, gainera, jokalariak gero eta hobe ari dira lanean. Eta asmoa hori da, astetik astera hobetzea». Teknikari arabarrak etzi eboluzio horren hurrengo urratsa ikustea espero du, batez ere «lan aste oso ona izan» dela ikusita. «Etxera bueltatzen gara jokatzera eta irabazteko gogoekin gaude; taldeak oso ondo entrenatu du, irrikitan gaude larunbata heltzeko», gaineratu du. Are gehiago «denboraldiko lehen derbia izanik. Eta gainera Eibarren kontra, are bereziagoa da niretzat».

Guzti horrek, zoritxarrez, ez dio zailtasunik kenduko erronkari. «Partida zaila izango da –onartu du Velezek–. Denak dira zailak baina gainera Eibar oso une onean helduko da. Eta igotzeko egindako taldea da, ikusi besterik ez dago zer nolako fitxaketak egin dituen eta ze jokalari dituen, ez bakarrik jokatzen dutenak, aulkian daudenak ere». Baina «guk partida guztiak borrokatzen ditugu azkena izango balitz bezela eta horrela egingo dugu oraingoan ere. Asmoa da lehiatzea, aurkariari partida konplikatua proposatzea eta hiru puntuak eskuratzen saiatzea», amaitu du.

Badaki Gaizka Garitanok Amorebietak bere esku duen guztia erabiliko duela garaipena ospatu ahal izateko eta horregatik abisua eman die sailkapena, aurrekontuak edo aurkari bien boladak ikusita aurreikuspen baikorrak egiteko tentazioa dutenei: «Errespetu handi-handiarekin joan behar gara, errespetu osoa. Partida guztietan izan dira oso lehiakorrak eta gauza ondo egin dituzte. Bigarren Mailakoak izatea irabazi dute eta Bigarren Mailako talde bat da, besteok bezela». «Partida zaila izango dugu –errepikatu du–. Amorebietak jokumolde nahiko jakina du, beti berdina egiten du eta zaila da horretara moldatzea. Ez bagaude ondo jarrita, ez badaukagu intentsitaterik, ez badaukagu irabazteko goserik, badakigu aurredenboraldian bezala galdu egingo dugula».

Gainera, nahiz eta azken boladarekin pozik egon eta taldeari bertute asko somatu, Garitanok argi dauka Eibarrek oraindik baduela zer hobeto. Batez ere arlo defentsiboan. «Joko aldetik ondo gaude, taldeak ondo jokatzen du, ondo mugitzen du baloia… Defentsiboki, partidako sekuentzia luzeetan taldea ondo aritzen da baina ez 90 minututan zehar. Akatsak ditugu eta zuzendu behar dira. Erregulartasuna izan behar dugu 90 minututan zehar ondo defendatzeko, orain ondo defendatzen dugulako une askotan baina ez une guztietan», amaitu du.