Artium Museoak Jose Felix Gonzalez Placer artistari buruzko ‘Etxegarai’ko Goti’ erakusketa aurkeztu du ostiral honetan. Erakusketak gasteiztar honen ibilbidearen berri emango du, margolan, marrazki, obra grafiko eta, bereiziki, animazio-film laburren bidez. Euskal animazio-zinemaren aitzindarietako bat izan baitzen gasteiztarra.
Gonzalez Placerren familiak Artium Fundazioari dohaintzan emandako artelan ondare oparoaren parte dira erakusgai jarriko diren obrak. Erakusketarekin bat etorrita, gainera, argitalpen bat plazaratu du museoak, Jesus Alcaide kritikari eta komisario independentearen saiakera bat oinarri harturik.
Testu horretan azaltzen denez, nerabezaroan hirurogeiko hamarkadako kultur testuinguruan hezi ondoren, «non kultura bisualak sedukzio masiboko tresna gisa sortzen baitzituen irudiak, Gonzalez Placer irudi horien erabilera aldatuz joan zen, margolan eta marrazkietatik hasi eta ‘Etxegari’ko Goti’ ezizenez, batez ere 1987tik 1991ra, egin zituen animazioetarino».
Hiesaren eragina
Tamalez, goizean museoan bertan izandako agerraldian gogoratu dutenez, gazterik hil zen, hiesaren ondorioz.
Hala ere, ibilbide artistiko oparoa garatu zuen modu nahiko ezohikoan uztartuz artea-bizitza binomioa. Esperimentazio teknikoak, hizkuntzak eta irudikapenak zuzeneko eragina izan zuten artistaren garapen pertsonalean, bere identitate sexualaren aitortzari eta ospakizunari dagokionez, baita, gerora ere, hiesarekin bizitzeko estrategiak eta moduak konfiguratzeko garaian.
Beatriz Herraez Artium Museoaren zuzendariak azaldu duenez, Gonzalez Placerren lana bere garaiaren isla da, 80 eta 90. hamarkadetan izandako gertaeren isla, eta, nola ez, hiesaren agerpenak eragin handia izan du.
Bere arrebak gogora ekarri ditu artistaren bizitzaren azken uneak, une gogorrak, gaixotasunaren menpe. Zentzu honetan, Herraez eta erakusketaren komisarioa den Enrique Martinez Goikoetxeak datozen asteetan Gonzalez Placerren bizitzari buruzko jardunaldiak antolatuko direla iragarri du. Eta museoan gordetzen diren artxiboak ezagutzera emango dira.
Izaera publikoko ondarea
Nolanahi ere, Jose Felix Gonzalez Placerren familiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari orain egindako dohaintzari esker, izaera publikoko ondare kultural honen osagai izango da, aurrerantzean, artistaren artelan, zirriborro, dokumentu eta bestelako materialen sorta zabal bat, zeinak kontserbatu, katalogatu eta ikertuko baititu museoak eta zeinak ahalbidetuko baitute egilearen lan-prozesuen, ibilbidearen eta interesen ezagutza xehea, baita bere ekoizpena garatu zuen garaiarena ere.
Hain zuzen ere, Artium Museoan dagoeneko gordailututako hogeita hamar obra inguruko multzoari gehituko zaio, orain, 150 piezatik gorako beste multzo bat, margolan, grabatu, marrazki eta filmek osatua. Horien artean, badira, halaber, hainbat garaitako zirriborroak; idatziak; storyboardak eta animazio-proiektuei buruzko oharrak; material zinematografikoa; ohar-koadernoak eta askotariko dokumentazioa biltzen duten karpetak, batzuk artista Leioako Arte Ederren Fakultatean irakasle izan zen garaikoak, haren azken urteetakoak, beraz.
Aipatu beharra dago orain dohaintzan emandako obra horietako batzuk museoaren biltegietan daudela 2006. urteaz geroztik, urte hartan haren marrazki, pintura eta bideo multzo adierazgarri bati buruz sinatutako gordailutze-akordio bati esker. Eta pieza horietako batzuk hainbat erakusketatan erakusgai jarri izan dira jada, besteak beste ‘Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian’ lelopean egindako erakusketan.