NAIZ

Otaegi eta ‘Txiki’ gogoan, faxismoaren aurkako aldarriak Nuarben eta Zarautzen

Francoren aginduz fusilatu zituztenetik 46 urte pasata, Nuarben eta Zarautzen Angel Otaegi eta Jon Paredes ‘Txiki’ oroitu dituzte ehunka lagunek.

‘Txiki’ren hilobiaren aurrean, astelehen honetan Zarautzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)
‘Txiki’ren hilobiaren aurrean, astelehen honetan Zarautzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

FRAPeko hiru kiderekin batera, 1975. urteko irailaren 27an fusilatu zituzten Anjel Otaegi eta Jon Paredes Manot ‘Txiki’ ETAko kideak. Aurten ere ez da haien oroimenez eta omeneko ekitaldirik falta; Nuarben eta Zarautzen oso presente izan dituzte.

Nuarben mendi martxa eta ekitaldia egin dituzte igande honetan. Bertan, Otaegirekin batera, 1984. urteko Pasaiako sarraskian Polizia espainolak hil zituen Dionisio Aizpuru ‘Kurro’ eta Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’ herkideak ekarri dituzte gogora. Gaur arratsaldean kanposantuan oroimenezko ekitaldi xumea ere egingo da.

Gaur eguerdian, berriz, irailaren 27. honetan urtero gertatzen den bezala, Zarauzko hilerrian Jon Paredes Manot zena gogoratu du Ahaztuak-ek.

Otaegi eta ‘Txiki’, biak aipagai izan du Sortu Kontseilu Nazionaleko kide Haimar Altunak, Zarauzko kanposantuaren atarian: «Egun seinalatu honetan, Txiki eta Otaegi oroitzen ari gara, nola ez, baina era berean 1936tik gaur arte Euskal Herrian bakea eta askatasuna lortzeko ahaleginetan bizitza galdu duten herrikideak oroitu nahi ditugu. Nondik gatozen oroitzea behar-beharrezkoa zaigulako»

«Eskubide guztiak, biktima guztiak, memoria guztiak. Bizikidetzan aurrera egiteko ezinbesteko printzipioa da. Soilik errelato inklusibo batetik eraiki ahal izango dugu elkarbizitza demokratikoa Euskal Herrian», adierazi du Altunak. Eta hau erantsi du: «Garrantzitsua da erantzukizunez jokatzea, faxismoari eta faxismoa ezartzen den agendari bizkar emanez, horreko ondorio latzak dakartzalako. Eta horri buruz zerbait dakigu hemen gaudenok».

Eguerdian, Ernaik elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko Campus Unibertsitarioetan (Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea) ‘Bizirik dirau. Borrokak egiten gaitu aske’ lelopean. «Atzera begiratuko dugu etorkizunaren nostalgiaz. Eskuetatik ihes egingo ez digun amets hura irabazteko. Herri aske bat», aldarrikatu du gazte antolakundeak.

Larunbatean Oiartzunen eta igandean Baionan ekitaldiak egin ondoren, gaur arratsaldean herriz herri 30 elkarretaratze baino gehiago deitu ditu Sortuk Gudari Eguna oroitzeko ‘Euskal Herria bihotzean. Independentzia’ lelopean.

«Euskal Herri askea, justua, sozialista, euskalduna, feminista, antifaxista, antirrazista eta ameslaria daramagu gure bihotzean. Horren alde borrokatu zuten, horren alde borrokatzen dugu eta horren alde borrokatuko dugu beti», adierazi du Sortuk.