NAIZ

Ondarroako 40 urteko arrantzale bat zendu da, lan istripuz

40 urteko arrantzale bat hil da bart Ondarroako Kaxarra arrantza-ontzian. Laneko istripua gaueko kostatik sei miliara gertatu da eta LABen arabera, kasu hauetarako ezarrita dagoen protokoloak «porrot egin du». 48 dira dagoeneko 2021 honetan Euskal Herrian beharrean hil diren pertsonak.

Ondarroako portua. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ondarroako portua. (Gorka RUBIO/FOKU)

Arrantzale bat zendu da Kaxarra arrantza-ontzian astearte gauerdian gertatutako lan istripun. LAB sindikatuak berri eman duenez, hildakoa 40 urteko arrantzalea da, jatorriz senegaldarra baina Ondarroan bizi zena.

Istripua astearte gaueko 23.45ean gertatu zen, kostatik sei bat miliara. Chemaipa enpresaren ontzia gaur goizean porturatu da, 10.00ak aldera. Ondoren auzitegiko medikua eta ehorztetxeko langileak bertaratu dira.

Lehen informazioen arabera, hildakoak kolpe handia hartu zuen bularrean polea batekin. Guardia Zibila eta Lan Ikuskaritza kasua ikertzen ari dira, Ertzaintzaren laguntzarekin.

Protokoloaren «porrota»

LABek salatu duenez, ezbehar honetan istripuen inguruko protokoloak huts egin du. Izan ere, «istripu larria gertatu ostean helikoptero bidezko ebakuazioa erabakitzen duen medikuak ez zuen arriskurik ikusi, eta zauritutako langilea hil egin da istripua jasan eta ordu batzuetara».

Sindikatuaren arabera, «langileen segurtasunaren aurretik irizpide ekonomikoak» gailendu dira kasu honetan. «Emergentziazko protokoloa aldatu egin behar da akats larri honen ostean. Ebakuazio erabakia hartzen den gunea eta bere irizpideak guztiz egokitu behar dira», nabarmendu du. 

Datozen egunetan egoeraren azterketa «zorrotza» egingo duela ere iragarri du eta armadore elkarteei, baxurako kofradiei, EAEko Arrantza Sailari eta espainiar zein frantziar gobernuei zera exijitu die: «arrantza arduratsu eta iraunkorraren alde egin dezatela; arrantzaleen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketarako eta gure flota bideragarria izateko apustua egin dezatela eta euren probetxurako arrantzale-langileon eskubideekin eta biziarekin ez jolasteko».

Aurten 48 hildako lan istripuetan

Aurten, dagoeneko, 48 behargin zendu dira Euskal Herrian lan ezbeharretan. 19 Bizkaian, 15 Nafarroan, 9 Gipuzkoan eta 5 Araban. Lapurdi. Nafarroa Beherea eta Zuberoan ez beharginik zendu, LAB sindikatuak biltzen dituen arabera.