Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Agenda sozialak itzal handia izanen du Euskal Elkargoko kontseiluaren bilkuran

Euskal Elkargoko kontseilua larunbat honetan bilduko da Baionako Lauga kiroldegian. Etxebizitza, osasungintza, ur hornidura edo lurralde antolaketari buruzko hainbat egitasmo eztabaidagai izanen dituzte hautetsiek. Bileraren karietara hainbat eragilek protesta ekimenak deitu dituzte.

Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseilua urriaren 2an bilduko da Lauga kiroldegian. (Bob EDME)
Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseilua urriaren 2an bilduko da Lauga kiroldegian. (Bob EDME)

Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseilua larunbat honetan, urriak 2, elkartuko da Baionako Lauga kiroldegian. Goizeko 9.00etan abiatuko den biltzarrean agenda sozialak protagonismo nabarmena izanen du.

Sindikatuek heldu den asteartean, urriaren 5ean, markatuko dute «sartze soziala». Lan baldintzen okertzea, erosteko ahalmenaren apaltzea eta, bistan da, Emmanuel Macronen Gobernuak aitzineraturiko hainbat murrizketa plan eta erreforma jomugan jarriko dituzte egun horretan sindikatuek Baionako tren geltokitik abiatuko den martxaren bidez.

Pandemia osteko lehenengo mobilizazio horren aurretik Euskal Elkargoko bileraren atarian gizarte eragilek hainbat elkarretaratze eginen dituzte larunbat honetan: osasungintzako langileen egoera salatzeko edota etxebizitza zein laborantza lurren gainean dagoen espekulazioa auzitan emateko.

Euskal Elkargoko kontseiluak 2021-2026 arteko Tokiko Etxebizitza Plana (TEP) bozkatuko du. Iragan apirilaren 10ean eginiko bilkura erakundeak bere behin behineko onespena eman zion egitasmoari.

Bozketa horrek utzi zuen emaitza aintzat harturik sorpresa handia litzateke Jean-Rene Etchegaray buru duen exekutibak arazoak ukaitea bihar behin betiko bozketa aurrera eramateko.

Oroitzearren, lehenengo irakurketa horretan 159 aldeko boz, 5 kontra eta 42 abstenzio zenbatu ziren. 7 hautetsik ez zuten, finean, bozketan parte hartu.

Euskal Elkargoko exekutiban lurralde antolaketari buruzko ardura duen François Irigoyenek planaren irismena nabarmendu zuen bozketa horren karietara.

Urtean 2.686 eraikuntza berri aurreikusten ditu planak. Horietatik 1.200 etxebizitza sozialak lirateke.

Euskal Elkargoak 17,5 milio inbertituko ditu urtero kosta eta barnealdeko desoreka apaltzeko helburua duen plana garatzeko. Lurraldean ematen den desorekari aurre egiteko xede kostako eremuan %19 bizitoki gutxiago eraikiko dira ondoko sei urtetan eta Ipar Euskal Herriko barnealdean, berriz, %70 emendatuko da etxebizitzen eskaintza, beti ere planaren aurreikuspenen arabera.

Lehenengo bozketaren atarian egin zuen bezala Euskal Herria Baik etxebizitza plana ez dela nahiko anbiziosoa salatu du aste honetan.

Are, urriaren 2 honetako bilerari begira plazaraturiko prentsa-oharrean azaldu zuenez «dagoen bezala ezin da dokumentu horren alde bozkatu». Ezkerreko mugimendu abertzalearen ustez, hautetsiek «bederen» abstenitu edo «delibero horren aurka bozkatu» beharko lukete larunbateko kontseiluan.

Bestalde, joan zen ostegunean Ipar Euskal Herriko ehun pertsona esanguratsuek deia egin zuten heldu den azaroaren 20an etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko Baionan antolaturiko manifestazioara joateko.

Hainbeste harrabots ez badu eragin ere bost urteko iraupena duen Tokiko Osasun Kontratua bozkatuko dute hiru lurraldetako hautetsiek biharko bilkuran. BIlera baino lehen CFDT sindikatuko gizarte-mediku eremuko langileek mobilizazioa eginen dute Laugan goizeko 8.30an.

Laborarien protesta zaratatsua

Ekainaren 23az geroztik Arbonan lur saila okupatu duten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak protesta zaratatsua deitu dute Lauga gelaren inguruan goizeko 11.00etan.

Irail hastapenean behin behineko garaipena lortu zuten laborariek 15 hektareako lur eremu horren salmenta espekulatikoa ezertan gelditu zenean.

Izan ere Safer edo EPLF egituren bitartez Ahetzeko bidean dagoen lursaila erosteko prozedura konplexuari aurre egin beharko diote laborariek.

Euskal Elkargoak zeresan handia badu egitasmoa aurrera ahal izateko orduan. Zehazki erakundeko laborantza batzordeak urriaren 13an bilera eginen du eta bertan zehaztu beharko du «zer formatoan eta noiz eginen den Iparraldeko lurren biltzarra», Lurzaindiak eta ELBk jakitera eman duenez.

Anartean beraien aldarrikapenak entzunaraziko dituzte bihar, 11.00etan, Lauga kiroldgiaren aurrean okupazioaren 100. eguna markatzeko. Beste hainbat animazio antolatu dituzte asteburuan zehar Arbonako lursail okupatuan.