NAIZ

Ondarroako Udalak bi dolu egun ezarri ditu arrantzale senegaldarren heriotzagatik

Ondarroako Udalak adierazpen instituzionala onartu du bertako portuko ontzi batean hil zen arrantzalearen lan istripua salatzeko. Herrian bizi zen, jatorri senegaldarra zuen eta 40 urterekin bizia galdu zuen Frantziako kostaldean, Chemaipa enpresako ‘Kaxarra’ ontzian lanean ari zela.

Euskal gehiengo sindikalak protesta egin du Ondarroan, hildako arrantzalearen omenez eta lan istripua salatuz. (LAB)
Euskal gehiengo sindikalak protesta egin du Ondarroan, hildako arrantzalearen omenez eta lan istripua salatuz. (LAB)

Arrantzale bat hil da aste honetan frantziako Estatuko uretan. 40 urte zituen, Ondarroakoa zen eta Senegaletik etorria zen. Euskal gehiengo sindikalak elkarreraratzea egin du ostiral honetan Bizkaiko enpresan, langileak lan egiten zuen Chemaipa enpresaren aurrean. «Berriro ere agerian geratu da armadoreen interes ekonomikoen gainetik babestu beharra dagoela langileen bizia», salatu dute.

Ondarroako Udalak, bestalde, bi dolu egun ezarri ditu arrantzalearen omenez eta lan istripuaren gaitzespen modura. Banderak masta erdian ipiniko ditu.

Esan duenez, Pedro Lasarte aniztasun zinegotzia komunitate senegaldarrak Ondarroan dituen ordezkariekin harremanetan dago etengabe albistearen berri izan zuten momentutik, beharrezkoa den guztian laguntzeko.

Adierazpenean, Udalak elkartasuna azaldu die hildakoaren senide eta lagunei eta eskua luzatu die beharrezkoak diren izapide guztietarako.

«Gehienetan, guk nahi ez ditugun lan gogorrak hartzen dituzte bere gain bizi berri baten bila beraien herriak utzi eta gure artera etortzen diren langile eta komunitateek, kasu honetan arrantza gisako sektore gogor baten», agertu du.

«Segurtasunak izan behar du lehentasuna»

Nabarmendu du istripuak eragotzi beharra dagoela, «kosta ahala kosta, eta guztiaren gainetik, lan mota guztietan segurtasunak izan behar baitu lehentasuna».

«Pertsonak, eta hein batean langileak dira gure herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoaren muina. Horregatik da ezinbestekoa lan osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, baita lan arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere», erantsi du.

Lan istripuak sistema sozioekonomikoaren «egiturazko arazo» bilakatu direla salatu du, eta lan arriskuen aurkako defentsarik onena prebentzioa eta prestakuntza direla ziurtatu, «horien bidez lortzen baitute langileek ongizatea, ezagutza eta segurtasuna, eta horretarako ezinbestekoa da segurtasunean inbertitzea».

Horregatik guztiagatik, Ondarroako Udalak erakunde guztiei eskatu die lan arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, lan administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu ere.