Iñigo Cordoba zeresana ematen ari da Go Ahead Eagles taldean. Azken unean iritsi zen Herbereetara eta orain arte jokatu dituen bost partidetan hiru gol egin ditu. Datu harrigarria da 24 urteko bilbotarrak bi gol bakarrik egin baitzituen Athleticekin jokatutako 96 partidetan.
Go Aheada Eagles talde igo berria da Eredivisie txapelketara eta zortzi jardunaldiren ostean sailkapenaren erdialdean kokaturik dago zazpi punturekin. Ajax dago lehen postuan 19 punturekin eta atzetik ditu, Europa League-n Realaren multzoan dagoen PSV 18rekin, Utrecht 17rekin, Willen II taldea 16rekin eta Feyenoord 15 punturekin.
Dirudienez, Cordoba ondo egokitu da Herbereetako ligara eta ezker hegalekoa gozatzen ari da. Athleticek utzita dago eta denboraldi amaieran talde zuri-gorrira itzuliko litzateke beste urte baterako kontratua baitauka.
Bilbora bueltako ez dena Kenan Kodro da, kontratua eten eta Hungariako ligara jokatzera joan baitzen. Aurrelari donostiarrak hiru gol egin ditu Fehervar taldearekin.
Bestalde, Mirandesen ari diren Iñigo Vicentek eta Imanolek ez dute zorterik izan asteburu honetan. Ezker atzelariak ezin izan du jokatu lesionatu egin zelako Leganesen aurkako aurreko partiduan. Deriokoa aldiz, hasierako hamaikakoan zelairatu da Burgosen kontrako derbian. Hala ere, ezin izan du golak sartzen lagundu eta 1 eta 0 galdu dute.
Artola, Prados eta Gerenabarrena
Athleticeko lehen taldearen etorkizuneko jokalariak izan daitezkeenekin jarraituz, Bilbao Athleticek eta Basconiak bina berdindu dute azken jardunaldian. Imanol de la Sotak zuzentzen duen bigarren taldeak Tudelanoren zelaian lortu du puntua. Nafarrak sailkapenaren zuloan zeuden, partida guztiak galdu ostean, baina estu hartu dituzte zuri-gorriak.
Galtzen hasi da Bilbao Athletic. Hala ere, atsedenaldira irabazten joan dira Artolak eta Beñat Pradosek egindako golei esker. Bigarren zatian berdindu du Tudelanok eta zuri-gorriek asko sufritu behar izan dute puntua lortzeko, hamar jokalarirekin amaitu baitute Naveirak bigarren horia ikusi ondoren.
Julen Agirrezabala atezaina hasieratik aritu da eta baita ere lehen taldearekin jokatu izan duen Nico Serrano. Ewan Urain aurrelaria, Diarra eta Aitor Paredes erdiko atzelaria ere hamaikakoan egon dira Artola eta Pradosekin batera.
Basconiak ere ezin izan du irabazi eta berdindu egin du Tolosaren kontra Artunduagan (2-2). Gerenabarrena erdilari lekeitiarrak egin ditu bi golak eta Anaitasunaren aurka egin zuen moduan azken minutuetan lortu du berdinketa.
Tudelano bezala, gipuzkoarrak punturik gabe zeuden sailkapeneko azken postuan. Basconiak arnas pixkat hartu zuen joan den asteburuan irabazita, baina oraindik ere atzeko postuetatik gertu dago Patxi Salinasek zuzentzen duen taldea.