Yurik Athleticen jarraituko du 2024rarte, denboraldi amaieran bukatzen zitzaion kontratua bi urte gehiagorako luzatu ostean. Klub zuri-gorriak gaineratu duenez, ez du etete klausularik izango. Athleticek 25 bat miloi ordaindu zituen 2018an eta PSGtik iritsi zenean 100 miloitako klausula ezarri zion.
Ezker hegaleko atzelariak bere poztasuna agertu du berrikuntzarekin. Klubaren bitartez egindako adierazpenetan, eskerrak eman nahi izan dizkie zaleei «oso maitatua» sentitu delako hasieratik.
Otsailean 32 urte egingo ditu eta kontratua amaitzen zaionerako 34 izango ditu zarauztarrak. Athleticen kirol zuzendaritza aspalditik zebilen ezker hegaleko atzelaria lotu nahian. Udan zehar zabaldu zenez, akordioa itxita zegoen.
Izan ere, sasoian egon denean maila bikaina erakutsi du eta taldearentzat jokalari garrantzitsuenetako bat izan da. Ordezkazina dela esan daiteke.
Lesioak izan dituenean Mikel Balenziagak bete du bere hutsunea. Zumarragakoa oso ondo moldatzen da defentsa lanetan, baina erasoan ez da Yuriren mailara iristen. Ildo horretan, adierazgarria da hiru denboralditan 9 gol egin izana.
Ikasturte berri honetan ez du oraindik jokatzerik izan. Joan den apiriletik lesionaturik egon baita eta udan ebakuntza egin zioten pubis aldean zituen minak konpontzeko. Marcelinok bere haserrea agertu zuen zerbitzu medikuekin ebakuntza aurreratu ez izanagatik.
2020-21 denboraldian arazo ezberdinak izan zituen eta ezin izan zuen bere mailarik onena eman. Koronabirusa dela eta, hainbat partidetan zorabiatu egin zen eta aldaketa eskatu behar izan zuen.
Yuri bi urte gehiagorako lotuta, Balenziagarekin zer egin erabaki beharko du Athleticek. Ziur asko denboraldi amaieran aztertuko dute bere kasua. Maila ona ematen ari den arren otsailean 34 urte izango ditu. Aldi berean, Mirandesen utzita jokatzen ari den Imanol Garcia de Albenizi 2025erarte luzatu zioten joan den denboraldian kontratua. Gallartako ezker hegalekoak 21 urte ditu oraindik eta Mirandesen ondo moldatzen ari da Bigarren Mailara.
Capa, Dani Garcia eta beteranoak
Athleticen kirol zuzendaritzak aspalditik lotuta dauka taldearen bizkar hezurra. Unai Simonek, Yerayk, Nuñezek, Muniainek eta Iñaki Williamsek kontratu luzeak dauzkate, harrobiko zenbait jokalarik bezala.
Denboraldi amaieran kontratua bukatzen duten beste bi jokalari Capa eta Dani Garcia dira. Bizkaitarraren kasuan egoera arraroa sumatzen da. Jokalariak azaldu duenez, Athleticek kontratua luzatu nahi izan zion denboraldi baterako eta berak bi urte eskatu zituen. Capa lesionatu egin zen joan den denboraldi amaieran eta geroztik ez du jokatu. Lekuek bere aukera baliatu du eta, Petxarromanekin gertatu den moduan, ez du minuturik izan.
Gipuzkoarraren fitxaketak ere erakusten du Athleticen ez dutela argi zer egin Caparekin.
Bestalde, Dani Garcia ohikoa da Marcelinoren hamaikakoetan. Erdilari gipuzkoarra eta Vencedor dira entrenatzaileak gehienetan aukeratzen dituen euskarriak. Zumarragakoak 32 urte egingo ditu maiatzean eta ikusi beharko da zein erabaki hartzen duen klubaren kirol zuzendaritzak.
Balenziagarekin gertatzen den moduan, De Marcosek ere kontratua amaitzen du ekainean. Arabarrak jokatzeko aukera izan du, baina arazo fisikoekin ibili da. Iaz berritzeko zalantzak izan zituela onartu zuen.
Raul Garciak ere urtebeterako berritu zuen kontratua, baina baldintza batzuk bete ezkero beste bat gehiagorako luzatuko litzateke. 36 urte izango ditu denboraldia amaitzean.
Bestalde, 2023an kontratua amaitzen zaien jokalarien artean Iñigo Martinez, Villalibre, Morcillo, Ezkieta eta Vivian daude. Baita ere Mirandesen utzita jokatzen ari den Iñigo Vicente edo Herbereetan dagoen Iñigo Cordoba. 2024rarte dute, aldiz; Oihan Sancet, Nico Williams edo Nico Serrano bezalako jokalariek.