NAIZ

Iruñerriko lehen Mintzodromoa izango da Geltokin urriaren 28an

AEK, IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoak Iruñerriko lehen Mintzodromoa antolatuko dute urriaren 28an Iruñeko Autobus Geltoki zaharrean.

Iruñerriko Mintzodromoa aurkezteko Geltokin izan den agerraldia. (IRUÑEKO MINTZODROMOA)
Iruñerriko Mintzodromoa aurkezteko Geltokin izan den agerraldia. (IRUÑEKO MINTZODROMOA)

AEK, IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa elkartu dira Iruñerriko lehen Mintzodromoa abian jartzeko, urriaren 28an. «Bertan, euskaraz poliki, ongi eta oso ongi ari diren Iruñerriko euskaldunak elkartu nahi ditugu, elkarrekin harremana egin eta iritziak trukatzeko hainbat gairen inguruan», adierazi dute.

Agerraldi batean azaldu dutenez, Mintzodromoa «hainbat gairen inguruan gure iritziak trukatzeko gunea da. Horretarako antolatzaileok hiru gai proposatuko dizkizuegu eta horien inguruan aritzeko gidoitxoa ere bai».

Lau-bost laguneko taldeak egingo dituzte eta 10-15 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko dituzte eta beste talde batean arituko dira, beste gai baten inguruan, «beste 10-15 minutuz tar-tarrean, tar-tar goxoan».

«Hori egindakoan, berriz ere gaia eta mintzakideak aldatu eta gauza bera eginen dugu. Ekitaldiari hasiera emateko animatzaile baten sarreratxoa izanen dugu eta amaitzeko, elkartutako guztiok, denok batera, abesti ezagun bat kantatuko dugu», esan dute.

Ekitaldia Iruñeko autobus geltoki zaharreko nasetan egingo dute, urriaren 28an arratsaldeko 18.30ean. Izena emateko, esteka honen bitartez https://labur.eus/tartarreangoxo egin ahal izanen dute herritarrek, urriaren 13a eta 22a bitartean. «Eman lehenbailehen izena tokirik gabe gera ez zaitezten eta gustura arituko gara tar-tarrean goxo–goxo», animatu dute.