NAIZ
Berlin

100 urte dituen kartzelari nazia epaituko dute gaur Alemanian

Konzentrazio eremu batean kartzelazain zen eta egun 100 urte dituen arren epailearen aurrera eraman dute gaur. Alemanian nazien krimenengatik epaitu duten akusaturik zaharrena da.

Josef S., bere abokatuaren ondoan gaurko epaiketaren hasieran. (Tobias SCHWARZ | AFP)
Josef S., bere abokatuaren ondoan gaurko epaiketaren hasieran. (Tobias SCHWARZ | AFP)

Josef S., ‘Totenkopf’ (Burezurra) dibisioaren brigadierra zen Waffen-SS beldurgarrian eta Sachsenhauseneko konzentrazio eremuan «lan» egin zuen, Berlinetik gertu, 1942 eta 1945 urteen bitartean. 3.518 presoren erailketetan «konplizitatea» izatea egotzi diote.

21 urte baino ez zituen orduan eta gerra-preso sobietarrak fusilatzea eta Zyklon B motako gasarekin erailketetan lagundu izana leporatzen diote.

1936an eremua zabaldu zenetik, 1945eko apirilaren 22an Armada Gorriak askatu eta itxi zuen arte, Sachsenhauseneko kontzentrazio esparrutik 200.000 preso inguru igaro ziren, gehienak nazien aurkari politikoak, judutarrak eta homosexualak.

Haietako hamarnaka mila akituta hil ziren lan behartuen eta atxiloketa baldintza krudelen ondorioz.

Akusazioaren irakurketan Cyrill Klement fiskalak milaka hilketa sistematiko deskribatu ditu 1941etik 1945era: fusilamendu masiboak, gas-ganberetako esterminioak eta presoen heriotza ahultzearen eta gaixotasunaren ondorioz. Akusatuak ez du akusazioei buruzko iruzkinik egin nahi izan.

Bizirik jarraitzen duten eremuetako guardia ohien kopurua gero eta txikiagoa da. Gertakariak duela ia 80 urte izan zirenez bizirik jarraitzen duten eremuetako guardia ohien kopurua gero eta txikiagoa da. Izan ere, akusatuak 20 urte inguru zituen garai hartan. Hori dela eta, demandatzailekideek Alemaniako Justiziari leporatzen diote zenbait hamarkadetan nazioko krimenen ikerketa alde batera utzi izana.

Leon Schwarzbaumek, Holokaustotik bizirik atera eta lekuko presentziala denak, justizia egitea espero du. «Erail zituzten nire lagun eta ezagunen azken epaiketa da honakoa», esan du epaiketaren hasieran, akusatua kondenatuko duten itxaropenarekin.

Schwarzbaum Hanburgon jaio zen, 1921ean, eta Auschwitz, Buchenwald eta Sachsenhausen kontzentrazio-eremuetan izan zen. Hamarkada asko daramatza bere esperientziak kontatzen.

Epaiketak 22 jardunaldi iraungo ditu, 2022ko urtarrilera arte banatuta. Akusatua prozesu judizialari eusteko moduan dagoela ondorioztatu den arren, eguneko saioen iraupena mugatzea erabaki da.


96 urteko idazkaria

Joan den astean, epailearen aurrera eraman behar zuten Irmgard Furchner, 96 urtekoa, bere garaian nazien konzentrazio eremu batean idazkaria izan zena. Auzitegira eraman behar zuten egun berean zahar-egoitzatik ihes egin zuen baina berehala atzeman zuten. Haren aurkako epaiketa urriaren 19ra atzeratu da.

Azken 10 urteotan, Alemaniak SSetako kide izandako lau pertsona epaitu eta zigortu ditu nazien krimenengatik. Berandu bada ere, biktimei begira justizia egin da.

Josef S.-ren kasuan, epaileak ez dio leporatzen hilketetan zuzenean parte hartzea eta gutxienez 3 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak. Zigorra sinbolikoa izango da, hala ere, bere adina aintzat hartuta.

Medikuek prozesua pairatzeko gai dela ondorioztatu dute, eta 22 sesio egingo dira urtarrilera arte, egunero bi ordu gehienez iraun beharko dutelarik.

Ezer gutxi jakin da bere bizitzaren inguruan. 1947an aske utzi zuten sobietarrek eta sarrailagile gisa bizimodu apala izan zuen Brandebourgeko landean, Berlinetik gertu (RDA-n).

Gaur arte ixiltasuna mantendu du eta bere abokatuak ez du aurreratu bere burua erruduntzat joko duen ala ez.

Justizia eta memoria

79 urte dituen Antoine Grumbach frantsesak ez du itxaropen handirik baina gutxienez zigortua izatea espero du. Bere aita, De Gaullen erresistentzian gudaria, Sachsenhausenen erail zuten, 1944an.

«Prozesu hauek bereziki garrantzitsuak dira bizirik atera zirenentzat eta ondorengoentzat», azaldu du Stephanie Bohrak, Berlingo Izuaren Topografia museoaren arduraduna.

«Prozesu honen xedea memoria berreskuratzea da», bat dator Guillaume Mouralis, Berlingo Marc Bloch Zentroko arduraduna. «Alemania bateratua bere iragan naziari buruz azkeneraino joateko prest dagoela baieztatzen dute prozesu hauek, XXI. mende honetan judutarren aurkako genozidioaren gogoeta Alemaniaren nortasun nazionalaren ardatz bilakatu dela hain zuzen», gaineratu du ikertzaileak.

2020ko uztailean, auzitegi batek bi urteko zigorra ezarri zion Stutthof-eko konzentrazio eremuan kartzelari izan zen 93 urteko Bruno Deyri.

SSetako beste zortzi kideren kasuak ikertzen ari da Alemaniako Fiskaltza, nazional-sozialismoaren krimenak ikertzeko Bulego Zentralak jakitera eman duenez.