Udako Mastersean bere mailatik urrun ibili zen zen Joseba Ezkurdia baina horren gustukoa duen kaiolara sasoi bikainean, bai fisikoki eta baita jokoz ere, heldu dela erakutsi du arbizuarrak Unai Lasori 22-9 gailenduta. Sakea izan du arbizuarrak lehen argumentua –6 tanto lortu ditu lehen pilotakadarekin– baina jokoan ere abiadura handia emanda, errespetu latza sartu die gainontzeko arerioei, txapelaren bila doala iragarriz. Unai Lasok, aldiz, porrota eta tanteoaz harago, 20-9koan kolpe handi bat hartu du eskumuturrean, lo ere hartu dio eta beste bi partida ditu gaurko emaitzari buelta emateko.
Azken egunetan asko hitz egin da arbizuarrak izandako garapen fisikoaz, finduta eta bost kilo galduta ikusi dugulako, baina jokoz, eta batez ere, ideiak oso argi zituela aritu da sakandarra. Lehen partidak beti halako urduritasun bat sortzen badu ere, hasieratik partidaren kontrola berea izan da, pilota luze jota, Lasori botera asko jokatu araziz. Berea izan du tantoaren ekimena une oro, aurkaria ondo mugitu du alderik alde eta kontrol hori galtzear zenetan, pilota harrotuz, pausuren bat atzera ematera ere behartu du Bizkarreta-Gerendaingoa, kantxan oso deseroso sentiaraziz.
Ezin esan Unai Lasok partida txarra jokatu duenik, oldarkor arituz eta erasoan asmatuz, Ezkurdiaren lehen ihesaldi saiakerari eutsi ahal izan dio, baina 8-6koan Ezkurdiaren erauntsia heldu da, 9-0eko partzial batekin. Tarte honetan ikusgarriak izan dira bereziki arbizuarrak jotako boleakada pare bat (18-6) eta Unai Lasok nahikoa izan du gainera zetorkionaz babesten saiatzen.
Sakea berreskuratuta, saiatu da partida ekartzen, duela bi urte Ezkurdiak Bilbon egin zionaren antzeko zerbait bueltan ematen, baina Ezkurdia ez zegoen halakoetarako. Gainera, Ezkurdiaren jokoa gutxi ez eta, eskumuturrean jasotako kolpearekin markagailua txukuntzerik ere ez du izan.
Zubizarreta eta Zabala promoziokoan
Promozioko txapelketari dagokionez, Iurretan jokatutako partidan, Zubizarreta ataundarrak 15-22 irabazi dio Egiguren azpeitiarrari. Goierritarrak partida hasiera-hasieran erabaki du garaipena, 1-14 aurreratu baita eta hortik aurrera arazorik gabe kudeatu du alde hori, lehen puntua lortuz.
Altsasun, aldiz, Zabala errioxarrarentzat izan da lehen garaipena, Iker Salaberriari 22-21 gailenduta. Partida, ordea, batez ere lehen erdian, emaitzak iradoki dezakeena baino askoz gogorragoa izan da eta goizuetarrak asko igarri du fisikoki. Gainera, partida amaitzerakoan denok harritu gaitu, azkenaldian bere buruarekin batere gustura ez dabilela adierazita.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia: 22
Laso: 9
Pilotakadak: 215. Iraupena: 45,56 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 7-2, 7-3, 8-3, 8-6, 18-6, 18-9, 22-9. Sakeak: 6 Ezkurdiak eta 1 (falta 1) Lasok. Tantoak: 10 Ezkurdiak eta 7 Lasok. Hutsak: 1 Ezkurdiak eta 5 Lasok. Gorabeherak: Sarrera oso ona Altsasuko Burunda pilotalekuan. Jokin Etxaniz izan da Ezkurdiaren botileroa eta Egoitz Carrion Unai Lasorena.