«Haurrentzako euskal azoka behar zen, gauza oso politak daude» baieztatu du Lako 16 argitaletxeko Ane Zulaikak ostiral honetan Saran ospatu den Ikusi Mikusin. Euskarazko haur eta gazteentzako dagoen eskaintza ugaria agerian eman da bertan, eta ehunka haurrek baliatu dute horiek eskuratzeko, eta obretako batzuk agortuz. Gehiagoren bila joan denik ere bada. Eskolentzako eguna izan da hau, eta denei irekia izanen da biharamunean.
Azoka ibiltaria da Ikusi Mikusi, Sarako gune ezberdinetan zehar aukera anitzak eskaintzen dituena. Gune batean argitaletxeak daude, eta haurrak mahaitik mahaira bata eta bestearen artean zein aukeratu jakin gabe dabiltza, beraien artean hitz eginez, eta antolatzaileek eman dizkieten 15 euroko bonuak zertan erabiliko dituzten pentsatuz.
Ondoan dute ilustratzaile eta idazleekin proposatzen diren topaketetako batzuei harrera egiteko balio duen agertokia, baita haur txikientzako tailerrak proposatzen dituen karpa.
Ikusi Mikusi azokaren 1. edizioak ehunka haur bildu ditu euskarazko literaturaren inguruan. Antzezlan, aurkezpen, tailer eta liburuek bat egin dute Saran.
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) October 8, 2021
Jokin Mitxelenak eta Antton Kazabonek marrazkiak eta hitzak elkartu dituzte. @naiz_info @galtzagorri_lit pic.twitter.com/Da0VHxxsM8
Ilustratzaileak, idazleak, musikariak...
Urrunago, pilota plazaren bi ertzetan, beste hainbeste karpa daude. Handian, haurrek gai ezberdinak landuta eskolan egin dituzten margoen erakusketa bada, eta erdian, gune bat haur eta helduak irriarazten dituzten Jokin Mitxelena eta Antton Kazabon ilustratzaile eta idazlearekin topaketak proposatzen dituena.
Frontoiaren beste puntan, karpa txikienean, musikak lagunduta Pantxix Bidartek Homeroren ‘Odisea’ kontatzen eta kantatzen die, eta bertatik ateratzen diren txalo eta oihuak urrundik entzuten dira.
Hortik gora joanda, VVF salan, Zirkozaurre Konpainiak eskaintzen duen ‘Vademekum’-ek ikusleak aulkietatik altxarazi ditu agertoki gainean gertatzen ari dena hobeki ikusteko, eta akrobazia bakoitzeko txaloak entzuten dira gaztetxoen artean.
Amaia Hennebutte antolatzailea kontent eta lanpetuta ibili da, alde batetik bestera. Paxkal Indorekin batera irakurketa musikatua egin du idazleak, eta horretaz gain antolaketak ekartzen dituen beste ardurekin hartuta.
Galtzagorri elkarteko presidentea eta Kiribil konpainiako zuzendariak bi elkarteak eman ditu elkarlanean, eta Pamiela argitaletxearekin batera osatu dute Euskal Herri osoko jendea elkartzen ari den azoka. Eguna nola iragan den ikusita: «Bikain joan da dena, egun potoloa da 900 ikasle eta irakaslerekin».
Sarako Ikusi Mikusi azokan, liburuekin batera antzerkia, zirkoa eta musika, baina beti literaturari loturik. Pantxix Bidarten “Odisea”k musikaren laguntzarekin Homeroren obra kontatzen du. @naiz_info pic.twitter.com/9ooSSEKqiE
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) October 8, 2021
Liburu eskaintza zabala
Ipar Euskal Herri osotik eta Nafarroatik hurbildu dira haurrak. «Liburu bat eramaten dute, erraten diegularik beraientzat dela, harrituta eta pozik ageri dira, ‘betiko’ beraientzat ote den galdetzen dute batzuek. Erraten dute gazteek ez dituztela liburuak maite, baina ez da egia» baieztatu du Hennebuttek.
Haurrak ongi pasatzen ari direla konfirmatu du Baionako Iriondo ikastolako Peio Urbizu irakasleak, bere ikasleek Bilbotik heldu den Zirkozaurreren lana ikusi dute, eta poz-pozik agertu dira.
Boluntarioak ari dira antolaketa eta zaintza lana egiten, eta horien artean da ‘Vademekum’ eskaintzen ari den gela zaintzen duen Maddi Zubeldia idazlea, eta irakasle ohia, bide horretan bilbotarren lanaz gozatzeko parada badu: «Oso ederra da, oso poetikoa da».
Alde batetik bestera dabiltzan haurrei begiratuta, batzuek liburua eskutan dute jada, eta hori sentitzen da argitaletxeen mahaietan, liburu batzuk agortu egin baitira, Zortziko argitaletxeko arduraduna Angelun duten biltegira joan da gehiagoren bila.
Elkarreko Peio Etxeberri-Aintziartek beraientzat ere horrela izan dela ziurtatu du: «Ez genuen pentsatzen hainbeste salduko zirenik, eta ez ditugu behar ziren denak ekarri».
Lako 16ko Zulaikak ere horrela dela konfirmatu du, euskal mitologiako pertsonaiak protagonista hartuta egin duten Attoren bilduman Sugaarri eskainitakoa bukatu egin da. «Oso ondo ibiltzen ari da, oso pozik daude beraien bonuarekin».
Begiratzen eta erosten
Horrela ageri dira bai ikasleak, eta ez da beti erraza dena kudeatzen, batek liburua hartu eta begiratzen duen bitartean, ondoko mahaira joaten da, besteak liburu bat eskuratu nahi duela eta ondokoa zenbat balio duen galdetzen ari den bitartean.
«Esku asko etortzen dira bat-batean, baina plazera da haurrak begiratzea irakurtzen» baieztatu du Garazi Arrula Ruizek, Txalapartako editoreak.
Irakasleak ere ari dira erosten, batzuk eskoletarako, beste batzuk etxerako. Ikasturte honetan ireki duten Bardozeko ikastolako Ana Bidegainek bi liburu hartu dituztela erran du, oraingoz lau ikasle besterik ez direla jakinik, liburu bakoitza bi ikasleren artean partekatu beharko dutela azaldu du irribarrearekin.