Natalia Ginzburg: Gauza txikiak kontatzeko handitasuna erakutsi zuen idazlea
Duela hogei urte hil zen, herenegungo egunez, Natalia Ginzburg idazle italiarra, Natalia Levi sortzez.
Idazle txiki batek ez du handi batek bezala idazteko gaitasuna, baina bai hark bezala sentitzekoa. Halatsu zioen Natalia Ginzburg idazle italiarrak. Bat gentozkeen bere buruaz ari izan ez balitz. Hitz horiekin eta beste askorekin bere umiltasuna erakutsi zuen, inondik inora ez bere txikitasuna. Izan ere, esan genezake Natalia Ginzburgen obra gauza txikien handitasunaren erakusgarri bikaina dela.
Duela hogei urte hil zen, herenegungo egunez, Natalia Ginzburg idazle italiarra, Natalia Levi sortzez. Palermon jaio zen, 1916ko uztailaren 16an. Haren ama, Lidia Tanzi, abokatu sozialista baten alaba zen, eta aita, Giuseppe Levi, unibertsitateko anatomiako irakaslea. Ama katolikoa eta aita judua ziren, baina ez ziren praktikanteak eta, Nataliak idatzi zuenez, ateoak zirela esan ohi zuten. Berak heziketa laikoa jaso zuen. 1919an, aita Turinera bidali zuten, eta harekin joan zen familia guztia. Gurasoak eta osaba-izeba batzuk atxilotu eta epaitu egin zituzten beren ideia antifaxistak zirela-eta.
Oso gazte zela argitaratu zuen Nataliak bere lehen kontakizuna “Solaria” aldizkarian: “I bambini”, 1933an. Bost urte geroago, Leone Ginzburgekin ezkondu zen. Jatorri errusiarreko intelektual komunista zen senarra, errusiar literaturako irakaslea. Ezkontzerako, kartzelan bi urte emana zen bere ideologia zela-eta. Halaber, ordurako Enaudi argitaletxea sortu zuen Cesare Pavese eta Giulio Enaudirekin. Ginzburg senar-emazteek harreman handia izan zuten Paveserekin, Carlo Levirekin eta Turineko beste hainbat intelektual antifaxistarekin.
Faxismoaren jazarpena
1940an, Mussoliniren Gobernuak Abruzzo eskualdeko Pizzoli herrian konfinatu zuen Leone Ginzburg, eta familia guztia hara joan zen bizitzera. Hiru seme-alaba izan zituzten, bi Turinen jaioak eta hirugarrena Pizzolin. Han zirela argitaratu zuen Nataliak bere lehen eleberria, “La strada che va in città” (“Hirira doan bidea”), Alessandra Tornimparte izengotia erabilita, arraza-legediaren oztopoei iskin egitearren. Hiru urte geroago, 1945ean, bere benetako izenarekin berrargitaratu zuen, ordea.
Leone Ginzburg 1944an atxilotu eta hiltzeraino torturatu zuten Erromako kartzela batean. Urte berean, Natalia Ginzburg Erromara itzuli zen aske, eta Einaudi argitaletxean lan egiten hasi zen. Bertan argitaratu zituen bere eleberriak eta harreman estua izango zuen beti argitaletxe horrekin. 1945eko udazkenean, Nataliaren gurasoak eta seme-alabak Turinera itzuli ziren, okupazio alemanak iraun zuen hilabeteetan Toscanan babestuta egon ondoren, eta hara joan zen bera ere.
1947an bigarren nobela argitaratu zuen, “È stato cosí” (Eta horixe gertatu zen). Tristurarekin batera etsipena eta bortizkeria nagusi diren liburu horrekin Tempo saria irabazi zuen.
1950ean bigarrenez ezkondu zen Gabriele Baldini unibertsitateko irakasle eta ingeles literaturako adituarekin. Seme-alaba bi izan zituzten. Urte bi geroago, “Tutti i nostri ieri” (Gure atzo guztiak) argitaratu zuen, 1957an “Valentino” ipuin liburua eta “Sagitario” nobela, eta 1961ean “Le voci della sera” (“Arratseko ahotsak”) nobela laburra.
Ondoren, bere lanik adierazgarriena argitaratu zuen, 1963an: “Lessico famigliare” (“Familiako lexikoa”) liburu autobiografikoa, Strega sari garrantzitsua irabazi zuena. Arrakasta handia lortu zuen lan horrekin. “Lessico famigliare” arrakasta izan zuen bere lehen liburua izan zen, Ginzburgek “Non possiamo saperlo” (Ezin dugu jakin) saio bildumako “Autobiografia in terza persona” atalean dioenez. «Aurreko guztiek, arrakasta gutxi edo bat ere ez».
Politika, antzerkia, zinema
1969. urtea nolabait mugarri bat izan zen Ginzburgen bizitzan. Urte horretan hil zitzaion bigarren senarra eta, beste alde batetik, gertakari batek ezkerreko intelektual italiar askorengan, eta oro har Italian, eragin handia izan zuen, baita 53 urteko emakume harengan ere: Piazza Fontanako sarraskiak. Abenduaren 12an, Milango Banca Nazionale dell'Agricolturaren egoitzaren aurkako atentatu batek 17 lagun hil zituen eta 88 zauritu ziren haren ondorioz. Egun berean, beste hiru bonbak eztanda egin zuten Erroman eta Milanen. Gladio operazioaren baitan CIAk eta Italiako inteligentzia zerbitzuek errekrutatutako neofaxistek bandera faltsuko operazioak egiten zituzten, besteak beste, Piazza Fontanako atentatua. Gertakari hark eragin zuzena izan zuen Brigada Gorriak taldearen sorreran eta ondorengo «berunezko urteak» deitutako aldian. Harrezkero, Ginzburg politikan zuzenean parte hartzen hasi zen.
Ginzburgek, hala ere, ez zion idazteari utzi, eta familia-harremanek osatzen duten mundu txiki horrekiko gero eta interes handiagoa erakutsi zuen. Horren erakusgarri dira hurrengo urteetan argitaratu zituen liburuak: “Caro Michele” (1973), “Famiglia” (1977), “La città e la casa” (1984) eta “La famiglia Manzoni” (1983).
Kontakizunak eta eleberriak ez ezik, saiakerak eta antzerki lanak ere idatzi zituen. Hasierako antzezlanak enkarguz idatzi zituen, baina gogoko lana zuela konturatu eta jarraitu egin zuen antzerki lanak idazten. Aipatzeko modukoak dira, besteak beste, “Ti ho sposato per allegria” (1970) eta “Paese di mare” (1972) lanak.
Itzulpenak ere egin zituen. Nabarmentzekoak dira Marcel Prousten, Gustave Flauberten eta Guy de Maupassanten zenbait lanenak.
Ginzburgen zenbait obra pantaila handira eraman dituzte, eta berak zinemaz idatzi zuen aldizkari batean. Idaztearen atzetik, zinemak pizten zituela bere jakin-min eta interes handienak esan zuen artikulu batean. «Maiz pentsatzen dut zein den idaztearen eta film bat egitearen arteko desberdintasuna» Artikulu berean, film onak elefante zuriak bezain urriak direla zioen. Zinemarekiko harreman zuzenagoa ere izan zuen, 1963an, Pier Paolo Passoliniren “Il Vangelo secondo Matteo” (Mateoren araberako ebanjelioa) filmean Betaniako Mariaren papera jokatu zuenean.
1983an, Italiako Alderdi Komunistako diputatu hautatu zuten; edonola ere, bere pentsaera politiko eta etikoa jendaurrean ez ezik, bere saiakeretan ere agertu zuen; esate baterako, abortuaren defentsan idatzitakoa edo Paulo VI.a aita santuaren aurkako testu bat, Francok 1975ean ETAko militante biri eta FRAPeko hiruri ezarri zien heriotza zigorra galarazi ez izana aurpegiratuz.
Erroman hil zen Natalia Ginzburg 1991ko urriaren 7an, 75 urte zituela.
Idazle «txikia»
Lehen Mundu Gerra betean jaio zen Natalia Ginzburg, eta globalizazioaren hasieran hil. Ginzburgek familiako bizitza deskribatzeko zuen trebetasuna nabarmendu ohi da, harremanak, familiako emakumeen papera... Ukaezina da trebezia hori, baina askoz handiagoa da Ginzburgen jakituria. Bere inguru hurbilenetik hasita zabaltzen zituen bere kontakizunak, XX. mendearen kontakizun bilakatzeraino. Intimoa unibertsala izan daitekeela erakutsiz. Txikia, handi. Bere obraren ardatza giza harremanak ziren, gizon-emakumeen konplexutasuna. Hala ere, ez zuen idazkera konplexurik, itxuraz behinik behin, ez etxekoez hitz egitean, ez munduko gauza larrien berri ematean. Arrandiarik batere gabe eta bere izaerarekin bat, umiltasunez, pertsonaia guztiz gizatiarrak eta, beraz, konplexuak, eraikitzen zituen.
Pertsonaia konplexu horiek ez dira ilunak, ordea, oso argi sumatzen dira. Hain zuzen ere, Anton Txekhoven ezaugarri horixe miresten zuen Ginzburgek, berak ere bazuen ezaugarria, eta pertsonaiei begiratzeko gizatiartasuna, bere egin zuena. Idazle errusiarraren biografia bat idatzi zuen, eta harekiko atxikimendu handia agertu zuen.
Hala ere, Natalia Ginzburgek idazle txikia zela zioen, eta halaxe idatzi zuen “Le piccole virtù” saiakera liburuan: «Baina bada baztertxo bat nire ariman oso ondo eta beti zer naizen jakinarazten didana, idazle txiki bat, txiki-txikia. Badakit, zinez. Baina ez dit axola handirik». Eta aurreraxeago: «Nahiago dut sinistu inor ez dela inoiz ni bezalakoa izan, honen idazle txikia banaiz ere, idazle gisa arkakuso edo eltxo bat izan arren». Horixe idatzi zuen bere buruaz ondorengo idazle italiar askorengan eragin handia izan zuen obraren egileak.
Aurreko pasarteak “Bertute txikiak” liburuko “Nire lanbidea” saiokoak dira, bokazioaren gaineko testu batekoak. Hauxe dio haren hasieran: «Nire lanbidea idaztea da, ondo dakit aspalditik. Espero dut ez didatela gaizki interpretatuko: ez dakit ezer ere idazten dudanaren balioaz. Idaztea nire lanbidea dela dakit. (...) Nire lanbidea istorioak idaztea da, gauza asmatuak edo gogoan ditudan nire bizitzako gauzak, baina, nolanahi ere, istorioak, kulturarekin zerikusirik ez duten gauzak, oroimenarekin eta fantasiarekin bakarrik zerikusia dutenak. Hau nire lanbidea da eta hil arte egingo dut. (...) Aspaldi ulertu nuen nire lanbidea dela. Bost eta hamar urte artean zalantzak nituen, eta batzuetan margotu nezakeela imajinatzen nuen, batzuetan herrialdeak zaldiz konkistatuko nituela eta beste batzuetan makina berri garrantzitsuak asmatuko nituela». Eta ondo egiten zekien bere ofizioa, zalantzarik gabe bokazioa ere bazuen ofizioa.
Ginzburg euskaraz
Igela argitaletxeak Natalia Ginzburgen hiru lan argitaratu ditu. 2001ean, “Hirira doan bidea”, Ginzburgen lehen eleberria, Pello Lizarraldek euskaratua. Lizarraldek berak euskaratu zuen Igelak 2003an argitara eman zuen “Arratseko ahotsak”.
Urte berean, “Gure etxeko kontuak” goiburupean argitaratu zuen “Lessico famigliare” autobiografikoa. Itzulpena Fernando Reyk egin zuen eta aurten bertan berrargitaratu du itzultzaileak, berriz ere Igelaren eskutik, “Familiako lexikoa” goiburupean.
Jon Benitok “Hirira doan bidea” eleberriaren gainean idatzi zuen iruzkinean, Natalia Ginzburgen lanak beste hizkuntza batzuetan irakur zitezkeela zioen, eta Lizarraldek euskaratutako eleberriaz gainera, egile italiarraren beste liburu bat aipatu zuen: «‘Le piccole virtù’ izango da egilearen lanik interesgarrienetako bat». Bada, Benitok aspaldi gomendatu zuen lan horixe argitaratu du aurten Alberdania argitaletxeak: “Bertute txikiak”, Irene Hurtadok euskarara ekarria. Kontakizun autobiografikoaren eta saioaren arteko lana da. «Nolabait esan liteke Ginzburrek hurbilen duenari buruz idazten duela barruan daukanari buruz hitz egiteko eta azkenean idazle orok nahi lukeena lortzen duela, bere buruaz hitz eginez mundu guztiari buruz idaztea», esan zuen Irene Hurtadok itzulpenaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, idazle handiek lortzen dutena; Natalia Giznzburgen lorpena, kritikak onartu ez ezik, nabarmendu ere egiten duena.