Tyson Furyk pisu handietako txapelduna izaten jarraitzen du asteburu honetan Deontay Wilder estatubatuarra gainditu ostean. WBC erakundearen gerrikoa berea da eta Usyk ukraniarrak beste hiru txapel ditu -WBO, WBA eta IBF-.
Handietan handiena zein den erakusteko gogoa dute biek, baina oraindik itxaron beharko da. Usyk ukraniarrak Anthony Joshuaren kontrako errebantxa egingo du udaberrian eta badirudi Furyk, Jamaikan jaiotako Dilliam Whytekin neurtu behar dituela indarrak.
Wilderren aurkako borrokaldia azken urteetan egindako hirugarrena izan zen. Lehenengoa berdinketarekin amaitu zen eta bigarrenean Furyk irabazi zuen nagusitasun osoz. Azken borrokaldian, 20.000 lagun elkartu ziren Las Vegasen eta gozatzeko aukera izan zuten. Estatubatuarrak bi aldiz bota zuen lurrera Fury. Bigarrenetik altxatzea sinestezina izan zen. Wilder jotzaile aparta baita eta bete betean harrapatu zuen.
Manchester inguruan jaiotako mutil puxkak ez zuen amore eman. Bere 2,06 metroko altuerarekin eta 125 kilo baino gehiagorekin, aurrera egitea lortu zuen borrokaldia parekatu eta hamaikagarren «round»-ean garaipena eskuratzeko KO bortitz eta ikusgarri batekin.
Lehia bizia eta emozioz beterikoa izan zen. Furyk hiru aldiz bota zuen Wilder eta estatubatuarrak bitan. Ikuskizunari bukaera emateko garaileak taula gainetik kanta bat abestuz ospatu zuen. Galtzaileak berriz, haserre amaitu zuen.
Xelebrekeriak eta arazoak
Tyson Fury tipo berezia da. 1988ko abuztuaren 12an jaio zen Manchester inguruan, bere goitizenean aipatzen duen bezala, ijito familia batean. Jatorri irlandarra dauka eta harro aldarrikatzen ditu sustraiak. Boxeoaren munduan ohikoa izaten den bezala, bere «show»-a egitea maite duenetakoa da eta azken borrokaldira erromatarrez jantzita agertu zen. Aurkezpenera berriz, 90. hamarkadan «pressing catch» izeneko borroketan famatua izan zen lurperatzailearen txapelarekin joan zen.
Aldi berean, egin dizkioten elkarrizketetan hautsak harrotu izan ditu homosexualitatea, abortua edo emakumeen inguruan emandako iritzi atzerakoiengatik.
2015ean munduko txapeldun bilakatu zen Vladimir Klitschkori gailendu ostean. Baina hurrengo urtean irabazitako gerrikoak libre uztera behartua izan zen drogarekin eta alkoholarekin zituen arazoak ezagutu zirenean. Depresioak jota zegoela onartu zuen ere eta 2018rarte borrokaldirik egin gabe egon zen.
Ijito erregeak menperatuezina dirudi. Arazoak arazo, «ring» baten gainean ez du porrotik ezagutzen egin dituen 31 borroketan.