Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialak bilera egin du asteazken honetan Lakuan, adingabeak eta nerabeak babestearekin lotutako hainbat gai aztertzeko. Ildo horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek iragarri du sexu abusuen biktima diren adingabeei laguntza integrala emateko Barnahus izeneko proiektu pilotua jarriko dela abian.
Proiektua Islandian jaio zen, eta Save The Children erakundearen eskutik iritsi da EAEra. Haurrak eta Nerabeak Babesteko Euskal Lege berria eta bi kolektibo horiekiko indarkeriaren aurkako euskal estrategia ere landu ditu batzordeak. «Save the Children erakundea eta herri erakundeetako talde teknikoak urtebete lanean aritu ondoren, hilabete barru beste urrats bat emango dugu. Barnahus eredua euskal errealitatera egokitzeko txosten zehatza aurkeztuko dugu jardunaldi tekniko batean, azaroaren erdialdean», adierazi du Artolazabalek.
Era berean, azaldu du Barnahus sexu abusu delituen biktima diren adingabeei laguntzeko eredu berri bat dela, eta esku hartzen duten alderdi guztiak leku berean bildu nahi dituela, judizialak zein soziosanitarioak izan. Horrela, biktimek bizi izan dutenaren lekukotza zehatza eta osoa eman ahal izango dute, polizia etxe eta ospitaleetatik urrun.
Barnahus ereduaren lehen urratsa Haur eta Nerabeentzako Sexu Abusuen Arloko erakunde eta sail arteko lantalde tekniko bat elkartzea izan da. Talde horrek Save The Childrenen dinamizazioa dauka, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Fakultatearekin lankidetzan.
Justiziako, Talde Psikosozialetako, Osasuneko, Hezkuntzako, Segurtasuneko, Foru Aldundietako Haurren Zuzendaritzetako eta Arartekoaren ordezkariak izan ditu taldeak, inplikatutako eragileen ahalik eta ikuspegi gehien izateko, eta horrela, diagnostiko bat eta kalitate proposamen batzuk egin ahal izateko, Barnahus eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ezaugarrietara eta berezitasunetara egokitzeko modurik onena jasotzeko.
Hain zuzen ere, Charo Arranz Save The Children erakundearen EAEko lehendakaria asteazken honetako bileran izan da, eta, Artolazabalekin batera, Barnahus ereduaren alde egin du, «ikerketa sakona» egin ondoren, diagnostiko bat egiteko, eta, horren bidez, ereduaren hobekuntza arloak ezagutzeko.
Lege aurreproiektua
Barnahusekin batera, Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialak Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legearen aurreproiektuaren azken xehetasunen berri eman du. Gasteizkoo Legebiltzarrera iristeko izapideak laster hasiko dira. Lege honen helburua da adingabeak eskubideen titular gisa onartzeko bidean aurrera egitea, ez bakarrik babesa merezi duten subjektu gisa.
Lakuaren arabera, lege hori ederki uztartzen da bileran aztertu den adingabeen eskubideak babesteko beste tresna batekin: haur eta nerabeentzako indarkeriaren aurkako euskal estrategia. Duela gutxi, kontraste tailerrak egin dira administrazio, entitate eta sistema publikoekin, baita haurtzaroan eta nerabezaroan jarduten duten hirugarren sektore sozialeko erakunde eta antolakundeekin eta haur eta nerabeen arretan esku hartzen duten lanbide elkargoekin ere.