NAIZ

Haizea, galtzada-harriak, Alpe d'Huez eta Pirinioetako klasikoak 2022ko Tourrean

Haizea, galtzada-harriak, Granon eta Alpe d'Huezen itzulera eta Peyregudes eta Hautacam klasiko piriniarrak izango dira Frantziako Tourraren hurrengo edizioko menuan, ostegun honetan antolatzaileek iragarri duten legez. 

Cavendish eta Alaphilipe 2022ko Tourraren ibilbidearen aurkezpenean. (Anne-Christine POUJOULAT / AFP)
Cavendish eta Alaphilipe 2022ko Tourraren ibilbidearen aurkezpenean. (Anne-Christine POUJOULAT / AFP)

Hurrengo urtean 119 urte beteko ditu Tourrak eta uztailaren 1ean Danimarkatik abiatuko da, Kopenhagen hiriburutik alegia. 120. urteurrena ere ortzimugan dago, Bilbotik abiatuko dena, hain zuzen ere. Dena dela, ostegun honetan hurrengo edizioari begira jarri dira Parisetik eta zenbait berritasun izango ditu lasterketak. 

Granon eta Alpe d'Huezen itzulera eta Peyregudes eta Hautacam klasiko piriniarrak nabarmentzen dira hiru astez lehiatzen den lasterketa honetan. Gainera, lau mendikate zeharkatuko ditu: Vogos, Alpeak, Erdialdeko Mendigunea eta Pirinioak; eta lau herrialde: Danimarka, Estatu frantsesa, Belgika eta Suitza.

Lauak diren Sei etapa, zazpi gorabeheratsu eta sei goi-mendikoak, bost maldan gora amaitzen direnak, banakako bi erlojupeko... 3.200 kilometro baino gehiagoko ibilbidea osatuko dute txirrindulariek eta uztailaren 24an Pariseko Eliseoko Zelaietatik egin ohi den ibilaldiarekin amaituko da. 

Tropelak aurreko edizioan baino mendate gutxiago igoko ditu baina goi-helmuga gehiago izango ditu –bost zehazki– eta antzeko kilometrajea erlojupekoaren aurkako borrokan.

Haizea eta galtzada-harriak izango dira lehen asteko epaileak, eta La Planche des Belles Fillesera igotzearekin, mendiko lehen helmuga izango denarekin, iritsiko dira lehen atsedenaldira. .

Bigarrena, neurri batean Suitzan garatuko dena, Alpeek markatuko dute. Alpeek funtsezko bi une dituzte: 1986an bakarrik igo zen Granonera eta Alpe d'Huezera iritsi bezperan –lau urtez ibilalditik at egon ostean–, edizioko sentsazioetako bat izango dela agintzen du.

Alpe D'Huezen itzulera

70eko hamarkadaz geroztik, Tourraren igoerarik ezaguneneko 21 bihurguneak ez dira inoiz hainbeste urtez ibilbidetik kanpo egon. Hori dela eta, antolatzaileek berriz sartu dute ibilbidean eta uztailaren 14an, Estatu franstseseko jai nazionalaren egunean, egitea erabaki dute.

Tourra hegoalderantz abiatuko da, eta hirugarren astean, Erdialdeko Mendigunetik zeharkaldi bat egin ondoren, Pirinioetara iritsiko da, bi helmuga goian dituztela, Peyragudesen eta Hautacamen.

Dena azken erlojupekoari begira geratuko da, 40 kilometro gorabeheratsu, Rocamadour santutegian amaituko dena.

«Tranpa asko dituen Tourra da. Leku askotan galdu daiteke denbora eta, jakina, mendira joan beharko da irabaztera», esan du Christian Prudhomme probako zuzendariak.

Lasterketa 11 kilometroko erlojupekoarekin hasiko da Kopenhageko kaleetan zehar. Bigarren etapa haizeak markatuko du, Baltikoko azken 20 kilometroetatik 18tan, Danimarkak dituen itsas zubiak aprobetxatuz, esprintean epaitu beharko den hirugarren jardunaldi baten aurretik.

Estatu frantsesera iritsi ondoren, haizea izango da nagusi laugarren etapan, zati batean Mantxako kanalaren paretik doana, galtzada-harriak bosgarrenean agertu aurretik.

19 kilometro dira, galtzada-harrizko 11 sektoretan banatuta, horietako bost berriak, Lille eta Arenberg arteko etapari zirrara emango diotenak.

Txirrindulari indartsu eta ausartentzat

Antolatzaileek amaiera gorabeheratsuak ere bilatu nahi izan dituzte, txirrindulari indartsu eta ausartentzat aproposak, hala nola Mathieu van der Poel holandarra, Wout van Aert belgikarra eta Julien Alaphilippe frantziarra, azken bi Munduko Txapelketetako irabazlea.

«Txirrindularitzako Federer, Nadal eta Djokovic ditugu, aprobetxatu egin behar dugu», esan du Prudhommek, eta bere profilerako lau etapa on aipatu zituen: Lownyn amaituko den seigarrena, Lausanan zortzigarrena, Megèven hamargarrena eta Menden hamalaugarrena.

Guztiek amaiera malkartsua dute, baina lasterketa gailur garaietan irabaziko da, Granonen esaterako, 11,3 kilometro %9,2ko desnibelarekin. Gailurra 2.413 metrora dago, historiako bigarren garaiena, Galibierrek (2.642 metro) bakarrik gainditzen duena.

1986an Greg Lemond estatubatuarraren eta Bernard Hinault frantziarraren arteko lehia epiko baten eszenatokia izan zen, azken aldiz han jantzi baitzuen maillot horia. 

Alpe d 'Huez, bigarren aldiz Galibierren ondoren igoko dena, eta Croix de Fer, beste puntu garrantzitsuak izango dira, Pirinioetan gora iritsiko diren Peyregudes –Aspin, Ancizan eta Louronen ondoren– eta Hautacam –Aubisque eta Spandellesen ostean–.