Euskarazko Literaturaren saria Pello Lizarralde Larrazak jaso du, ‘Argiantza’ liburuagatik. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturarena, Anjel Lertxundi Esnalek, ‘Haltzaren Muinoa’-gatik. Eta Euskarazko Literatura Itzulpenarena, Joxan Elosegi Agirrek, ‘Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak’ lanagatik.
Horiexek dira aurtengo lehendabiziko hiru Euskadi Literatura sarituak. Ostegun honetan eman ditu ezagutzera Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Donostiako San Telmo Museoan sarituekin batera egindako ekitaldian.
Indar lirikoa, kalitate literarioa, joritasuna...
Epaimahaiaren iritziz, Pello Lizarraldek ‘Argiantza’ liburuko pertsonaien inguruan eraikitzen duen «atmosfera harrigarriak» erabat harrapatzen du irakurlea. Gainera «ahots-narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraikitako kontakizuna» eskaintzen du idazleak.
Anjel Lertxundiren ‘Haltzaren Muinoa’ «kalitate literario» handiko obra dela uste du epaimahaiak. «Esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago. Eta aberatsa da tradizioari eta gazte literaturako klasikoei eginiko erreferentziak direla medio; aberatsa, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik».
Joxan Elosegiren itzulpenaz epaimahaiko kideek «estiloaren joritasuna» nabarmendu dute, «jatorrizkoaren jario orobat bixi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu duelako». Irene Solaren «estiloak eta testuaren tonuak jarritako erronkei erantzuterakoan itzultzaileak erakutsitako irudimena eta sormenerako gaitasuna» azpimarratu dituzte.
San Telmo Museoan egindako prentsaurrekoan Zupiriak nabarmendu duenez, «2021. urtea, 2020a bezala, osasun egoerak baldintzatuta egon da. Eta literaturari esker arnasa hartuko zuen batek baino gehiagok (...) Euskadi Literatura Sariek gure uztaren aniztasuna eta oparotasuna erakusten dute».
Sari banaketa, azaroaren 18an
Datorren azaroaren 18an banatuko dituzte Euskadi Literatura Sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldian. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira.
Datorren astean iragarriko dira gainontzeko lau modalitateetako irabazleak: Literatura Gaztelaniaz, Lan literarioen ilustrazioa, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz.
Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.