Berrogei urte bete dira aurten lehenbiziko Araba Euskaraz ospatu zenetik Gasteizen, Olarizun. Arabako ikastolen jaia leku horretara itzuliko da heldu den urtean. Eta, orduan bezala, ekainaren 19an, Arabako ikastolek elkarrekin antolatuko dute Araba Euskaraz, ‘Zortzigarren Alaba’ lelopean.
«Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egingo dugu Argantzun ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba», azpimarratu dute astearte honetan eskainitako agerraldian.
Bertan azaldu dituzte zeintzuk izango diren Gasteizen ospatuko den jaiaren helburu zehatzak: Araban euskararen erabilpena aldarrikatzea, bultzatzea eta erabilpen eremuak zabaltzea; Argantzun-Sagastieta Ikastola ezagutzera ematea; 2023-24 ikasturtean ireki nahi duten ikastola berria eraikitzea; eta Trebiñu Araba dela aldarrikatzea.
Logotipoari dagokionez, Nestor Basterretxeak sortutako logotipoan ageri den haritz hostoaren ildotik, zuhaitz desberdinen hostoak erabili dira, ikastolen aniztasuna islatzeko eta, era berean, gure lurraldearen basoen, naturaren, aniztasuna ere bai.
Argantzun Ikastola
Gogoratu dutenez, 2003an sortutako ikastola da Argatzun Ikastola. «Ordura arte bertako haur gehienek Gasteizerako bidea hartzen zuten ikasketak egitera; horixe zen euren haurrek euskaraz ikastea nahi zuten gurasoen hautua. Eskaera egon bazegoen, Trebiñun euskaraz ikastekoa, eta eskaera horri erantzunez, Argantzungo Udala eta Ikastolen Elkartea harremanetan jarri ziren eta, gurasoen erabakimena eta Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak lotuta, ikastola berri bat sortzea erabaki zuen Ikastolen Elkarteak», adierazi dute.
Hala ere, lana ez da erraza izan. Gaztela eta Leongo Gobernuaren baimen administratiboa lortu zutelako baina, ez, ordea, finantziaziorik. Eta 2019an, Sagastietan ireki zuten Lehen Hezkuntzako egoitza, baimenak eta finantziazioa lortu zuten Lakuaren eskutik. Egun 67 ikasle daude ikastolan.