NAIZ

Txani Rodriguez, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi dira azken Euskadi Sariak

Honakoak dira 2021eko Euskadi Sarien azken irabazleak: Txani Rodriguez, ‘Los últimos románticos’ lanagatik; Alex Gurrutxaga, ‘Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria’-gatik; Mikel Reparaz, ‘Las grietas de América’-gatik; eta Javier de Isusi, ‘Transparentes. Historias del exilio colombiano’-rengatik.

Txani Rodriguez, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi Euskadi Literatura sarituak, Bilboko Azkuna Zentroan egindako ekitaldian. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)
Txani Rodriguez, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi Euskadi Literatura sarituak, Bilboko Azkuna Zentroan egindako ekitaldian. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Aurtengo Euskadi Literatura Sarien azken garaileen berri eman dute asteazken honetan. Literatura Gaztelaniaz atalean  Txani Rodriguez hautatu dute, ‘Los últimos románticos’ liburuagatik. Saiakera Euskaraz alorrean, Alex Gurrutxaga, ‘Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria’-ren idazlea. Gaztelaniazko Saiakeraren saritu gisa Mikel Reparaz aukeratu dute, ‘Las grietas de América’ lanagatik. Eta Lan Literarioen Ilustrazioa atalean Javier de Isusi izan da irabazlea, ‘Transparentes. Historias del exilio colombiano’ obrarengatik.

Lau saritu horiek Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegiri batu zizkie. Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako irabazleak dira, ‘Argiantza’, ‘Haltzaren Mintzoa’ eta ‘Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak’ lanengatik, hurrenez hurren.

Joan den astean Donostian egin bezala, asteazken honetan Bilbon eman du Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak garaileen berri. Azkuna Zentroan egindako ekitaldian izan dira sarituak ere.

«Ahots freskoa, originala eta berezkoa»

Epaimahaiaren iritziz, Txani Rodriguez ‘Pompas de papel’ Radio Euskadiko saioko kolaboratzailearen idazkera «zorrotza da, xehetasunari adi dago eta erritmo narratibo bikaina du. Ahots freskoa du, originala eta berezkoa». Hori da epaimahaiaren arreta gehien erakarri duen ezaugarria.  

Alex Gurrutxagaren ‘Aberriaren poeta kantaria’ liburuak «ekarpen handia egiten du Xabier Leteren poeta eta bere obraren inguruan», epaimahaiaren arabera. «Gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta gainera bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giro eta pentsamenduarekin».

«Interesa eta gaurkotasuna» nabarmendu

Gaztelaniazko Saiakeraren ataleko epaimahaiaren ustez, Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arloburuak ‘Las grietas de América’ liburuan Ameriketako Estatu Batuetan barna proposatzen duen bidaia «bikain» idatzita dago eta «gaiaren interesa eta gaurkotasuna nabarmentzen dira, baita tratamenduaren koherentzia ere».

Javier de Isusiren ‘Transparentes. Historias del exilio colombiano’ lana «pisu emozionaleko komikia da, baina, aldi berean, liburu arin eta biribila egituran, oso teknika narratibo eta grafiko onarekin, eta istorioa modu bikainean ixtea lortzen du», dio epaimahaiak.

Idazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro eskuratu ahalko ditu bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Azaroaren 18an banatuko dituzte Euskadi Sariak, Gasteizeko Artium Museoan.