NAIZ

Bergarako Udalak kezka adierazi du pirolisi plantaren egitasmoaren aurrean

Larramendi poligonoan papergintzaren hondakinak tratatzeko planta ezartzeko egitasmoaren aurrean kezka azaldu du Bergarako Udalak. Pirolisi delako prozesuaz tratatuko lirateke hondakin hauek. Talde zenbaitek erraustegi baten antzeko ondorioak dituela salatu dute.

Zubietako erraustegiko hondakinak. Pirolisia erraustegiaren antzeko prozesua dela salatu dute Bergarako egitasmoaren kontrakoek. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zubietako erraustegiko hondakinak. Pirolisia erraustegiaren antzeko prozesua dela salatu dute Bergarako egitasmoaren kontrakoek. (Gorka RUBIO/FOKU)

Valogreene Paper BC enpresak Bergaran pirolisi bitarteko paper lantegietako hondakinak gestionatzeko Larramendi poligonoaren martxan jarri nahi duen proiektuaren aurrean kezka azaldu du bertako Udalak. Zaldibarren izandako istripuaren ondoren, papergintzan sortzen diren hondakinak tratatzeko tokirik gabe gelditu dira. Pirolisia delakoa oxigenorik gabe hondakinak erretzea da. Egitasmoa bultzatzen dutenen arabera, ez du apenas kalterik sortzen ingurugiroan. Hainbat taldek, ordea, hori ez dela horrela nabarmendu dute eta egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dute.

Udalak azaltzen duenez, Valogreene enpresak Larramendi poligonoan pirolisia ezartzeko eskaerak bat egiten du Bergarako plan orokorrarekin, eta ondorioz, baimena eman behar izan dio. «Hala ere, Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektua jendaurrean jarrita, eta alegazioetarako epea zabaldu ondoren, Udalak ikusi du Valogreene enpresak Udalean egindako tramitazioan, eta ondoren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailean egindakoan, jardueraren deskribapenean kontzeptu desberdinak erabili dituela», gaineratu du Udalak.

Azterketa berria

«Hori horrela, Udal Gobernuak hori aztertzeko erabakia hartu du, eta horretan ari da lanean arlo teknikoa. Ziurtatu nahi du Udalean egindako eskaeran jasotzen den jarduera den egiteko asmoa duena, edota ondorego eskaeretan jarri duena. Bigarrena balitz, berrikusiko du baimenarena, plan orokorrarekin bat datorren edo ez aztertuta», erantsi du Udalak.

«Bi arlotan ari zaio Bergarako Udala jarraipena egiten gai honi: urbanistikoan eta ingurumenean. Ingurumenaren alorrean Udalak eskumenik ez badu ere, Eusko Jaurlaritzari baitagokio, Euskal Herrian jarduera horren inguruan dagoen ezagutza eza aintzat hartuta (jarduera berria baita), Bartzelonako enpresa bat kontratatu zuen azterketa egin, eta txosten bat egin zezan. Txosten definitiboa aste honetan jasotzea espero du Udalak, baina dagoeneko aurre-txosten bat jaso du, eta hasieran zituen zalantzak handitu egin zaizkio Udal Gobernuari», azaldu du.

Txostena jasotzerakoan Lakuako Gobernuarekin biltzeko asmoa duela adierazi du Bergarako Udalak. Bide batez, informazio berria jasotzen duenean herritarrei zabaltzeko konpromisoa hartu du Udalak.