Sei etorkin hil dira azken urtean Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan edo gertu, polizien kontrolak saihestu nahian zirela: hiru trenak harrapatuta Ziburun duela bi aste eskas, bi ibaian itota eta seigarren bat bere burua urkaturik. Baina gauzak ez daude konpontzeko bidean, kontrakoa baizik: asteburu honetako hiru albistek dena larriagotzen ari dela berresten dute.
Batetik, udazkena gogortzen ari den urriaren bukaera honetan etorkin multzo handiak ari direla iristen egiaztatu du Irungo Harrera Sareak: 100dik gora pasa dira asteburu honetan San Juan plazan duten informazio gunetik eta larunbatetik igandeko gauera 85 izan ziren bertako aterpeguneetan lo egin dutenak. (Irungo Harrera Sarearen lana irudi eta bideo erreportaje honetan jaso zuen Gorka Rubiok NAIZen).
Horrekin lotuta, itsasontziz edota beste era batera muga zeharkatzea ezinezkoa egiten zaienez, dozenaka batzuk igeri egiten saiatu direla zabaldu da, nahiz eta gehienak era horretan Yaya Karamoko eta Abdoulaye Coulibaly hil egin zirela jakitun izan. Estatu frantsesera heltzeko Bidasoa zeharkatzea, beste biderik ez dute ikusten.
Testinguru honetan, Poliziaren kontrolak ez dira bakarrik iparraldean zorrozten ari; hegoaldean ere presioa adierazten duen albistea hedatu da. Guardia Zibilak zazpi lagun atxilotu ditu Nafarroan, Gipuzkoa eta Bizkaian etorkinak diruaren truke muga pasatzen laguntzeko akusaziopean.
Betiere Guardia Zibilak esandakoaren arabera, «ordainketa adostu» ostean Hego Euskal Herritik Baiona edota Bordelera eramaten zituzten etorkinak, auto ezberdinak erabiliz (batzuk bidea irekiz zihoazen, besteei Poliziaren kontrolez ohartarazteko).
Azkeneko bi hilabeteotan 60 bidaia egin omen ditu sare honek, bakoitzean hiruzpalau etorkin garraiatuz. Sarekada honetan zenbait miaketa burutu ditu Guardia Zibilak, horietako bat Irurita Baztango herrian.