Tupust! kolektiboak astelehen honetan aurkeztu du Donostian bere bigarren antologia, ‘Zu’. Hori horrela, ‘Zu’-k kolektiboaren lehen lana izan zen ‘Ni’ komiki bildumari hartu dio lekukoa. Oraingoan, 21 autorek hartu dute parte 17 istorioz osatutako proiektu berri honetan.
Kolektiboko egileen artean badaude bai ilustratzaileak eta bai artistak: Maite Caballero, Dom, Loinaz Lekuona, Irati FG eta Regina Salcedo, Ainara Azpiazu Aduriz 'Axpi', Yolanda Mosquera, Paula Estevez, Irati Eguren, Mikel Larraioz, Ane Zaldibar, Maitane Gartziandia eta Aintzane Usandizaga, Maite Gurrutxaga eta Irati Jimenez, Asteazkenak (Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren), Susanna Martin, Irkus M Zeberio, Josune Urrutia eta Raisa Alava.
Egileek «zu» kontzeptuaren inguruan hausnartu dute 150 orrialdetan zehar eta, hortaz, ‘2020 zupa neza zu’, ‘Zu’, ‘Zuzu-ren muxu hotza’, ‘Zure azalean’ edo ‘Zu zara motorista’ bezalako istorioak topatu ahal dira. «Ikusita aurrekoan ‘Ni’ hain sinple batetik askotako erantzunak eta narrazio modu asko sortu zituela, oraingoan ‘Zu’-k ere sorpresak eragin ditu», azaldu du liburuaren egilekideetako bat eta Tupust kolektiboko kidea den Maite Gurrutxagak.
Hori horrela, autoreen aniztasuna da antologia honen indarguneetako bat. «Guretzat garrantzitsua da emakumeen ahots desberdinek biltzea. Narratiboki beste era batean lan egiten duten emakumeak daude. Jarraipen bat da baina edukia berria da, beste autore batzuek ikuspegi desberdinetatik egina», adierazi du Gurrutxagak.
Gaiaren aukeraketari dagokionez, esperientziak hala erakutsita, Gurrutxagak gogoratu du kolektiboan «argi» zeukatela aukeratutako gaiak askotarako eman zezakeela: «Ikusi dugu jendeak nola bereganatu duen kontzeptua eta noraino eraman duen gaia».
Lehen alea, ‘Ni’, ez bezala, bilduma hau autoeditatua izan da. Ez da argitaletxerik tartean egon eta ‘Ni’ bildumarekin lortutako irabaziei esker lortu du Tupust kolektiboak bigarren lan honetarako finantzaketa. Horretaz gain, aurresalmenta ere faktore garrantzitsua izan da inprentako aurreikuspenak gauzatzeko orduan.
Komiki bilduman erabilitako marrazketa teknikei dagokienez, autore kopuruak teknika aniztasuna eragin du nahitaez. Izan ere, marrazkilari bakoitzak bere estilo propioa erabili du, marrazketa teknika kontatzen den istorioarekin sintonian jarriz. Hori horrela, akuarelak, errotulagailuak, arkatzak, eskua zein ordenagailu bidezko marrazki edo koloreak eta beste hainbeste metodo aurki daitezke ‘Zu’-n. Kolore paletan bi tinten estetikarekin jarraitu dute. Hori horrela, lehen argitalpeneko berde eta arrosa konbinazioa atzean utzi, eta urdina eta laranja nagusitu dira.
Oro har, pozik agertu da Maite Gurrutxaga azken emaitzarekin: «Prozesu luze baten parte emaitza izan da. Lan asko egin dugu; beraz, talde lanarekin eta erantzunarekin kontentu gaude».
Egileen batasuna, Tupust! kolektiboa
Tupust! kolektiboa 2016an hasi zen biltzen. Bileretan, euskal ilustratzaile zein komikigile feministek sorkuntzaren alorrean beraien txokoa aldarrikatzeko behar bat ikusi zuten. Hortaz, kolektiboa sortu zuten eta haren helburuak ondoren idatzitako manifestuan plazaratu zituzten: «Komikia eta feminismoa uztartzea; egileen arteko sare bat osatzea; sare hori lan eta proiektu berriak abiarazteko baliatu ahal izatea, izan ditzakegun zalantzak gainontzeko taldekideekin partekatzeko eta, azken finean, elkarri laguntzeko balio dezakeen komunitate bat sortzea; gure intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea, tartean, Tupust! komiki feministaren argitalpena bera».
Izan ere, euskara, feminismoa eta, batez ere, komikigintza begirada more baten bitartez sortzea, bere eratze unetik bertatik egon dira Tupust! kolektiboaren oinarrian: «Orokorrean, umorea eta satira, eta are zehazkiago binetagintza eta komikigintza maskulinitateek gobernaturiko esparruak izan dira. Bai, baita gure Euskal Herri txiki honetan ere. Egoerari erreparatzerakoan, harrigarriki beldurtu gintuen ikusteak zeinen tradizional eta heteronormatibo (izan) garen istorioen nahiz gorputzen sorkuntzan eta zeinen espazio gutxi (izan) duten ikuspegi binario horri kontra egin eta harago joateko nahia (izan) duten sortzaileek».
Zorionez, biltzen hasi zirenetik hona euskal komikigintzako egoera aldatzen ari dela uste du Gurrutxagak: «Nik uste aldatzen ari dela beste esparru gehienetan aldatzen ari den bezala. Orain feminismoa fokoan jartzen da. Eduki aldetik uste dut ari direla lan desberdinak agertzen; arriskatuagoak, desberdinak».