NAIZ

2022ko udazkenean egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusia; finala Iruñean izango da

2022ko udazkenean egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez. Getxon abiatuko da eta finala Iruñean izango da, Nafarroa Arena aretoan.

Maialen Lujanbio da egungo bertsolari txapelduna. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Maialen Lujanbio da egungo bertsolari txapelduna. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera arinduta, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusten du Bertsozale Elkarteak eta, horrenbestez, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa aurrera eramateko erabakia hartu du.

Ohar batean jakinarazi duenez, txapelketa 2022ko udazkenean egingo da. Getxon abiatuko da irailaren 24an eta Iruñean bukatuko da abenduaren 18an, Nafarroa Arenan. 

Azaldu duenez, Bertsolari Txapelketa Nagusia ibiltaria da eta Bertsozale Elkartearen helburua «Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da». «Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan».

Helburu horrekin, eta Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, finala bertan egiteko erabakia hartu du.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat, elkartearen arabera. «Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana».

Datorren urtekoa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, 1987an sortu zenetik, antolatzen duen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hamargarren edizioa izango da. 

Txapelketaren finalak Donostian errotuta egotetik (1935-2001), beste lurralde batean eragin asmoz, finala Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egitea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak 2005.urtean. Orain, berriz, Nafarroara egingo du jauzia.