Euskal eskola publikoaz «harro» daudela esateko eta «hezkuntza publikoaren alde mobilizatzeko ordua» delako antolatu du manifestazioa Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. Manifestazioa Bilbon izango da datorren azaroaren 6an, larunbatean, eta honen bidez hezkuntza sistema «dual, klasista eta arrazista» gaitzetsiko du EEPH-k. Deialdiarekin bat egin dute LAB, Steilas, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek.
Izan ere, EEPH plataformako bozeramailea den Maribel Lopez de Luzuriagak indarrean dagoen hezkuntza sistemak «eskola publikoaren kaltean» jokatzen duela eta «segregazioa eta bi mailako ikasleak» sortzen dituela salatu du. Eta, beraz, eredua birplanteatzeko ordua heldu dela deritzo. Eustatek argitaratutako 2020-2021eko datuen aurrerapenaren arabera, EAEko 2-18 urte bitarteko ikasleen %49,44 eskola pribatuetan dago matrikulatuta.
Hori horrela, Lopez de Luzuriagak azaldu du bi ereduak, publiko eta pribatua, diru publikoz finantzatzeak lehia eragiten duela bien artean eta eskola pribatuak segregazioaren eragileak direla: «Bi sareak ez dira berdinak eta ezin dira parekatu bere tratamendu politikoan eta babes mailan, publikoa doakoa eta denontzat den bitartean, sare pribatuko ikastetxeek kuota ekonomikoak, erlijioa eta gardenak ez diren beste irizpideak erabiliz maiz egoera zaurgarrian dauden familiei sarbidea ukatzen diete».
Ikasleen jatorriari dagokionean, EAE espainiar Estatuko erkidego segregatzaileena dela salatu du Lopez de Luzuriagak. Izan ere, 2020-2021eko Eustaten behin-behineko datuen arabera, espainiar Estatuan jaio ez diren eta araubide orokorreko ikasketak burutzen ari diren ikasleen %72,43 eredu publikoan dago matrikulatuta. «Dugun hezkuntza sistema dualak, beraz, gizartean dauden desberdintasunak konpondu beharrean, areagotu egiten ditu, bi abiadurako hezkuntza sistema eratuz eta gizarte haustura sortuz», ondorioztatu du Lopez de Luzuriagak.
Beraz, eskola publikoa administrazioaren lehentasun osoa izan dadin exijitu du, «denona eta denontzakoa den eskola delako». Eta, horren ostean, «eskola bakarra aldarrikatzen» dutela eta alor ekonomikoan, hezkuntza pribatu-itunduari «mugak» jartzeko garaia dela gehitu du EEPHko bozeramaileak.
Horretarako, pribatizazioarekin amaitzea, diru publikoa era «bidezkoagoan» erabiltzea, ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudi adostuaren sorkuntza eta euskarazko murgiltze eredua «orokortzea» eskatu du Lopez de Luzuriagak.
Lakuako Hezkuntza Akordioa
EEPHk kezka plazaratu du EAEko Hezkuntza Akordio berriaren inguruan. Izan ere, plataforma horrek lege berriaren eskaera eta hori burutzeko presa komunitate publikotik ez dela irten nabarmendu du: «Orain dagoen presa horrek pixka bat beldurtzen gaitu beste eragile batzuen presiopean izan dela uste dugulako. Beldur gara ez ote duen balioko egun dugun sistema duala legitimizatzeko», ohartarazi du.