‘Enplegu publikoa kontsolidatu, pribatizaziorik ez’ lelopean, sektore publikoko gune esanguratsuetan egin du protesta astearte honetan ELAk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Zehazki, Bilboko Kale Nagusiko Lakuaren egoitzan, Donostiako Andia kaleko Lakuaren egoitzan eta udaletxean, eta Gasteizko Osakidetzaren egoitza nagusian eta udaletxean sartu dira gaur goizean. Arratsaldean, Iruñeko Nafarroako Parlamentuaren aurrean izan da elkarretaratzea (ESK, Steilas eta ATPTNrekin batera). Guztietan barruan sartu eta, kartelak eskuetan eta zarata sortuz, enplegu publikoa bermatu dadin eskatu dute langile publikoek.
✅ Mobilizazioak egin ditu ELAk Hego Euskal Herriko hiriburuetan #enplegupublikoa|ren #kontsolidazioa aldarrikatzeko
— ELA sindikatua (@ELAsindikatua) October 26, 2021
👉 https://t.co/NEMldvmnLr#KontsolidazioaOrainpic.twitter.com/v3wcpc6qIL
Bilbon, Igor Eizagirre ELAko Gizalaneko idazkari nagusiak «dramatikotzat» jo du enplegu publikoak bizi duen egoera. Bere datuen arabera, sektore publikoko hamar langiletik lau aldi baterakoak dira. Behin-behinekotasun horrek 20.000 langile baino gehiagori eragiten die Osakidetzan, eta 15.000 ingururi hezkuntzan.
EAEko sektore publikoaren behin-behinekotasun tasa Europako eta espainiar Estatuko altuena da, eta sektore pribatuarena bikoizten du, sindikatuko arduradunak salatu duenez. Errealitate hori «gure agintariek sektore publikoaren pribatizazioaren alde egindako apustuari» egotzi dio.
Une «erabakigarria»
ELAk adierazi duenez, une «erabakigarria» da Hego Euskal Herriko 70.000 langile publikoentzat (EAEn 55.000 eta Nafarroan 15.000), bi lege baitaude onartze bidean: ‘Iceta Legea’ eta 2022ko Aurrekontuen Legea.
Lege horiek zuzenean eragiten diete lanpostu publikoei eta, ELAren ustez, honako hau bermatu beharko lukete: «Euskal Herrian erabaki ahal izatea zein zerbitzu publiko behar eta nahi ditugun, baita zerbitzu publiko horiek aurrera ateratzen dituzten langileak eta beraien lan baldintzak ere. Eta horretarako, erreposizio tasak ez dira Madrilen erabaki behar, hemen baizik, eta lanpostuak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak ere abian jarri behar dira».
Sindikatuaren esanetan, neurri horiek ez daude bermatuta eta Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoek izango dute «azken hitza, euren botoa beharrezkoa baita Espainiako Kongresuan legeek aurrera egin dezaten».
Horregatik, ELAk mobilizazioekin jarraituko duela argi utzi du, «langileen ahotsari bide emateko, eta pribatizazioari langa ipintzeko».