NAIZ

‘Non dago Mikel?’ filma Ipar Euskal Herriko zine aretoetara iritsiko da urriaren 27tik aurrera

‘Non dago Mikel’ filma Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi ahal izango da asteazken honetatik aurrera. Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-k zuzendu duten film honek Mikel Zabalzarekin gertatutakoa biltzen du eta arrakasta handia jaso du hainbat festibaletan.

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-k zuzendutako Mikel Zabalzaren inguruko filma Ipar Euskal Herrian estreinatuko da asteazken honetan, Hendaiako Les Varietes zine aretoan, Gastibeltza banatzailearen eskutik. Hurrengo egunetan, Ipar Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuetan ikusteko aukera izanen da. Emanaldi guztietan pelikularen zuzendariak eta Mikel Zabalzaren familiarrak izanen dira.

‘Non dago Mikel?’ pelikulak ibilbide oparoa egin du 2020ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zenetik. Festibal honetan Irizar Sariaren epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen. 2021ko otsailean zine aretoetan estreinatu zen, ia 15.000 ikusle izanik. Estatu espainolean gehien ikusitakoen zerrendan izan zen ‘Non dago Mikel?’ aste batzuetan. Gainera, Euskal Herriko 60 herritan ikusteko aukera izan da, kultur etxe eta zentro zibikoetan egindako ibilbidean.

Azken asteetan ‘Non dago Mikel?’ filmak nazioarteko jaialdietara salto egin du: Mexikon FICG Gudalajarako festibalean eta DocsMexico-n izan da, baita Okzitaniako Tolosako Cinespañol festibalean. Laster DocsValencia-n izanen da, besteak beste.

Mikel Zabalzari buruzko filmak Lauaxeta Saria jaso zuen Bizkaiko Aldundiaren eskutik, eta Terra Golluts festibalean ere saritua izan zen. Datozen egunetan jakingo da Goya sarietarako izendatutakoen zerrendan izanen den ala ez.

Hau da Ipar Euskal Herriko emanaldien zerrenda: Hendaian, urriaren 27an, 20:30ean, Les Varietes zinema-gelan. Getarian, urriaren 28an, 20:30ean, Getarienea zinema-gelan. Donapaleun, urriaren 30an, 20:30ean, Saint-Louis zinema-gelan. Kanbon, urriaren 31n, 18:00etan, L'Aiglon zinema-gelan. Hazparnen, azaroaren 1ean, 20:30ean, Haritz Barne zinema-gelan. Garazin, azaroaren 2an, 20:30ean, Le Vauban zinema-gelan. Baionan, azaroaren 11n, 18:00etan, Atalante zinema-gelan. Maulen, azaroaren 14an, 18:00etan, Maule Baitha zinema-gelan