NAIZ

Izadi gurasoekin etxean egon behar dela ozen aldarrikatuko dute azaroaren 13an Burlatan

Izadiren urtebetetzea urtarrilean izango da. Hiru urte beteko ditu eta, berririk ez bada, kartzelatik aterako dute, beraien gurasoengandik banatua geldituz. Haurraren egoera salatzeko kalejira eta ikuskizun bat antolatuko dituzte Sare eta "Izadi gurasoekin etxera" ekimenak, azaroaren 13an Burlatan.

Ostiral honetan Burlatan izandako agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Ostiral honetan Burlatan izandako agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadi Valentzian dagoen Picassent herriko espetxean jaio zen, 2019ko urtarrilaren 23an. Pasa den urteko azarotik gurasoekin bizi da Aranjuez kartzelako familien moduloan, baina 2022ko urtarrilean 3 urte beteko ditu eta kartzelatik atera beharko du.

«Izadik gurasoekin egon behar du, eta hain bortitza izan daitekeen bereizketa hori ekidin behar dugu», berretsi dute ostiral honetan Sare eta “Izadi gurasoekin etxera” ekimeneko kideek Burlatan izandako agerraldian.

Bertan nabarmendu dutenez, Izadi gurasoengandik ez banatzeko «kontsentsua garbia da»; eta, gogoratu duten bezala, legeak baditu neurri ezberdinak banaketa ekiditeko. «Hori da eskatzen duguna, beharrezko neurriak hartzea Izadik gurasoekin egoteko duen eskubidea bermatzeko», gaineratu dute.

Eta aldarrikapen hori irudikatzeko egingo duten ekimena aurkeztu dute. Izan ere, «garrantzitsua da babesaz gain, gure aldarria irudikatzea eta hori da datorren hilabetean burutuko dugun kalejira eta ikuskizunaren helburua. Asko eta asko garela ‘Izadi gurasoekin etxera’ leloa gure egiten dugunak».

«Eta hau ozen eta alai esan nahi dugu azaroaren 13an adin guztiei zuzendutako ikuskizun eta kalejiraren bidez. Musika, txarangak, pailazoak… denetarik izango dugu gure aldarrikapena doinuz, kolorez eta alaitasunez betetzeko», esan dute.

Kalejira 16.30etan abiatuko da Burlatako Udal plazatik txaranga, joaldun eta musikaz alaituta eta gerora 18.00etan Burlatako Kultur Etxean, beste askoren artean, Zirika Zirkuseko Pantxika Lamur, Porrotx eta Txapas eta Ene Kantakeko lagunak izango dira. Sarrerak Bibe bidez lortzen ahalko dira 4 euroren truke.

«Azaroaren 13an Burlata kolorez eta musikaz beteko dugu, denon artean ozen esateko Izadi txikia etxera bere gurasoekin batera etortzea nahi dugula!», ohartarazi dute.