Kirol kazetaritzak taldeen egoerak zuritik beltzerako etengabeko joan-etorrian darabiltza. Berdin dio zein kiroli buruz ari garen hizketan, eta berdin dio bata bestearen atzetik kontraesanetan erori ala ez. Kirol kazetaritzak hiperbolea du maite eta hiperbole hori modulatzen baldin badakigu, gaitzerdi.
Alperrik izango da Bitci Baskoniak Real Madrilen aurka zer egin dezakeen domeka arratsaldean hitz eta pitz jardutea, astean zehar gertaturikoa goitik behera xehetzea edo dena delakoa. Azken baten, Kazaen eta San Petersburgon hartutako belarrondokoek ez dute atzera bueltarik; Alec Petersek lesionaturik jarraitzen du auskalo noiz arte, ikusi egin behar Murtzian orkatila bihurritu ostean, Rokas Giedraitis igandean Buesa Arenan 18.30etan Real Madrilen aurka jokatzeko moduan egongo den baina, batez ere, ikusi egin behar Baskonia bera aste honetako amesgaiztoa atzean lagatzeko moduan ote dagoen.
Etxera itzuli da Saski Baskonia eta ez da gutxi, Errusian bizi izan duen aste petralaren ostean. Euroligan 3-4ko balantzea baldin badauka, ACB Ligan ere 3-4ko balantze horri egin beharko dio aurre. Arerioa, ACBko lanetan ia hutsik egin gabe dabilen Real Madril: 6-1eko balantzea, nahiz eta bere lehenengo hankasartzea joan zen asteburuan egin, Kanaria Handiaren aurka etxean 70-75 galdu baitzuen.
Etxera itzulita, 10.000 pertsona sartu gura ditu talde gasteiztarrak Zurbaon. Lortuko ote du, une hauetan guztiaren beharra baitu Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak. Igarri zen aurreko asteetan, Panathinaikos edo Monacoren aurkako partidetan, Buesa Arenako jarraitzaileek giroa berotzen dutenean, Baskoniak berak ere gorantz egiten duela.
Hilabeterik zailena
Alabaina, azaroan sartzear gaude, hilabete kritikoa Baskoniaren baitan inoiz hilabete kritikorik baldin bada. Zorioneko «azaroko idusek» bota zituzten bere sasoian Herb Brown, Salva Maldonado, Marco Crespi, Pedro Martinez –bi aldiz– eta baita Dusko Ivanovic bera ere. Eta 2019ko azaroa justu justu libratu zuen Velimir Perasovicek, abendua hasteaz bat ireki baitzion Josean Kerejeta presidenteak kale gorrira zuzenean bidaliko zuen atea.
Unics Kazan eta Zenit San Petersburgoren aurkako astinduak jaso ostean, igandean Real Madril hartuko du Saski Baskoniak Zurbaon eta Maccabi datorren ostiralean. Partida horiek biak talde gasteiztarrak deskuidoan galduko balitu, Ivanovicen mototsa kolokan legoke? Printzipioz, ez. Hainbeste aldaketa eginda iaztik hona, Grangerri lagun egiteko bigarren antolatzaile baten bila eta lesionatuek sortzen dituzten hutsuneen ondorioz pilatzen diren buruko minak aintzat hartuta, Ivanovicen postuak ez luke kolokan izan behar.
Hori bai, taldeak besoak errazegi jeisten jarraitzen baldin badu, hausnarketa egiteko sasoia iritsiko da. «Lotsagarri aritu gara», esan zuen Ivanovicen asteazkeneko partidaren ondoren. Ostiralekoan, berriz, 21-30 irabazten jarri ostean 24-0eko partziala irentsi behar izan zuen, eta hori gutxi balitz, hirugarren laurdena hasi bezain laster, 16-0eko beste partzial bat kolkora. «Zenit aurretik jarri zaigunean ez dugu erantzuten jakin eta behea jo dugu», Ivanovicen azalpen desesperatua.
Non da ba, orduan, «Baskonia izaera»? «Kirolean irabaztea bezain ohikoa da galtzea. Inoiz, gaizki jokatzen duzu eta aurkaria gainetik pasatzen zaizu. Baina borrokarik ere ez egitea ez da onargarria». Horra Ivanovicen berbak Kazanen galdu ondoren. Baina handik bi egunetara are eta belarrondoko mingarriagoa jaso ostean, bekozko beltza jarrita egindako azalpen hutsek ez dute bere horretan askorik balio.
Real Madril ere, herren
Gasteiztarren zorionerako, Real Madril ere ez dago kriskitinak jotzeko moduan. Kanaria Handiaren aurka galdu ondoren, aste zaila izan dute hauek ere Errusian; asteazkenean San Petersburgon irabazi bazion irabazi, ostiralean Unics Kazanen aurka 58 puntu baino ez zituen egin eta, ondorioz, galtzaile atera zen.
Joko antolatzaileen artean batez ere ezin asmatuta dabiltza Pablo Laso eta enparauak. Nigel Williams-Goss luzerako min hartuta dago, Thomas Heurtel ez dugu orain deskubrituko, berezkoa baitu irregulartasuna. Sergi Llullen fisikoa ez da garai batekoa eta ez dago minutu larregi segidan jokatzeko. Horrez gain, Carlos Alocen antolatzaile gazteak ezin izan zuen Kazanen jokatu bizkarreko arazoen erruz. Hala, Real Madrilek ostiralean izan zuen antoatzailerik onena 17 urteko Juan Nuñez izan zen; hiru minutu eta erdian Heurtelek eta Llullek partida osoan baino lan hobea egin zuen. Alabaina, Lasok ez zion partidako zama antolatzaile gazteari ezarri, oraindik ere zer ikasi asko duelako.
Bada, Baskoniaren aldetik antolatzaileetan sekulako herrena bizi da: Wade Baldwin eskolta postura pasatzea deliberatu du Ivanovicek, baina horrek ia bakarrik lagarzen du Jayson Granger, edota Arturs Kurucs antolatzaile moduan jokatu behar izatera non eta gazte letoniarrari «eskolta izateko jaio dela» esanez denboraldi-aurre guztia pasa ondoren. Jakina da Gasteizen beste antolatzaile baten bila dabilela kluba, baina Petersen lesioaren larritasuna argitu arte –alegia, antolatzaile estatubatuar bat ekartzeko aukera irekitzen den edo ez argitu arte–, erabakirik hartu ezinik dabiltza Josean Kerejeta eta bere kideak.
Real Madrilek, bestalde, antolatzaileekin dituen arazoak ez-ezik, Thompkins eta Randolph hegal-pibotak ere falta ditu. Bada, Baskonia zale desesperatuenak uste baino aukera gehiago dituela esan liteke talde gasteiztarrak Real Madril menpean hartzeko.
Etxekoak auzoan
Bestalde, akatsak akats, ez dago Baskonia lakorik fitxaketak egiten. Esan diezaiotela bestela Real Madrili, Baskonian aritutako lau jokalari baititu bere taldekideen artean: Heurtel, Causeur, Hanga eta Poirier. Hauetan guztietan motibaziorik handiena ziur Thomas Heurtel antolatzaileak erakutsiko duela, bera izan baitzen Gasteiztik okerren atera zena bere garaian. Horrez gain, astean zehar egindako partida txarrak zuzendu nahiko ditu antolatzaileak eta oso irregularra bada ere, erronkei aurre egiteak ez dio beldurrik ematen Heurteli.
Horrez gain, beti da berezia Pablo Laso Gasteiza itzultzea. Inork gutxik espero zuen entrenatzaile gasteiztarrak Real Madrilen hamarkada bete iraungo zuenik, are gutxiago lortu dituen arrakastak lortzeko kapaz izango zenik. Baina hor dago eta errespetua irabazi du.
«Denontzat ere aste oso gogorra izan da», onartu du entrenatzaile gasteiztarrak domekako partidaren bezperan. «Gure kasuen bederen, asteazkeneko partidan egidako esfortzua oraindu genuen ostiralean, eta orain Baskoniaren etxea jokatzea dagokigu, ez dela batere samurra izango. Talde agresiboa da eta zaleak alde izango ditu. Aste gogorra izanagatik, azken bultzada eman behar diogu aste honi», laburbildu du Lasok.
Partida bataren edo bestearen alde iraultzeko gakoetako bat zein izan daitekeen galdetuta, «erreboteen kontrola», aipatu du arabarrak, «Baskoniarne indargunea baita errebotea». Auskalo indargunea den, Zenit San Petersburgok 52 errebote hartu batzituen ostiralean, eta Baskoniak 27 bakarrik.
Bada, Real Madril bera ere nahikoa jota iritsiko da Gasteiza. Dena den, Saski Baskoniak ez dauka uneotan kanpoko taldearen koloreak defensatzen dituzten etxekoei diosala egiteko ez betarik ezta umorerik ere. Bere zaleen nerbioek eskertuko lukete Real Madril gainditzea, baina jokalariek bere buruarengan duten konfidantza elikatu ahal izateak ere. Azken baten, kirol kazetaritza etengabe zuritik beltzera badoa, are eta gehiago joango litzateke leporaino betetako Buesa Arena baten Real Madrili irabaziz gero.