Laudioko abere-hiltegia ixteko erabakiak bazterrak nahastu ditu, Aiaraldean ez ezik, baita Araban eta inguruko herrialdeetan ere. Hori hala izanik, EH Bilduk 'Hiltegia ez itxi' plataformaren agerraldiak eskatu ditu Batzar Nagusietan eta Gasteizko Legebiltzarrean.
Plataforma joan den irailean sortu zen, eta 200 lagun baino gehiago biltzen ditu. Hiltegiaren itxiera salatzearekin batera, «kudeatzeko aukera berriak eskaintzeko» osatu zen plataforma, eta horregatik eskatu ditu EH Bilduk agerraldiak.
EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, Laudioko hiltegia ixtea «erabaki politikoa» da, eta salatu du erabakiak udal-baliabide bat pribatizatzea ekarriko duela: «Laudioko EAJ, Arabako Foru Aldundia eta baita Eusko Jaurlaritza dira kalteen erantzuleak».
Hiltegiaren itxiera iragarri zenetik, etengabeak izan dira horren aurkako ekimenak: mobilizazioez harago, Laudioko eta inguruko herrietako oposizioak bat egin du Udal Gobernuaren erabaki horren aurka, lehen sektorean, merkataritzan eta kontsumitzaileengan eragingo duen kaltea dela-eta.
Pasa den astean EH Bilduk eta Orain Amurriok Laudioko hiltegia berriro irekitzea eskatu zuten.