Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Sorginak: historiak isildutako milaka heriotz, mozorro baten atzean

Iruditeria kolektiboan emakume gaizto eta arriskutsu gisa «mozorrotu» ditugu, edo hainbeste maite ditugun «edabeen» egile gisa. Atzean, baina, historiak isildu nahi izan duen eta justizia eta memoria bilatzen dituen erailketa masibo bat dago. Sorginak.

Urtero, salduenen artean dago sorgin mozorroa. (GETTY IMAGES)
Urtero, salduenen artean dago sorgin mozorroa. (GETTY IMAGES)

Urriaren 31, Halloween. Antzinako uzta festa zelta bat, urakan bat balitz bezala, Ameriketako Estatu Batuetatik igarotzean indarra hartu zuena eta mundu osora hedatu dena, Euskal Herrira bertara ere, batez ere, azken hamarkadan. Gaur gauerako mozorro bila bazabiltza, 2021eko izarra “Squid Game” (“El juego del calamar”) Neftlix plataformako telesaileko uniformea da. Baina berrikuntzez harago, bada urtero-urtero salduenen artean den beste mozorro bat: sorgin mozorroa. Eta telesailekoak baino hildako gehiago ere badaramatza soinean.

Nondik dator, ordea, egun sorginei egozten zaien janzkera? Ipuinen, marrazkien edo filmen eraginagatik sorginekin lotzen ditugun erratzak, galdarak edo kapela beltz zorrotzak, alewive delakoen kontua ziren egiazki. Orain mozorro dibertigarrien parte besterik ez dira ezaugarriok, baina, garai batean amesgaizto bihurtu ziren. Izan ere, sorgin  gisa salatua izatea, bene-benetako beldurrezko istorioa zen bizitza errealean.

Erdi Aroan garagardoa, uraren kalitate txarrari aurre egiteko metodo gisa, egiten zuten emakumeak ziren alewive-ak. Garagardoa egitea «emakumeen lantzat» jotzen zen, eta horrela izan zen luzaroan. Ur onaren eskasiari erantzuteko, emakumeen esku egon ohi zen zeregina zen. Baina negozio errentagarri bihurtu zen azkenerako eta, orduan, emakumeak lanpostuotatik bota zituzten. Kasu askotan, haien lanpostu edo negozioetatik desjabetzeko estrategia bera erabili zen: sorginkeria leporatzea.

Erdi Aroko garagardotegietako sinboloak, modu horretan, gaur egun gure iruditerian sorginen ikur bihurtu dira. Emakumeok erabiltzen zuten galdara ez zen edabe magikoren bat egiteko erabiltzen. Ez badugu, behintzat, garagardoa edabe magikotzat hartzen. Kapela, berriz, galdarara ilerik ez erortzeko erabiltzen zen, eta erratz makila ez zen hegan egiteko, garagardotegien ate gainean egon ohi zen ikurra baizik. Eta katua? Sorgin guztiek dute katua. Garagardotegi inguruetatik karraskariak uxatzeko izan ohi zuten alewive-ek atarian.

Hortik aurrera, mendeetan zehar, nahikoa izan zen emakumeei sorginkeria leporatzeko medikuntza praktikatzea, edabeak eta sendagaiak egitea, edo igarkizuna eta magia. Agintari erlijiosoek arbuiatutako jokabide sexualak eta sozialak izatea edo gorputzeko markak izatea ere nahikoa zen.
Silvia Federici teoriko marxistaren ustez, «sorgin ehiza eskulangintzako nekazarien porroteko eta soldatapeko lan kapitalistaren sorrerarako gakoa izan zen». Baita hori baino askoz gehiago ere: «emakumearen porrot historiko handiena» eragin zuen ikertzaile italiarren hitzetan, «mendeko eta etxeko emakumearen ideal burgesak sortuz» eta andreak «ugalketara mugatuz».

Kopuruak zehaztea, ia ezinezko

Eta dozenaka mila biktima izan ziren planeta osoan. “The Economist” egunkariak zifra ikaragarriak argitaratu ditu azken egunotan. Alemania nabarmentzen da Europako gainerako herrialdeen gainetik. 1300 eta 1850 bitartean 16.000 pertsona baino gehiago (gehienak emakumeak) akusatu edo exekutatu zituzten sorginkeriagatik (beste txosten batzuen arabera 25.000 izan ziren). Suitzak jarraitzen dio sailkapenean, 10.000 ingururekin. Bi herrialde horietan, erreforma luteranoek eta kalbinistek arrakala soziala ireki zuten, eta Eliza Katolikoaren nagusigoa mehatxatu. Sorginkeria-salaketak eztabaidak konpontzeko tresna baliagarri bihurtu ziren katolikoentzat eta hortik datoz zifrok.

Erdi Aroko sorgin ehizaren biktima kopurua ezin da, hala ere, fidagarritzat eman. Izan ere, epaiketa-akta asko galdu egin dira, edo, besterik gabe, inoiz ez ziren sortu. Azken batean, prozesu asko ez ziren inoiz modu ofizialean erregistratu.

Sorgina izatea leporatuta erretako pertsona kopuruaren kalkuluak aldatu egiten dira egileen arabera. Genevako Unibertsitateko Michel Poertek 2019ko otsailean argitaratutako ikerketa baten arabera, 1580 eta 1640 artean ezagutzen diren 110.000 prozesuetan, hau da, Europan sorginen ehizaren unerik gorenean, 60.000 eta 70.000 heriotza epai artean eman ziren, landa inguruneetan batez ere. Horietatik %75 inguru emakumeen aurkakoak izan ziren. Historialari horren arabera, Europako populazioaren erdia inguru kolpatu zuen nolabait sorgin ehizak. Esan bezala, zaila da kopuruak zehaztea, baina egile batzuek biktimak bi milioi izan zirela ere defendatzen dute.

Eta eraildako gehienak emakumeak izatea, noski, ez zen kasualitatea izan. Hori, neurri handi batean, garai hartan sorginkeriari buruz idatzitako tratatu askoren izaera misogino sendoarekin azaltzen da, emakumeak moralki ahulagotzat eta deabruarentzat biktima errazagotzat jotzen baitzituzten idatziok.

Horien artean, “Malleus Maleficarum” (Sorginen mailua) izan zen entzutetsu eta garrantzitsuenetakoa. Alemanian argitaratu zuten 1487an eta egileak Heinrich Kramer eta Jacob Sprenger domingotar monje inkisidoreak izan ziren. Ale osorik kontserbatu ez den arren, hainbat pasarte publikoak dira. Deabruak eta bere jarraitzaileek, sorginek, «jainko ahalguztidunaren baimenarekin», gaitz-multzo bat nola hedatzen duten zehazten dute, baita sorginek sorginkeriak nola egiten dituzten ere. Sorginen ekintzak nola prebenitu edo konpondu ere aipatzen dute. Are, sorginak detektatzeko, epaitzeko, sentitzeko edo suntsitzeko metodoak irakasten dituzte. Sorginak hautemateko tortura zerbait natural gisa ulertzen da idatziotan guztietan, eta, hala, metodo horren bidez lortu ziren epaiketetan erabiltzen ziren “probak”.

Mendeak igaro dira dagoeneko eta mugimendu feminista sorgin ehizaren funtsa salatzen 70eko hamarkadan hasi bazen ere, azken urteetaraino ez dira errotu biktimak gogora ekartzeko ekimenak. Kasu kopuruan zerrendako hirugarren lekuan den Eskozian (2.000 kasu daude erregistratuta), adibidez, memoria eta Estatuaren barkamen ofiziala eskatzeko kanpaina bat da martxan, Ameriketako Estatu Batuetan Salemeko kasuarekin gertatu antzera.  Espainiako eta Frantziako estatuek osatzen dituzte sailkapeneko lehen bost postuak. Euskal Herrian ere hainbat kasu izan ziren. Ezagunenak XVII. mende hasierako Zugarramurdikoak eta Lapurdikoak baldin badira ere, lehenago eta ondoren ere izan ziren eta ehunka emakume hil zituzten hainbat prozesutan.

Justizia

Zerrendak zerrenda, jazarpena ez da historiara mugatzen. Indiako Erregistro Kriminalen Bulego Nazionalaren arabera, 2.500 indigena jazarri, torturatu eta hil zituzten 2000 eta 2016 artean sorgin ehizetan. Eta Tanzanian, urtero, 500 emakume inguru hiltzen dituzte «sorginkeria» leporatuta.
Eskozian egindako kanpainaz gain, Kataluniako 150 bat historia irakaslek “No eren bruixes, eren dones” (Ez ziren sorginak, emakumeak ziren) ekimena abiarazi zuten, eta 11.500 sinadura baino gehiago bildu dituzte dagoeneko. Alemanian ere heriotzok aitortzeko lanean ari dira.

Ezaguna da ere Anna Göldiren kasua. Erregistro ofizialen arabera, Europan exekutatutako azken sorgina izan zen, 1782an, adingabe bat pozoitu izana leporatuta. Suitzako Glarus kantoiak 2008an kargugabetu zuen ofizialki. Baina eztabaida luze baten ondoren etorri zen ebazpena. Erabakia eliza katolikoekin eta protestanteekin kontsulta egin ondoren hartu zen. Urtebete lehenago, Gobernu kantonalak eta Eliza Protestantearen Kontseiluak uko egin zioten eskaerari, baina agintariek iritzia aldatu zuten, Parlamentu Kantonalak espedientea berriz aztertzeko eskatu ondoren.

Norvegiako iparraldeko Vardø herri txikiko sorginen kasua ere ezaguna da. Bertan, herriko gizon gehienak arrantzaleak ziren eta emakumeak, berriz, seme-alaben eta zaharren zaintzapean geratzen ziren etxeetan. 1617ko Gabon gauean ekaitz batek 40 gizon baino gehiago hil zituen itsasoan. Emakumeak bizirik irauteko antolatu ziren, eta independentzia hark auzitegietara eraman zituen hiru urte geroago, sorgin izatea eta ekaitza eragin izana egotzita! Guztira, 91 emakume erre zituzten. 2011ko ekainaren 23an, Norvegiako Sonja erreginak Steilneset biktimen monumentua inauguratu zuen.

Aitortzak aitortza, oraindik lan asko dago egiteko. Izan ere, batzuek oraindik genozidio horiek gogoratzen dituzte, adibidez, Walpurgis gauean, apirilaren 30ean. Santa Walpurga VIII. mendeko abadesa anglo-saxoia izan zen, Alemanian misiolari gisa aritu zena eta Alemaniako kristauek goresten dutena «izurriteen, amorruaren eta kukutxeztularen aurka borrokatzeagatik, baita sorginkeriaren aurka ere». Europako erdialdeko eta iparraldeko leku askotan gau horretan sua pizten jarraitzen dute.

Eskozian eta Katalunian justizia bila dabiltzan kanpainek hezkuntzaren garrantzian bat egiten dute, heriotzok historia liburuetatik desagertu baitira. Justizia eta memoria lortzeko ahalegina hezkuntzan hasi beharko litzatekeela iritzi dute. Bitartean, mozorro «beldurgarrien» atzetik igaroko dugu gaua...