Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Ezer ez egitearen zama astuna

Etengabe zerbait egin behar horrek geure burua kapitalizatzera eramaten gaitu eta, hala ezean, errudun sentiaraztera. Baina pertsonok ez gaude etengabe produzitzeko diseinatuta.

Igandea da –zen atzo–. Igande nagia. «Igande» hitzak bere horretan dauka nagi adjektiboa. Baina uzten al diogu benetan nagi izaten? Nik neuk utzi diot eta ezin esan ondo sentitu naizenik. «Nagi» hitzak ere badaukalako erdeinuzko esanahia.

Konektatuta bizi gara, une oro. Deskonektatzea zailagoa da konektatzea baino. Konektatze horrek aktibo egotera behartzen gaitu. Ezin gara zain gauden bitartean aurrera begira egon, egonean; badaezpada mugikorra atera eta zer berri dagoen bilatu behar. Edo aspaldi idatzi ez zenion bati idazteko aprobetxatu, edo hurrengo eguneko planak zehaztu edo dena delakoa. Baina ezin egon zain, bere horretan, zain.

Ba azken igande honetan ezetz esaten ere ausartu naiz. Amak eta lagunek kalerako asmoarekin idatzi eta nik, nahikoa zalantza egin ostean, ezetz, ez neukala gogorik. Askotan gogoz kontra ere sozializatzeko beharra ikusten baitugu, gure gorputzari entzun gabe.

Lana ez bada, aisialdirako plana egin beharrean izaten gara, harekin edo bestearekin. Gizarteak gurekiko itxaropena oso goian izango balu bezala, huts egin ezina ikusten dugu. Une batez geure buruari entzun, eta besteei ez esate horrek gainontzekoengan sekulako burrunba eragingo balu bezala.

Bada, atzo ez nuen ezer egin. Eta gogora etorri zitzaidan aurreko egunean gaixo egon eta hockey partida osoa jokatu zuen jokalaria. Gizarteari huts egin ezin horrek hausnarketara eraman nau. Gainontzekoei ondo gaudela, primeran gaudela, guztia egiteko gogotsu gaudela erakusteko premia horrek ez al gaitu, uste gabe, barrutik ahultzen?

Etengabe zerbait egin behar horrek geure burua kapitalizatzera eramaten gaitu eta, hala ezean, norbera errudun sentiaraztera. Baina ez gaude etengabe produzitzeko diseinatuta eta, beraz, kalitatezko atsedena funtsezkoa dugu makina hautsi aurretik. Beraz, izan nagiak, erru gabe, hurrengo egunean egin behar direnak indarrez hartzeko. Hori bai, badaezpada ere, izan nagi soilik egun batean, igandeetan alkohola utziko duzula esaten denean bezala.