Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Euskararen aldeko kanpaldia abiatu dute NUPen eta larunbat honetarako mobilizazioa deitu dute

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek euskararen aldeko kanpaldia abiatu dute astearte honetan, Arrosadiako kanpusean. Larunbaterako manifestazioa deitu dute Iruñean. 12.00etan abiatuko da Baratxurien Plazatik.

Euskararen aldeko kanpaldia hasi dute NUPen. (Iñigo URIZ/FOKU)
Euskararen aldeko kanpaldia hasi dute NUPen. (Iñigo URIZ/FOKU)

Astearte honetan NUPeko euskara taldeak euskararen aldeko kanpaldia abiatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Izan ere, 34 urte dira NUP sortu zenetik eta, ikasleek prentsaurreko batean azaldu dutenez, «euskarak ez du ia lekurik izan bertan; erregimenak, ordea, nahibeste». Larunbatean Iruñeko Baratxuerien plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute.

Kanpaldi honen bidez, euskarak bizi duen egeora azaleratu nahi dute, bai eta «unibertsitateak gure hizkuntzarekiko hartu duen jarrera» salatu. Ildo horretan, dei egin diete ikasleei eta Nafarroako eragile, elkarte eta norbanako euskaldun eta euskaltzaleei kanpaldira hurbiltzeko eta haien babesa adierazteko.

Lau egunez, hitzaldiak, solasaldiak eta protestak antolatu dituzte unibertsitatean eta ikasleak hauetan parte hartzera animatu dituzte ere.

«Entzun gaitzatela, ikus gaitzatela, hemen badela euskaraz ikasi eta bizi nahi duen komunitate indartsu bat, gure eskubideak zapaltzen dituztenean ez garenak geldirik gelditzen eta gure eskubideen borrokan jarraituko dugula», nabarmendu dute.

Manifestazioa, larunbat honetan

NUPeko ikasleria osoari dei egin diote, halaber, larunbat honetan, azaroaren 6an, 12.00etan, Baratxurien Plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera. Izan ere, narbamendu dutenez, NUPeko euskararen aldeko borrokaren gidaritza Euskara Taldeari dagokion arren, «nafar jendarte osoaren borroka» da.

NUPeko euskara taldeko kideek azaldu dutenez, NUPeko estatutuaren 118. artikuluak dio gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntzak direla. Beraz, unibertsitateko kide guztiek biak jakin eta erabiltzeko aukera dutela zehazten du.

Bestalde, euskararen ezagutzak gora egin duela azpimarratu dute, eta «herena baino gehiago gara jada unibertsitatean ikasten dugun ikasle euksaldunak».

Garaipen txiki batzuk lortu dituzten arren –Gizarte Laneko graduan bost ikasgai gehiago eskaini dituzte euskaraz–, euskararen aldeko ikasleentzat ez da aski, ez baita oraindik «euskararen gaia zintzoki landu» eta «normalizazio linguistikoan urratsik eman».

Gainera, gogoratu dute hamarkadetan zehar «euskararen aurkako politika linguistikoa» izan dutela ardatz errektoretza talde desberdinek, eta «gorroto horretatik ailegatu gara gaur egungo inmobilismora».

Egun euskara «hirugarren mailako hizkuntza» dela irmoki salatu dute ikasleek, «lehenago hauspotzen baitu unibertsitateak ingelesa euskara baino».

Urte luzez eskubide linguistikoen alde borrokan aritu diren ikasleek gaurkoan hainbat neurri exijitu dituzte. Esaterako, NUPen euskara plana martxan jartzea eta euskararen errektoreordetza sortzea; euskarazko kredituei dagokienez, aurreko kurtsoetan emandako pausuak jarraitzea; ikasleen kontratazioan euskara aintzat hartzea; eta langileak kontratatzeko orduan euskararen ezaguntza bermatzea.

Ikasle mugimenduaren babesa

Euskararen aldeko manifestazioa eta kanpaldia ikasle mugimendu osoak babestu dituela gogoratu dute ikasleek eta, horien arabera, «argi geratzen da ikasle komunitatearen babes handia duela euskaraz ikastearen aldeko borrokak».

Hala, NUPeko talde feministak, NUPeko neska gazte ikasleek, Akelarre emakume taldeak, NUPeko Ernaik, NUPeko Ikasle Abertzaleak, Ikasleok martxan Nafarroak eta Unibertsitateko Indar Batasunak babestu dituzte antolatutako ekimenak.