Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Xabi Payak eta Iker Oruetak ‘Bihotza kate’ album ilustratua sortu dute

Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Peru Abarka lehiaketa irabazi dute bi sortzaileek, eta elkarrekin liburua argitaratu dute. Xabi Payak bere amaren eta aitonaren istorioa kontatzen du labur, fikzionatuta, eta Iker Oruetak orrietako antzokian marraztu ditu pertsonaiak.

Xabi Payak eta Iker Oruetak indarrak batu dituzte ‘Bihotza kate’ album ilustratuan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Xabi Payak eta Iker Oruetak indarrak batu dituzte ‘Bihotza kate’ album ilustratuan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Xabi Payaren familiak harremana du arte eszenikoekin, eta askotan galdetzen omen diote nolatan dauden denak eszenatokietara hain lotuak. Berak dio ez dela kasualitatea, ama Carmenek, nolabait, arrasto hori utzi baitzuen seme-alabengan. Bere amak aitona Fidelek nahi bezala enpresa arloko ikasketak hasi zituen, baina bere pasioa antzerkia zen. Halako batean izan zuen aukera Madrilera joan eta mundu horretan ibilbide bat hasteko, izen handien ondoan.

Baina bizitzan aukerak egin behar dira, bidegurutzetan nondik joango garen erabakitzeko, eta Xabi Payaren amak enpresa eta antzerkia alde batera utzi eta hirugarren bide bati ekin zion, amets batzuei uko eginez eta beste batzuk sortuz.

Bere amets zaharrek, berriz, badute oraindik pisua –Xabi, Fredi eta Itxaso, hirurak dira bertsolariak, beste gauza askoren artean–. Amari eta berak hartu beharreko erabakiei omenaldia egin nahi izan die Payak ‘Bihotza kate’ (Erein) liburuan. Testua idatzi eta Markina-Xemeineko Udalak antolatzen duen Peru Abarka sariketara aurkeztu zuen.

«Lehen aldia da idazle adjektiboa onartuko dudana. Itzulpenak eta gidoiak egin ditut, Maurizia panderojotzailearen biografia kaleratu dut anaiarekin batera, baina sekula ez dut idatzi; liburu artefaktuari errespetua diot», aitortu du Payak.

Testua idazteko amarekin hiru urtez egon da lanean, bere bizitzari buruzko gauzak galdetuz. Aitona Fideli buruz ere galdetu dio. «Gure aitonak bihotzeko gaitza zela eta ezin zuen eztabaidatu, eta idazmakinaz idazten zituen errietak, gero eskuz emateko. Gutun horiek ere baditut», azaldu du idazleak. Pasadizo guzti horiek bildu, txukundu, laburtu eta fikzionatu ostean, lehen bait lehen zabaldu nahi zituen bere amak horretaz disfrutatu dezan.

21 lanen artean Payarena garaile atera ondoren, album ilustratua osatzeko marrazkigilea bilatzeko unea zen. 3 besterik ez ziren aurkeztu baina Iker Oruetaren proposamenak betean asmatu zuen. Izan ere, antzoki batetan kokatu zituen protagonistak, fikzionatuz eta labur-labur kontatzen den istorioa antzezlan bat izango balitz bezala.

«Nik antzerkiarena ez nuen testuan irudikatu, baina ez nuke modu hobeagorik aurkituko hori islatzeko», aipatu du Payak Oruetaren lana goraipatuz. Ilustratzaileak, berriz, esan du «testua nahiko egonkorra» dela eta irudigile bezala ez zuela horren zentzua aldatu nahi. «Erronka izan da testuaren inguruan nire ekarpena eraikitzea, ez gainean. Paraleloan eraiki dut testuaren zentzua aldatu gabe», argitu du.

Aipatu duenez, testuaren lehen irakurketa irudien bila egin zuen, eta segituan etorri zitzaion burura antzerkiaren mundua. Horregatik, bi elementuek, testuak eta irudiek, «metanarratibarako» ematen dituen aukerak aprobetxatuz, irakurleak bere interpretazioa egitea bilatzen zuen.

Ondorioa ‘Bihotza kate’ da, bizitzari burruzko kontakizuna, guztiok egunero egin behar ditugulako hautuak, eta horiek gure etorikizuna eta ondorengoena markatzen dutelako. Istorio zehatz batetik jaio zena, unibertsala den ipuin bilakatu da.