TKE Ligako Diziplina Epaileak lau estropadetan parte ez hartzeko zigorra ezarri dio Jon Salsamendi Orioko entrenatzaileari abuztuaren 1ean Santurtzin izandako gertaerengatik. Ebazpen horretan azaltzen denez, «Diziplina-Araudiaren 14.a) artikuluan arau-hauste larritzat hartzen baitira epaileei irainak egitea».
Komeni da gogoratzea egun hartan Santurtziko estropada eremuan gertatu zena. Oriok ohorezko txandan egin zuen arraun Santurtzi, Hondarribia eta Zierbenarekin batera, eta Bilboko itsasadarrean beti gertatzen den moduan, traineruak korrontearen arabera kalez aldatzen ibili ziren luze bakoitzean.
Orioren kasuan, bigarren luzean "zero" kalera sartzen saiatu zen, korrontetik ihes egin eta Hondarribiaren ubera hartzeko. Baina epaileak ez zion maniobra hori egiten utzi eta bandera zuria ere atera zion oriotarrei.
Jon Salsamendik oso haserre amaitu zuen epailearen erabakiarekin eta bere protestak argi ikusi ziren telebistaz. Hori bai, ebazpenean "irainak" aipatzen dira –araudiaren erdarazko bertsioan "insultos u ofensas"– eta hori eztabaidagarria izan daiteke.
ETBk aipatu duenez ebazpenari errekurtsoa ipintzeko aukera izango du Oriok, baina arrakastarik izan ezean Jon Salsamendik ezin izango luke datorren denboraldiko lehen lau estropadetan bertatik bertara normaltasunez lan egin.