Arnaitz Gorriti

Bigarren taldeko hiru jokalarirekin egingo dio aurre Bilbao Basketek Real Madrili igandean

Lesio ezberdinak tarteko, Tomeu Rigo, Alejangro Galan eta Alex Reyes ez dira igandean WIZink Centerren izango. Hala ere, Mumbruk ez du bere taldea Madrilera burumakur joaterik nahi. «Irabazteko itxaropenik gabe joatekotan, hobe dugu etxean gelditu», esan du.

Hutsuneak hutsune, Bilbao Basketek Real Madrilen aurka aukerak izango dituela uste du Jonathan Rousselle kapitainak. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Hutsuneak hutsune, Bilbao Basketek Real Madrilen aurka aukerak izango dituela uste du Jonathan Rousselle kapitainak. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Real Madrilen etxean jokatu beharko du Surne Bilbao Basketek igandean 20.00etatik aurrera. Egia da Madrilgo taldea Munitxeko Bayernen Euroligako neurketa ostiral gauean jokatzetik buelta iritsiko dela partida hortara, eta egia da ere Pablo Lasoren gizonek lesioekin nahikoa komeria badutela azken aldian, baina Bilbao Basketek bigarren taldeko hiru jokalarirekin egin beharko dio aurre talde zuriari, Tomeu Rigo, Alex Reyes eta Alejandro Galan min hartuta baitaude hirurak.

Konfirmatzeke badago ere, Aiert Velasco, Gonzalo Basterrechea eta Iker Chacon izango dira hautatuko hiru gazteak, denboraldi aurrea Mumbruren esanetara eman baitzuten. Esaterako, Breoganen aurkako aurreneko lagun arteko norgehiagokan hiru hauek minutuak izan zituzten.

Ez du, ordea, negar zotinik nahi beltzezko gizonen entrenatzaileak. «Real Madrilen aurka irabazteko behar dugun aurreneko nahitaezko osagaia irabazi dezakegula sinestea da. Irabazteko itxaropenik gabe bagaude, hobe dugu etxean gelditu», adierazi du bere asteroko prentsaurrekoan.

«Hasteko, Madrilen ongi jokatzeko gai garela uste dut eta intentzio horrekin goaz. Real Madrilek nekez galduko ditu bi partida jarraian etxean, eta bere azkenengo hitzorduan Kanaria handiaren aurka galdu zuen. Hala ere, guk gurean pentsatu behar dugu. Guk aukerak izatekotan, agian Real Madril ezingo da bestetan bezain fin aritu, baina lehenbizi gure jokoa egin beharko dugu eta gero, gerokoak», adierazi du.

Jonathan Rousselle Bilbao Basketeko kapitainak antzera egin du berba asteon. «Hasteko eta bat gure buruarengan sinetsi behar dugu. Ez dakit aukera asko edo gutxi zer izango dugun Madrilen, baina ziur nago momentu onen bat izango dugula, eta une horiek baliatu beharko ditugu emaitza ona bat ateratzeko», nabarmendu du antolatzaile frantsesak.

Bestalde, orain arte etxetik kanpo jokaturiko neurketa guztiak galdu ditu Bilbao Basketek, eta hargatik azkenaurreko postuan dago uneotan 2-6ko balantzea aldean, Betis eta Fuenlabradarekin berdinduta.

Alabaina, Badalonako entrenatzaileak gogorarazi du «etxetik kanpo jokatu ditugun partida horietan guztietan lehiakorrak izan gara. Kasu honetan ere, gustatuko litzaiguke azken minutuetara aukerekin iritsiko bagina. Taldea hazten ikusten dut jardunalditik jardunaldira eta beste urrats bat aurrera ematea suposatuko luke honek», iritzi dio Mumbruk.

«Manta motzaren» teoria

«Defentsarik onenaren aurka jokatuko dugu», gaineratu du Alex Mumbruk. Ez da guztiz egia, Bartzelonak puntu gutxiago, 545, jaso baititu orain arte Real Madrilek baino. Hala ere, 556 puntu bakarrik jaso ditu Pablo Lasoren taldeak; hau da, partidako 69.

Bilbao Basketek, aldiz, 87 jasotzen ditu partida bakoitzean batez beste, eta defentsako lan hori findu ezean, gorriak ikusi behar ditu. Orain arte irabazi dituen bi neurketetan 80 puntutik gora saskiratu behar izan ditu, eta hori ez da beti posible izaten.

«Manresaren aurka defentsa batzuetan kale egin genuen», adierazi du Jonathan Roussellek, bere aldetik. «Kantxa zail batean lehiakor izan ginen, baina atzean huts egin genuen eta hortxe joan zitzaigun partida. Erasoan talentua badaukagu; puntuak badauzkagu, baina defentsan gogorrago aritu behar dugu», ondorioztatu du Bilbao Basketeko kapitainak.

Defentsaz gain, Real Madrilen aukera aniztasuna azpimarratu du Alex Mumbruk. «Dena babestu ezin duen manta bat da guk duguna Real Madril lako talde baten aurrean. Heurtel ez bada, Hanga azalduko da; Hanga ez bada, Tavares; Tavares ez bada, Yabusele... Fisikoki mailarik goreneko jokalariak ditu eta erasoan barrutik nahiz kanpotik makina bat aukera dauzka partidak bere aldera eramateko. Gure aldetik saiatuko gara alde guztietara iristen, ezin dugu besterik egin», onartu du Bilbao Basketen entrenatzaileak.