NAIZ

Bottasentzat Mexikoko polea eta Mercedesko pilotuak Red Bullekoen aurretik aterako dira

Mercedesko pilotuak faborito zen Red Bulleko Verstappen eta bere taldekide Hamilton ezustean hartu eta denbora onena egin du Mexikoko Sari Nagusiaren sailkapen proban. Finlandiarrak bere ibilbideko hemeretzigarren polea lortu du. 

Bottas eta Hamiltonen arteko besarkada, sailkapen proban Red Bullekoak baino hobeto aritu ostean. (Alfredo ESTRELLA / AFP)
Bottas eta Hamiltonen arteko besarkada, sailkapen proban Red Bullekoak baino hobeto aritu ostean. (Alfredo ESTRELLA / AFP)

Valtteri Bottas (Mercedes) pilotu finlandiarrak polea lortu du larunbat honetan eta beraz, igandean Hermanos Rodriguez Autodromoan jokatuko den Mexikoko Sari Nagusiko lehen postuan irtengo da, Lewis Hamilton (Mercedes) britainiarraren eta Max Verstappen (Red Bull) herbeheretarraren aurretik. 

Lehen itzulian Bottas bera izan bazen azkarrena ere, bigarrengoan bere taldekide Hamiltonek egin zuen denbora onena, Verstappenen aurretik. Hala, azken itzulian Mercedesko pilotuek Red Bullekoak baino hobeto aritu dira, txapelketako liderra eta etxean lehiatzen zen Sergio 'Checo' Perez, alegia. 

Hala, sailkapen probako hirugarren itzulian finlandiarrak eginiko 1:15.875 minutuko bira onenak ezustean hartu zituen Red Bulleko pilotuak eta baita Hamilton bera ere. Britainiarra bigarren aterako da igande honetako Sari Nagusian eta bost lasterketen faltan, liderrari puntuak jateko aukera ona izango du Hermanos Rodriguez Autodromoan. 

Bottasek bere ibilbideko hemeretzigarren polea gehitu du larunbat honetan. Sailkapen nagusian hirugarrena da, Verstappen eta Hamiltonen atzetik, hain zuzen ere. 

Sergio 'Checo' Pérez (Red Bull) mexikarrak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, itzulerako azken saiakeran akats bat egin ondoren.

Pierre Gasly frantziarrak (AlphaTauri), Carlos Sainz espainiarrak (Ferrari), Daniel Ricciardo australiarrak (McLaren), Charles Leclerc monegaskoak (Ferrari), Yuki Tsunoda japoniarrak (AlphaTauri) eta Lando Norris britainiarrak (McLaren) osatu zituzten lehen hamar postuak.

Lehendabiziko itzulian Lance Stroll (Aston Martin) kanadarrak istripua izan du eta zenbait minutuz proba geldituta egon da. 

1 Formulako Mexikoko Sari Nagusiko sailkapen probako datu guztiak NAIZeko webgune berezian aztertu daitezke