NAIZ

Bandera gorriarekin amaitu den MotoGPko Portugalgo lasterketa irabazi du Bagnaiak

Algarveko Sari Nagusia amaitzeko bi buelta falta zirenean, Miguel Oliveirak eta Iker Lecuonak erorikoa izan ondotik, probaren %75a osaturik zegoenez, amaitutzat eman dute lasterketa. Francesco "Pecco" Bagnaia hasieratik amaiera arte liderra izan da eta urteko hirugarren garaipena eskuratu du.

Francesco "Pecco" Bagnaia, poz-pozik garaikurra altxatuz. (Patricia DE MELO MOREIRA/AFP)
Francesco "Pecco" Bagnaia, poz-pozik garaikurra altxatuz. (Patricia DE MELO MOREIRA/AFP)

Ezusteko amaiera izan du MotoGPko Algarveko Sari Nagusiak. Izan ere, proba amaitzeko bi buelta falta zirenean, Miguel Oliveira etxeko pilotoak (KTM RC 16) eta Iker Lecuona valentziarrak (KTM RC 16) erorikoa izan dute Portimaoko zirkuituko hamahirugarren bihurgunean. Bigarren honek barkamena eskatu dio ondoren bere aurkariari. Egoera honek lasterketa geldiarazi du bi pilotoen egoera aztertzeko eta, probaren %75a osaturik zegoenez, amaitutzat eman dute lasterketa.

Momentu horretan Francesco "Pecco" Bagnaia italiarra (Ducati Desmosedici GP21) zen liderra –egia esan, hasieratik gidatu du lehendabiziko postuan– eta beretzat izan da garaipena, hirugarrena denboraldi honetan alegia.

Bagnaia azkarrena izan zen larunbateko sailkapenean, eta igande honetan gauza bera erakutsi du semaforoa itzali denean. Hori bai, lehendabiziko metroetan taldekide den Jack Miller australiarrarekin lehia bizia mantendu du. Italiarrak beranduxeago frenatu du eta hortxe eskuratu du lidertza. Amaiera arte mantendu du lehen postua.

Atzetik, Joan Mirrek (Suzuki GSX RR) bigarren postua bereganatu du Miller aurreratu ostean eta Bagnaiarekin batera atzetik zetorren taldeari abantaila atera diote: Miller, Jorge Martin (Ducati Desmosedici GP21) eta Alex Marquez (Honda RC 213 V). Hauen atzetik dagoeneko munduko txapelduna den Fabio Quartararo (Yamaha YZR M 1) frantsesa zegoen.

Biraketak pasa ahala, Bagnaiak hamarreko gehiago ateratzen zizkion Joan Mirri, zeinek bigarren postua ziurtatu nahi zuen. Hala, lasterketa amaitzeko bi buelta falta zirenean, hasieran aipaturiko erorikoa izan dute Miguel Oliveirak eta Iker Lecuonak, eta Algarveko Sari Nagusia bertan amaitu da.

Bagnaia irabazlearen atzetik lehenengo hamar postuetan sailkatu dira Joan Mir eta Jack Miller –podiumera igo dira hiru hauek–, Alex Marquez, Johann Zarco (Ducati Desmosedci GP20), Pol Espargaro (Repsol Honda RC 213 V), Jorge Martin (Ducati Desmosedci GP20), Alex Rins (Suzuki), Enea Bastianini (Ducati Desmosedci GP20) eta Brad Binder (KTM RC 16).

Algarveko Sari Nagusiaren datu guztiak NAIZeko webgune berezian azter daitezke.