NAIZ

Oier Oaren auziaren egunean elkartasun lasterketa egin dute Hiriburu eta Baiona artean

Oier Oak auzia du astelehen honen arrataldean Parisen. Epaitegiak zigorrari loturiko lurralde debekua bertan behera uzteko donostiarraren defentsak aurkezturiko eskaria aztertuko du. Auziaren atarian lasterketa egin dute Etxepare lizeoko ikaslek eta lankidek.

Etxepareko Lizeoko ikasleak, lasterka Baionan Oier Oaren alde. (Guillaume FAUVEAU)
Etxepareko Lizeoko ikasleak, lasterka Baionan Oier Oaren alde. (Guillaume FAUVEAU)

Iazko azaroaren 25ean lantoki duen Baionako Etxepare lizeora bidean kontrol batean atzeman zuten Oier Oa. Geroztik bere emaztea eta hiru semeengandik urrundurik bizitzera behartua izan da. Hain zuzen ikastetxe horretan hezitzaile moduan lan egiten duen Oarekin elkartasun ekimena egin dute. Hala Hiriburu eta Baiona gaindi iragan den korrika egin dute.

Oa atzeman zuten tokitik bertatik korrika egin dute Etxepare lizeoko ikaslek eta lankideek. Hala, Hiriburuko Aturri kolegiotik gertu dagoen biribilgunetik abiatu da lasterketa 11.30ak aldera eta handik atxilotu zuten egunean Oak ezin izan zuen 7 kilometrotako ibilbidea osatu dute.

Elkartasun ekimena lizeoan bertan amaitu dute lekukoaren barruan zeraman Oak idatzitako mezua irakurriz.

Gaur arratsaldean Parisen bere abokatu den Amaia Rekartek kartzelatik atera zenetik, 2015ean, indarrean sartu zen lurralde debekua bertan behera uzteko aurkezturiko eskaria aztertuko du.

Auzi saioak Larresoron errotuta dagoen preso ohi donostiarraren bizi egitasmoa erabat baldintza dezake. Bere defentsak eginiko eskaera aintzat hartuz lurralde debekua kenduko baliote, Oak bere familiarekin Larresoron zeraman bizimodu arrunta berreskuratzeko aukera izango luke.

Auzitegiak Oaren aurka joko balu, preso ohiarentzat eta bere familiarentzat ondorio larriak izango lituzke erabakiak.

Auziak duen garrantziaz jabeturik, hainbat elkartasun ekimen antolatu dituzte bai Baionan bai Larresoron Oaren egoera behingoz konpon dezatela eskatzeko.

Larresoron bertan elkarretaratze jendetsua egin zuten joan zen ostiralean. Horren ondotik herriko frontoian euskal preso ohiaren auzia jorratzen duen "Zigor bat gehiago" dokumentala ikusteko parada ukan zuten bertaratu ziren hamarnaka lagunek. Gaur 20.00tik landa ikusgai izanen da dokumenntala Kanaldude telebistaren webean.