Feminismo Marxistaren Nazioarteko IV. Konferentzia azaroaren 11, 12 eta 13an gauzatuko da online, jardunaldi guztiak Zoom plataforma bidez igorriko direlarik esteka honen bidez. «Birtualki bada ere, munduko txoko guztietako hizlari eta entzuleek espazioa eta unea partekatuko dute hiru egunez», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez.
Transform! Europe, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo-Barcelona (BIBA CT), Berliner Institut für Kritische Theorie (InkriT), Rosa Luxemburgo Fundazioa eta ParteHartuz taldeak dira IV. Konferentzia honen antolatzaileak.
Bertan izango diren hizlarien berri ere eman dute: Tithi Bhattacharya, Lorena Cabnal, Ochy Curiel, Christine Delphy, Ana Cecilia Dinerstein, Dilar Dirik, Elsa Dorlin, Jules Falquet, Silvia Federici, Nancy Fraser eta Frigga Haug izango dira, besteak beste. «Mundu osoan entzutetsuak diren feminista historiko hauek, esparru feminista eta marxista tradizionalean nagusi diren zenbait tesi eta praktika aztertuko dituzte, feminismo deskoloniala, materialista, ekosozialista eta transozialista oinarritzat hartuz». Aipatutako hizlari hauen hitzaldiek zuzeneko itzulpena izango dute.
Jakinarazi dutenez, konferentzian, gainera, dozenatik gora panel kolektibo ere izango dira. Hauetan «balioaren azterketa, lana, erreprodukzio soziala, arrazalizazioa, sexualizazioa eta estatua» bezalako gaiak aztertuko dira, eta panelok jatorrizko bertsioan eskainiko dira. «Parte-hartzaile gehienak militantziatik, aktibismotik zein mundu akademikotik datoz, eta hainbat herrialdetako ikuspuntu ezberdinak mahai-gaineratuko dituzte: Latinoamerika, Estatu Batuak, Asia, Ekialde Hurbila zein Europa hegoaldeko hizlariak bertaratuko dira, besteak beste».
Hitzaldietan feminismo garaikidearen «erronka eta analisi desberdinak jorratuko dira, eta Haug filosofo alemanak bildutako Feminismo Marxistaren XIII tesiek ere zeresana emango dute». Bestalde, paneletan tankera askotako gaiak jorratuko dituzte: emakume andaluziar iraultzaileak, #MeToo mugimendua, korronte feminista desberdinak eta haien erronkak, sufragistek bideratutako ‘Ogia eta arrosak’ eta emakume nekazariak zein artistak.