NAIZ

Bigarren zatiko defentsa aldaketari esker irabazi dio Bidasoak Cuencari (38-32)

Dariel Garcia eta Jon Azkueren golek eta 5-1eko defentsa aldaketak hautsi dute partida gipuzkoarren alde aurreneko zati estu baten ondoren. Bartzelonan, Helvetia Anaitasunak 38-30 galdu du Palau Blaugranan, baina lanak eman dizkio Asobal Ligako liderrari.

Erasoan eta defentsan Dariel Garcia kubarra ezinbestekoa izan da Bidasoa-Irunen garaipenean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Erasoan eta defentsan Dariel Garcia kubarra ezinbestekoa izan da Bidasoa-Irunen garaipenean. (Gorka RUBIO / FOKU)

BIDASOA-IRUN 38 - CUENCA 32

Asobal Ligako bigarren postuari eutsi dio Bidasoa-Irunek, baina ez sufritu gabe. Ia 40 minutuan borroka latza izan du Cuencaren aurka, baina azken 20 minutuetan ateratako aldea izan du lagun itxura baten garaipen erosoa dirudien hau lortzeko.

Defentsa aldatu du Jacobo Cuetarak, eta 6-0tik 5-1era pasa da. Egiari zor, bete-betean asmatu du irundarren entrenatzaileak. 17-18 galtzen egotetik, zortzi goleko errenta zabaltzera iritsi dira gipuzkoarrak. Frustrazioak eta etsipenak hartuta, haserre eta behar baino oldarkorrago amaitu dute Cuencako jokalariek partida, baina hori ez da Bidasoaren errua, beraiena baizik, ez dutelako 5-1eko defentsa hori zulatzen jakin.

Gezurra badirudi ere, 6-0 defentsaren aurrean pibotea bikain bilatu dute kanpokoek. Bidasoak ongi ekin dio partidari, Jon Azkueren golen bitartez eta Kauldi Odriozolaren talentuaren eskutik, baina Cuencak sei metroko marra hori bikain bilatu du eta bere horretan eutsi dio partidari. Are gehiago, Grbavac atezainak egindako gelditu batzuei esker, aurrea ere hartu dute atsedenaldia baino lehenagoko minutuetan. Hala ere, azken segunduan Odriozolak 17na berdindu du aldageletara bidean.

Dariel Garciaren besoa

Bigarren zatiko aurreneko gola Cuencak sartu du eta hori ez zaio batere gustatu Jacobo Cuetarari. Bada, 5-1eko defentsa jartzea deliberatu du –aurreneko erdiko azken minutuetan ere antzeko saiakeratxo bat egin du, baina hainbesterainoko arrakastarik gabe–.

Gutxik usteko zuketen halako aldaketa gertatu behar zenik neurketan; izan ere, 17-18tik 26-22ra aitaren batean pasa da neurketa. Kauldi Odriozola sei metroko lerroko defentsari aurrea hartuta uneoro traban eta enbarazu egiten, sekulako baloi pila galdu du supituki Cuencak, eta erasoan, berriz, Dariel Garcia kubarrak egundoko bolada harrapatu du. Jon Azkuek eta biek zazpina gol sartu dituzte, baina kubarraren besoa ezinbestekoa izan da markagailuan Bidasoak behin betiko aurrera hartzeko.

Behin partida hautsita, Azkue bera, Cavero eta Rodrigo Salinasen txanda iritsi da. Era guztietako golak sartu ditu Bidasoak, Cavero hegaleko jokalari ezkertiak batez ere, baloiari gogoak eman dion edonolako gurpil emanez atezaina gainditzeko.

Behin partida erabakita, Cuencako jokalariak suminduegi geratu dira eta porrota irentsi ezinik, partida behar baino gehixeago berotu dute. Hala ere, Bidasoako jokalariek ez dute inolako haserrealdirik piztu eta Xoan Ledo Bidasoako atezainak berak sarturiko gol batekin, beste gorabeherarik gabe amaitu da neurketa.

BARTZELONA 38 - HELVETIA ANAITASUNA 30

Ez da erraza Bartzelonaren aurka jokatu beharra Asobal Ligan, baina Helvetia Anaitasunak beldurrik gabe ekin dio. Quique dominguezenek aurreneko minutuetan markagailuan ekimena ere eraman dute, arineketa baten jokatzen, Bartzelonako jokalari hainbatek selekzioekin partidak jokatuta nekea pairatu zezakeelakoan.

Ezin zaio gehiago eskatu talde iruindarrari. Liderraren aurka hortzak erakutsi ditu eta ahal izan duen neurrian eutsi ere bai, azken hamar minutuetan besoak jaistera egin duen arte.

Gol bat baino gehiagoko abantailarik ez dute izan, hala ere, iruindarrek. Hainbeste abiadura eman nahi izan diote nafarrek jokoari, ezen behar baino baloi gehiago galdu dituztela. Hala, Antonio Carlos Ortegaren gizonek Blaz Jancen bitartez erraz asko berdindu dute partida behin eta berriz.

Aurreneko erdian aurrera egin ahala, Perez de Vargas atezainak katalanen atea itxi egin du eta askoz gehiago kosta zaie nafarrei Quique Dominguezenei golak sartzea, hegaletik Alvaro Gastonek eta Martin Ganuzak tarteka atea zulatu badute ere. Gol horiei esker, Bartzelonak ezin izan du markagailuan hanka egin, ez nahi beste bederen.

Izan ere, 17-12 ere alde egin dute etxekoek; zazpi jokalarirekin erasotzen saiatu da Anaitasuna, eta atea hutsik dela pare bat gol jaso dituzte. Hala ere, 19-16raino itxuratu dute markagailua. Lastina izan da hala ere, lehenengo zatiko azken jokaldian Ander Izquierdok ezin zazpi metroko jaurtiketa gauzatu izana, Perez de Vargasek bikain eutsi baitio eskuin eskuaz.

Duintasunez

Kosta egin zaio Anaitasunari aurreneko zatiko erritmo berera iristea bigarren erdiari ekiteko unean. Bartzelonak atezaina aldatu du eta Maciel atezain argetinarrak bikain ekin dio lanari, sei metrotatik pare bat bakloi geldituz. Ondorioz, kontraerasoan Bartzelonak zortzi goletaraino luzatu du bere aldea, 27-19, Janc, N'Guessan eta Ariñoren bitartez.

Duintasunez eutsi dio talde nafarrak katalanen erauntsiari, dena den. Hutsartea eskatu du Quique Dominguezek eta erasoan Ibai Meoki aurkitu du. Partidari buelta ematea ezinezkoa zela bistakoa izanagatik, 27-22raino murriztea lortu dute iruindarrek.

Izan dute gehiago ere hurbiltzeko abagunerik, baina Bartzelonak amaigabeko errekurtso pila dauka, eta Domen Makuc esloveniarrak bat-baten aurkako erasoetan zernolako talentua duen erakutsi du.

Makuc esloveniarra, Ludovic Fabregas Ipar katalana eta Melvyn Richardson –Jackson Richardson mitikoaren semea– jokoan sartu dira azken minutuetan eta aldeak berriz ere egin du gorantz, azken orduko 38-30era iritsi bitartean. Anaitasunak ez du sekula bururik makurtu, eta hori ez da gutxi. Baina Bartzelonari kilimak egiteko gehiago behar da.

Dominguez: «Gure izaera erakutsi dugu»

Porrota porrot, nahiko gustora azaldu da Quique Dominguez Anaitasunako entrenatzailea. «Gure izaera erakutsi dugu uneoro, aurreneko zatian batik bat. Badakigu nolakoa den Bartzelonaren maila, baina guk ez diogu muzinik egin sorpresa emateari. Akaso nahi baino baloi gehiago galdu ditugu eta horrela gol erraz batzuek jaso ditugu».

«Gero, bigarren zatiaren hasieran behar baino gehiago kale egin dugu jaurtiketan, Bartzelonako atezainen maila ere nabarmendu da hor, eta lastima izan da aldea atera digutela. Hala ere, gure izaera atera dugu eta azkenera arte borrokatu dugu», amaitu du iruindarren entrenatzaileak.