NAIZ

Gazteen ikuspuntutik hezkuntza eraldatzeko hausnarketa jaso du Ernaik Jardunaldi Nazionaletan

200 gazte inguru elkartu dira hezkuntza eta burujabetza ardatz izan dituen Ernairen Jardunaldi Nazionalaren lehenengo egunean. Besteak beste, Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua, gazteen buru osasuna eta gazteen parte-hartzea politikan izan dituzte mintzagai.

Jendetza elkartu da Ernairen Jardunaldi Nazionalen lehenengo egunean. (ERNAI)
Jendetza elkartu da Ernairen Jardunaldi Nazionalen lehenengo egunean. (ERNAI)

Ernai gazte antolakundeak Gasteizko campusean abiatu ditu asteazken honetan Jardunaldi Nazionalak, eta ertz askotatik hausnartu dute hezkuntzaren, burujabetzaren eta gazte problematiken inguruan.

200 gazte inguru bildu dira bi egunetako jardunaldien lehenengoan, eta Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua izan dute mintzagai Iñaki Etayo eta Xabier Urtasunek. «Hezkuntzaren elitizazioaren isla» da Euneiz beraien ustez, ikasturte bakoitzean 8.000 euro ordaindu beharko delako eta, gainera, enpresa pribatu honek diru publikoa jasoko duelako.

Hezkuntzaren merkantilizazioaz hitz egin du Sortuko Pello Otxandianok ere. Euskal Herrian hezkuntza sistema «kolapsoaren atarian» egon daitekeela esan du, eta honek aukera leiho bat ireki dezakeela beste eredu bat proposatzeko.

Proposamen hori «euskal hezkuntza sistema publiko, feminista eta burujabetzarako bidean» egin behar dela iritzi dio.

Ikasle mugimendua

Sepc-eko (Sindicat d'Estudiants dels Països Catalans) eta Ernaiko kideek nazio zapalduetako ikasle problematika jarri dute auzitan. Talde bien iritziz, funtsezkoa da ikasle mugimenduaren papera, ikasleriaren baldintza material eta subjektiboak hobetzeko nahiz beste unibertsitate eredu bat mahaigaineratzeko.

Gazteen parte-hartze politikoa izan da beste hitzaldietako bat. Bertan maila politikoan gazteen parte-hartzearen garrantziaz aritu dira Irati Agorria, Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidea eta Lola Eslava.

Iratxe Delgado LABeko kideak eta Manu Martinezek (Ernai) gazte boterearen inguruan hitz eginez eman diote egunari segida. Gazte boterea burujabetza eta intsumisio ariketa gisa definitu dute, zeinak boterea eraiki eta lehiatzeko bitarteko oinarrizko bat duena: gazte antolakuntza.

‘Gazteon osasun mentala, prekarietatearen itzala’ mahai-inguruan Ane Alava eta Izaskun Alvarez psikologoek hartu dute hitza. Azken datuei erreparatu eta errora jotzeko hurbilpen bat egin dute.

‘Burujabetzaz Euskal Herria’ eraiki saioan, halaber, burujabetza prozesu ezberdinen inguruan jardun dute Onintze Oleagak, Floren Aoizek eta Txomin Povedak. Instituzioak «tresnak» direla azpimarratu dute, eta ezinbestean herri mugimenduarekin elkarlotuta joan behar dutela.

Feminismoari eta burujabetzairi eskaini diote azkenengo saioa. Sistema kapitalistari aurre egiteko Euskal Herri feminista eta burujabea beharrezkoa dela aldarrikatu dute Bilgune Feministako Ainhoa Olasok, Euskal Herriko Neska* Gazteak-eko Naia Kortabarriak eta Amaiur Egurrolak eta Ernaiko Amaiur Arbek.

Ostegunean, gehiago

Ostegunean jarraituko du Ernairen Jardunaldi Nazionalak. 10.00etan elkartuko dira Gasteizko campusean, ondoko mahai-inguru eta hitzaldiei bide emateko: ‘Unibertsitate burujabe, publiko, komunitario eta euskaldun baterantz’ (Jon Arrieta eta Nikole Ziaurrusta Ernaiko kideen eskutik); ‘Espainiar Estatua arrakalatzen’ (Arran, Darreu, Yesca, Isca eta Briga-ko kideekin); ‘Burujabetza ekologismotik’ (Tasio Erkiza, Jokin Bergara, Oihan Mendo eta Ainhoa Intxaurrandieta).

Arratsaldean ‘Larrialditik duintasunera’ lelopean manifestazioa egingo dute 18.30ean Letren Fakultatetik hasita eta jarraian Gasteizko Gaztetxean hainbat kontzertu antolatu dituzte, jardunaldien amaiera emateko.