Ekuadorko eta Peruko Amazoniako 600.000 indigena baino gehiagok bat egin dute petrolio enpresei aurre egiteko, euren habitata suntsitzen ari direlako. Petrolioa, egurra moztea eta meatzaritza jarduera jasangarriekin ordezkatzea proposatzen dute.
Ekuador eta Peruko Amazoniako Arro Sakratuetako jatorrizko herrietako ordezkaritza batek «erauzketa-jarduerak ezabatzeko» plan zehatza aurkeztu du COP26 klimaren goi-bileran.
Glasgowen horretarako nazioarteko aliantzak egiten saiatzen diren bitartean, beren antzinako lurraldean Repsol, Sinopec, Pluspetrol, Perenco, Petrotal eta Frontera Energy petrolio enpresa handien aurka borrokatzen ari dira, ingurunea kutsatzen dutelako eta euren bizimodua suntsitzen dutelako, Domingo Peas bozeramailearen hitzetan.
«Gobernuak polit hitz egiten du, baina ez du agindutakoa betetzen. Horregatik gaude hemen, aliatuak egiteko, gizateriara iristeko, kontzientzia sortzeko, badakigulako trantsizio ekologikora iristeko lehenik giza trantsizioa egin beharko dugula», adierazi du.
Jarduera ekonomiko horren hondamenen aurrean (basoak biluzten ditu, elikagaiak murrizten ditu, eta ibaiak kutsatzen ditu, gaixotasunak eraginez), herri indigenek bat egin dute elkarrekin aurre egiteko. «Elkarrekin eseri behar dugu, batasuna ezarri, denon artean entzun, koloreari begiratu gabe, indigenak, indigenak ez direnak... bide berri bat sortzeko, zeren goazen bidetik porroterako gaude», azaldu du.
NBEren goi-bileran basoen babesari buruzko ekitaldi batean, Peasek 30 nazionalitate indigenen artean sortutako plana azaldu du. Plan hori Quito eta Limako gobernuei aurkeztu diete dagoeneko, eta bertako Ingurumen ministroak ontzat eman dutela adierazu du ordezkariak.
Plan horretan energia garbiak, ekonomia jasangarria eta ekonomia birsortzailea proposatzen dira, petrolioa alde batera utzi ahal izateko. «Programa berriak sortu behar ditugu, baina oihana eta natura babestuz. Anbizioa ere murriztu behar da, askok gauza asko izan nahi dituztelako, irabazia hirukoiztu, eta hor oreka hausten da», hausnartu du.
Ametsen kultura
Belen Saezek ere parte hartu du planaren sorkuntzan. Honek esan du garrantzitsua dela indigenen beharrak asetzean inbertitzea, beraiek zaintzen dituztelako «planetako birikak». Izan ere, Arro Sakratuetako tribuek ez dute oinarrizko zerbitzurik (ikastetxeak, garraioa edo larrialdiko osasun-arreta), eta gazteak hirira aukera bila joan behar izaten dute.
Hala eta guztiz ere, euren erritu eta tradizioak gordetzen ahalegintzen dira, eta «jakinduria eskolak» sortu dituzte «ametsen kultura» zabaltzeko.
«Ehizara joaten direnean, arrantzara joaten direnean, beren laboreetara, baimena eskatzen dute. Ametsek kulturak ematen die goizero gauzak egiteko baimena», azaldu du Saezek.
«Apustu handia egin behar da oinarrizko beharrak bermatzeko, eta, horrela, munduko ondare handi hori, herri indigenentzat zein mundu osoarentzat garrantzitsua dena, mantendu ahal izango da», dio.