Japoniako lehen ministro berria, Fumio Kishida, John Aquilino Indo-Pazifikoan Amerikako Estatu Batuen Armadako komandante gorenarekin bildu da gaur. Bi herrialdeen arteko segurtasun ituna aldarrikatu dute eta eskualdean «egonkortasuna» mantentzeko borondatea agertu dute.
Kishida bere Tokioko egoitzan hartu du AEBetako Marinaren almirante eta Indo-Pazifikoko Komandoaren buruak, lehen ministro kargua hartu eta biharamunean. PLD alderdi liberalaren presidente izendatua izan eta gero urrian hauteskundeak irabazi zituen alderdiak eta Komeito alderdi budistari esker gehiengo osoa lortu zuen Gobernua osatzeko.
Kishidak AEBen eta Japoniaren arteko «elkarlana bultzatzeko» asmoa erakutsi du, «Indo-Pazifiko aske eta irekia ziurtatzeko».
Txina, jomugan
Lehen ministroak bere egin du Washingtonek eta Tokiok eskualdean Txinaren hazkunde militarrari aurre egiteko estrategia; defentsa arloan bi kideen kezka nagusia da hori, Ipar Koreako auziarekin batera.
Komandante estatubatuarrak «eskualdean bakea, egonkortasuna eta garapena bermatzeko konpromisoa» berretsi du.
Aurrez, Aquilino Japoniako Kanpo Arazoetarako eta Defensa ministro berriekin, Yoshimasa Hayashirekin eta Nobuo Kishirekin, bildu da.
Defentsa ministro berriak ohartarazi duenez, «Japonian inguruko segurtasun egoera gero eta larriagoa da», erantzunkizuna Pekini eta Pyongyangi egotziz.
Kishida eta Aquilino pasa den ekainean bildu ziren eta orduan Taiwaneko itsasartean gora egin duen tentsioa izan zuten mahai gainean, orduko Japoniako Gobernuak jakitera eman zuenez.