NAIZ

Desagertzeko arriskuan, Jerseyko hizkuntzak bizirauteko borrokan darrai

Jèrriais, Jerseyko hizkuntza, historiaz eta literaturaz betetako hizkuntza da, eta desagertzeko arrisku larrian dago orain, nahiz eta XX. mendera arte uharteko 100.000 biztanle gehienek hitz egiten zuten. Berreskuratzen saiatzen ari dira.

 Saint-Hélier, Jersey uhartean. (Oli SCARFF/AFP)
Saint-Hélier, Jersey uhartean. (Oli SCARFF/AFP)

«Jèrriais hiztun natiboen azken belaunaldia gara», dio tristuraz François Le Maistrek, 84 urtekoak, Jersey uharte britainiarreko hizkuntza horri buruz, ingelesaren hegemonia pean desagertzeko arriskuaren dagoena.

«Oso tristea da zure kulturaren esentzia bera galtzea», azaldu dio AFP agentziari, Saint Ouen herri txikiko belar-lorategi batera begira dagoen egongelan bere anaia Jeanekin tea eta pastelak hartzen dituen bitartean.

Umetan «etxean ez genuen besterik hitz egiten», nabarmendu du eragin eskandinaviarrak dituen eta normandiar frantsesetik eratorritako hizkuntza horri buruz. XII. mendetik aurrerako erregistroak ditu hizkuntzak.

Orain, Estatu frantes eta Erresuma Batua artean Mantxako kanalean kokatutako paradisu fiskal txiki honetako 100.000 biztanleak bezala, ingelesez bizi dira ia erabat, 1940ko hamarkadaren erdialdean Jerseyk nekazaritza utzi eta turismo eta merkataritzarako bidea hartu zuenean nagusitu zena.

«Jèrriais-a nekazarien hizkuntzatzat hartzen zen eta maisuek zigortu egiten zituzten hura erabiltzen zuten haurrak», gogoratu du Jeanek, aldameneko Guernsey uharteko hizkuntzaren antzekoa dela gaineratuz, baina desberdina.

2019an, Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtean, Jerseyko Gobernuak –britainiar Koroakoa baina Erresuma Batuarekiko independentea– ofizial izendatu zuen hizkuntza, ingelesari eta frantsesari gehituz, eta bere irakaskuntza bultzatu zuen.

Man uhartearen ereduari jarraitzen diote. Haren manx hizkuntza, jatorriz zeltiarra, hala nola irlandera, eskoziera, galesa eta kornikoa bezala, 1974an iraungi zen.

«Inbertsio handiarekin, denbora eta ahalegin handiarekin, biziberritu egin zuten, eta orain lehen hezkuntzako eskola bat dute manxean, non haurrek beren jatorrizko hizkuntza erabiltzen ikasten duten, baina duela 40 urte hasi ziren eta bide luzea da», azaldu du Susan Parkerrek, uharteak dituen zazpi irakasleetako batek.

Galtzeko bidean

«Comment qu'tu'es?" (Zer moduz?), galdetu dio Parkerrek 7 urteko neska bati Saint Helier hiriburko Beaulieu Convent eskolan. Txikien begiak argitzen dira: «J'sis d'charme (ondo nago)», erantzun du.

Ondoren, lepoan Jerseyren jantzi folklorikoa gogorarazten duten zapiak dituztela, dantza tradizional bat ikasten dute, beste irakasle batek, kasaka luzea eta lumadun kapela jantzita, jèrriais hizkuntzan ulerpenean laguntzeko keinu asko eginez kontatzen duen bertako elezahar bat entzun aurretik.

Eskolek 2020an sartu zuten jèrriais hizkuntza geletan, eta irakasleek tradiziora jotzen dute, etxean ikasten ez duten haur batzuei kultura-nortasuna trasnmititzeko.

«Bertako hiztunen kopurua 800 baino gutxiagoko mailara hurbiltzen ari da eta horrek desagertzeko arriskua dakar (...) beraz, oso gogor ari gara lanean biziberritzeko», azaldu du Parkerrek.

2012ko azken erregistroan, biztanleen %1ek esaten zuen menderatzen zuela, baina «gazteen artean irabazten duguna baino azkarrago galtzen ditugu hiztunak adinekoen artean», dio Geraint Jennings hizkuntzalariak.

Atticus Mawby 21 urteko ikaslearentzat, «jèrriais hiltzen bada, Jersey Britainia Handiko beste zati bat izango litzateke». «Horregatik uste dut hau dela gure ondare independentea bizirik mantentzeko modurik onena», uste du Jenningsek astean bost egunetan uharteko hainbat tokitan antolatzen dituen elkarrizketa-tailerretan izena eman berri duen gazte honek.

Hedabideak eta sare sozialak

Astelehenetan, adibidez, negozioen munduan aritzen dira Saint Helierreko work kafean. «Jendeak produktuak jèrriais-en eskatzea eta logo elebidunak erabiltzea lortu nahi dugu», azaldu du hizkuntzalariak.

Baina oraingoz, viktoriar etxeetako kaleetan, pastel koloreko fatxadekin, askoz inskripzio gehiago daude frantsesez, Jerseyren legeak mendeetan zehar idatzi ziren hizkuntzan, jèrriais-en baino.

Hedabiderik ere ez dago hizkuntza horretan, astean bost minutuko BBC irratiako saio bat izan ezik.

«Filmak, zinemak eta beste gauza batzuk izatea lagungarria izango litzateke», aitortu du Mawbyk, Jersey Museumeko kafetegian praktikatzen duten 20 eta 80 urte bitarteko 15 parte-hartzaileetako batek. 

Jenningsen iritziz, «gazteengana iristeko modurik onena sare sozialak dira»; izan ere, «nahierara nahi dituzte gauzak: Nola esaten da hau?, Interneten bilatzen dute eta bideo bat ikus dezakete».

Barbarismoetan erortzeko arriskuaren aurrean, Jèrriaiseko Akademiak Le Maistre bezalako azken hiztunen ezagutzara jotzen du.