Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Mugako dragoiak’, Ameriketako historiaren ezkutuko pasadizoei argia jartzen

Gregorio Muro ‘Harriet’ek euskal sustraiak zituen militar bat Komantxe indioen aurka borrokatu zeneko abentura komiki bihurtu du. Ez du epaile lana hartu, gertatutakoa azaltzen saiatu baita, fikzio puntu bat eman dion arren. Ivan Gil eta Garluk Aguirre izan ditu lagun irudigintzan.

Gragorio Muro ‘Harriet’, Ivan Gil eta Garluk Aguirre, sortu duten komikia eskuan dutela. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Gragorio Muro ‘Harriet’, Ivan Gil eta Garluk Aguirre, sortu duten komikia eskuan dutela. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Western forma hartu du Harriet Ediciones argitaletxeak atera berri duen ‘Mugako dragoiak’ komikiak. Gregorio Muro ‘Harriet’ gidoilariak egin ohi duen bezala, historiako pasarte ezkutuetan izan du sudurra sartuta azken urteetan istorio berri bat azaleratzeko. Benetan gertatu zenari gatza eta piperra bota dio, ezaguna ez den istorio bat komiki bihurtzeko.

«Itxaron gela batean negoen eta aldizkari sentsazionalista batean albiste bat irakurri nuen: ‘Arroila Handira iritsi zen lehen gizon zuria Salamankakoa zen, eta Komantxeak garaitu zituen lehena, Hernanikoa’. Eta ni Hernanikoa naizenez, bulkada bat eman zidan. Ikertzen hasi nintzen eta Juan Bautista Anzarekin egin nuen topo –gurasoak ziren Hernanikoak, Sonorara migratutakoak–, San Frantzisko hiriaren oinarriak jarri zituena. Espedizio guztietan abentura gehien duena aukeratu nuen, Komantxeen kontrako borroka», azaldu du gidoilariak komikiaren aurkezpenean. 

Anzaren berri duela zazpi urte jakin zuen eta ordutik Interneten baina baita liburu zaharretan informazioa biltzen ibili da. Horien artean, Los Angelesen editatutako Hernaniko eliza azalean duen liburu bat, edo Komantxeen borrokaren nondik norakoak xehetasunez kontatzen dituen eguneroko bat. Emaitza 108 orrialdeko komikia izan da (120 orrialde, amaieran gehitu duen datu historikoen azalpena kontuan hartzen badugu).

Indioek berebiziko garrantzia dute istorioan.

Ivan Gil marrazkilaria eta Garluk Aguirre kolorista izan ditu bidelagun ‘Mugako dragoiak’ sortzerakoan. «Gregoriok lana errazagoa egin dit. Dokumentazio grafikoa ere lortu dit. Asko disfrurtatu dut», aitortu du Gilek. «Gregorioren bertutea da harrien artetik inork ezagutzen ez dituen gure historiaren zatiak aurkitzea», azpimarratu du.

Ivan Gil Harrieten istorioari forma emateaz arduratu den bezala, marrazkiei bizitza ematearen lana Garluk Aguirrerena izan da. «Komiki hau girotzea eta kolorearen bidez narratiban laguntzea» bezala deskribatu du bere jarduna. Hala, hiru sortzaileen izenak ageri dira komikian, hiruren garrantzia aitortuz.

Zintzoak eta gaiztoak, bando guztietan

Istorioa gaur egungo Arizona, Utah, Kolorado eta Mexiko Berrian kokatzen da, XVIII. mendearen bigarren erdian. Espainiako tropen dragoiak –honela deitzen zitzaion zalditeriari– Espainia Berriaren iparraldeko muga indioez, frantsesez eta ingelesez babesteaz arduratzen zen. Garai hartan, gainera, Estatu Batuetako independentziako gerra zegoen. Hispaniar berriek euren burua Komantxeen presioaz babesten zuten, zeintzuk guztien aurka egiten zuten. Gatazka horri aurre egin behar izan zion Anzak, azkenean Adar Berde Komantxeen buruzagiaren kontra borrokatu behar izan zuenak. «Anza indioen aurka borrokatu zuen militar bat izan zen, hau da, indioak hil zituen», esan du gidoilariak figura historikoa goraipatu gabe. 

Harriet saiatu da ikuspegi humanista izaten. Alegia, ez du batzuen edo besteen alde egiten, baizik eta batzuen eta besteen arrazoiak erakusten ditu, eta argi gelditzen da bando guztietan daudela pertsona zintzoak eta gaiztoak, eta guztiek dituztela kontraesanak.

Komikiaren amaieran gehitu duen datu historikoen azalpena ere horregatik txertatu du, ez delako gauza bera dibulgazioa eta gertaera. Izan ere, gauza batzuk pixka bat aldatu ditu narratibaren onerako, baina interesa duenak benetan zer gertatu zen ikus dezake. Adibidez, Hopi tribua egarriz hiltzen ari zen une batean, Anzak jana eta edana erosi zituen beraientzat. Hau indioekin borrokatu ostean gertatu zen, baina Harrietek istorioan urtebete lehenago kokatzen du.

Erdiguneko istorioa Anza eta Komantxeen arteko borroka den arren, protagonistak tropa espainiarren kadete eta sarjentu batzuk dira, fikziozkoak, istorioa gidatzen laguntzen dutenak.

Oinarri historikoak ditu komikiak, nahiz eta fikzionatuta egon.

«Nork irakurtzen ditu historia liburuak bazkalostean?», galdetu du ironikoki Harrietek, hainbat pasarte ezezagunak direla arrazoitzeko. Hala, azaldu du Estatu Batuetan galdetzen baduzu nor den Mexiko Berriko pertsonaiarik ospetsuena, gehienek Billy the Kid esaten dutela, nahiz eta historikoki hain garrantzitsua ez izan. «Mito bihurtu da fikzioari esker, historia gutxik kontsumitzen dutelako, baina fikzioa gehienek», argitu du. Hala, bere komikien bidez pertsonaia historiko ez ezagunei bultzada bat ematea du helburu.

Komikia euskaraz eta gazteleraz argitaratu du Harriet Edicionesek, baina Estatu frantsesean eta Holandan ere hasi du bere ibilbidea. Portugalen ere argitaratuko dutela aurreratu du gidoilariak.