Asier Aiestaran
Elkarrizketa
Uxue Ansorregi
Aizkolaria

«Egungo aizkolari onenekin aritzeko aukera izango dut eta hori oso polita da niretzat»

Azaroaren 29an egingo ditu 26 urte Uxue Ansorregi mendaroarrak, eta aizkoran oraindik ere nahiko hasiberria izan arren, urrats galantak ematen ari da azkenaldian. Uztailean Binakako Txapelketa irabazi zuen Karmele Gisasolarekin bikotea osatuz, eta bihar banakako finalean arituko da Bilbao Arenan.

Uxue Ansorregi, binakako txapelketan lortu zuen garaipena ospatzen (Jon URBE / FOKU)
Uxue Ansorregi, binakako txapelketan lortu zuen garaipena ospatzen (Jon URBE / FOKU)

Kanporaketetan hirugarren denborarik onena lortuz sartu zen finalean Ansorregi, baina marka onenetik sei segundora geldituz. Badirudi emozioa ez dela faltako bihar Bilbon.

Prest igandeko finalerako?

Ba egia esateko ilusioz beteta nago, oso gogotsu bertan parte hartzeko. Azkenean aizkolaririk onenekin batera aritzeko aukera izango da niretzat, oso aukera polita, eta horregatik oso pozik. Gainera, fisikoki ongi sentitzen naiz eta horri eutsi nahi diot igandera ahalik eta indartsuen iristeko.

Kanporaketetan oso denbora antzekoak egin dituzue hiru finalistok. Finalean lan luzeagoa izanda tarteak areagotuko dira ala parekotasun bera espero duzu?

Ba ez dakit zer esan. Egia da kanporaketan oso tarte txikian sartu ginela hirurok, sei segundoren barruan, eta edozer pasa daiteke. Egia da ere lana handitzen dela, baina ez daukagu erreferentzia argirik gure artean. Maikak eta nik adibidez egin genuen finalean egingo dugun lana eta ideia bat egin dezakegu, baina Karmele ere hor egongo da. Azkenean, tarteak hain txikiak izanda, akats txiki bat oso garesti ordaindu daiteke.

Parekotasun hori zuentzat presio bilakatu daiteke, baina ikuskizunarentzat albiste bikaina da.

Bai, hala da, eta, berdintasun hori errepikatzen bada finalean, amaierako une horiek oso ikusgarriak izango dira. Hirurok antzeratsu amaitzen badugu lehia hori ikusleentzat oso polita izan daiteke. Batek aise irabazten duenean ez da horren ederra izaten. Hori, noski, ikusleentzat, ze guk ez dakit nola biziko dugun final batean egoten diren urduritasun guztiekin. Ea zer moduz kudeatzen dugun hori.

Zuk zeuk aipatu duzu urduritasuna. Finala da, jende asko espero da Bilbon… eragina izan dezake?

Nik uste baietz. Maika ez dut uste horren urduri jarriko denik, jada esperientzia handia dauka eta horrek noski bere alde jokatzen du. Gure kasuan, edo nirean behintzat, ea nola kudeatzen dudan hori. Bilbao Arena leku handia da, jende asko espero da, oihartzun handia hartu du finalak eta ea nerbio aldetik zer moduz erantzuten dudan. Espero dut berotzean edo aurreneko enborrean nerbio horiek atzean utzi eta aurrera egitea.

Maika eta Karmele agian ezagunagoak dira. Zu nola hasi zinen aizkoran?

Orain dela urte asko giza proban hasi nintzen, taldeka. Hortik sokatirara pasa nintzen eta geroago trontzara. Eta trontzan ari nintzela aizkoran amaitu nuen, gauza batek bestera eraman ninduelako. Baina aizkoran serio-serio aurten ibili naiz. Aurrez, ikasketekin eta abar, bigarren plano batean utzita neukan, baina aurten seriotasun gehiagoz heldu diot.

Aizkolaritza horren kirol teknikoa izanda, hobetzeko tarte handia edukiko duzu orduan...

Bai, handia. Teknikak segundo asko esan nahi ditu aizkoran. Indarrak ere bai, noski, baina teknikoki asko irabazi daiteke. Oraindik gauza asko ditut hobetzeko, baina gogoz nago horiek hobetzen joateko.

Nola moldatzen zara entrenatzeko denbora ateratzeko?

Ba kostata. Erizaina naiz eta garai hauetan covidarekin-eta lan asko daukagu. Baina lanak uzten dizkidan tarte txikiak entrenatzeko baliatzen ditut. Mutil lagunak ere asko laguntzen dit. Ni bakarrik ez nintzen gai izango enborrak prestatu eta lan horiek guztiak egiteko. Bere laguntzarekin eta daukadan denbora apur hori horretara eskainiz moldatzen naiz.

Familia eta lagunak ere ilusioz daude iganderako?

Bai, batzuk etorriko dira Bilbora. Hor dabiltza sarrerak lortzeko borrokan. Azkenaldian egin den jaialdi handienetakoa izango da eta ilusioz gaude denok.