NAIZ

Meritu handiko berdinketa lortu du Alavesek Sevillako zaparradan (2-2)

Goiz aurreratu dira babazorroak, bosgarren minutuan Laguardiari esker. Ocamposek bedinketa lortu du 38an, baina Joseluk penaltiz, lehen zatiko 52. minutuan epaileak VARa aztertu ostean, berriro ipini ditu aurretik gasteiztarrak. Sevillak partidako luzapenera arte ezin izan du berdinketa egin.

Alaveseko jokalariak, Joseluk lehen zatia amaitzear zela penaltiz sartutako gola ospatzen. (Jorge GUERRERO/AFP)
Alaveseko jokalariak, Joseluk lehen zatia amaitzear zela penaltiz sartutako gola ospatzen. (Jorge GUERRERO/AFP)

Larunbat honetan Alavesek Sevillako zaparradaren azpian lortutako puntua ontzat bezala har daiteke. Aurkaria zein zen ikusita, puntu banaketa partida hasieratik sinatu zitekeen. Hala ere, neurketa nola joan den ikusita, ziur aski Gasteizeko taldeko jokalariak zapore gazi-gozoarekin bueltatuko dira etxera. Izan ere, luzapenean lortu dute andaluziarrek berdinketa, garaipena eramateko babazorroek dena bere alde zutenean.

Oso goiz –goizegi esango lukete askok, maila honetako aurkari bat aurrean izanda– aurreratu dira arabarrak. Izan ere, bosgarren minutuan Laguardiak 0-1ekoa ipini du markagailuan buruz egindako erremate bati esker.

Sanchez Pizjuanen jokatuta, hain denbora gutxian gola sartzea bikaina izan da gasteiztarrentzat. Ondo eutsi diete sevillarrei lehenengo zatiko minutu gehienetan, baina atsedenaldira iristeko oso minutu gutxi falta zirela, partida erabat aldatu da. Sentsazioak ugariak izan dira.

Lehendabizi, Lucas Ocamposek berdinketa lortu du 38. minutuan, ordurarte Alavesek egindako lan txukuna lurrera botaz. Gol psikologikoa izan zitekeen, aldageletara joan aurretik berdintzea etxeko taldearen onurako izan baizitekeen.

Hala ere, lehen zatia amaitzeko segundo gutxi falta zirela, epaileak VARa aztertu behar izan du, Sevillako area barruan izandako ustezko esku batengatik. Aztertu, eta penaltia adierazi du Alejandro Muñiz Ruiz galiziarrak, lehen golegile izan den Ocamposek eskuarekin ukitu baitu baloia.

Joselu golegileak ez du hutsik egin. Gola sartu eta alde psikologikoari buelta eman dio aurrelari babazorroak, ez baitu gehiagorako denborarik eman eta epaileak atsedena adierazi du 52. minutua beteta.

Ondo eutsi, baina luzapenean berdinketa

Bigarren zatian, Pacheco atezainak protagonismoa eskuratu nahi zuen, eta 51. minutuan sekulako geldialdia egin du hurbil-hurbiletik sevillarrek egindako jaurtiketa batean.

Bitartean, Javier Calleja aulkia mugitzen hasi da. Tomas Pina zelairatu du entrenatzaileak zelai erdian Mamadou Loumen ordez. Senegaldarra bere selekzioarekin aritu da azken egunetan eta gainera lehen zatian txartel horia ikusi du. Zelai erdia indartu du Alavesek, eta goiko aldean aukerak sortzen jarraitu dute gasteiztarrek. 63. minutuan Edgar Mendezen burukada oso gertu egon da hirugarren goletik. Ruben Duartek oso erdiraketa ona egin du, baina milimetro gutxigatik kanpora atera da jaurtiketa.

Minutu batzuk geroago tokia egin dio Edgar Mendezek Matt Miazgari zelaian. Kanpora atera den jokalariak, gainera, txartel horia ikusi du denbora galtzeagatik. Ordurako, Julen Lopetegi Sevillako entrenatzaile gipuzkoarrak lau aldaketa eginda zituen, markagailua eta jokoa irauli nahian.

Saiatu egin dira etxeko jokalariak, baina berriro agertu da Pacheco 84. minutuan beste jaurtiketa bati erantzun bikaina emateko. Callejak azken aldaketak erabili ditu –Manu Garcia eta De la Fuente zelairatu dira Luis Rioja eta Pere Ponsen ordez– freskotasuna emateko asmoarekin.

Dena bere alde zuenean, ordea, luzapenean, Ivan Rakiticek eskuin hankarekin Pachecoren atea apurtu eta berdinketa ipini du markagailuan.

PARTIDAKO FITXA:

2 - Sevilla FC: Bono; Montiel (Munir, 68’), Kounde, Diego Carlos, Augustinsson (Suso, 46’) (Papu Gomez, 68’); Fernando, Joan Jordan; Ocampos, Oliver Torres (Rakitic, 46’), Idrissi (Acuña, 54’); eta Rafa Mir.

2 - Deportivo Alaves: Pacheco; Martin Agirregabiria, Laguardia, Lejeune, Duarte; Loum (Pina, 59’), Moya, Pons (De la Fuente, 86’); Edgar (Miazga, 73’), Rioja (Manu Garcia, 86’) eta Joselu. 

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz (galiziarra). Txartel horia atera zien etxeko Ocampos (52’) eta Rafa Mirri (60’); eta kanpoko Loum (45’), Duarte (50’), Edgar Mendez (72’) eta Lejeuneri (89’).

Golak: 0-1, 5.min: Laguardia, buruz. 1-1, 38.min: Ocampos. 1-2, 45+7.min: Joselu, penaltiz, epaileak VARa aztertu ostean. 2-2, 92. min: Rakitic.

Gertakariak: Ramon Sanchez Pizjuan futbol zelaian jokatutako Lehen Mailako 14. jardunaldiko partida.