Jon Ormazabal

Daniako Jai Alaiarekin batera, Estatu Batuetako zestaren urrezko aroak ateak itxiko ditu

AEBtan pilotari koadro egonkor bat duen pilotaleku bakarrak igandean itxiko ditu behin betiko ateak, mende bat inguru iraun duen ziklo bati amaiera ipiniz.

Dania Jai Alaieko azken funtzioetako bat. (JAI ALAI NEWS)
Dania Jai Alaieko azken funtzioetako bat. (JAI ALAI NEWS)

Ezer ez omen da betiko eta igande honetan ateak itxiko ditu Floridako Daniako Jai Alai pilotalekuak. "Palace" bezala ezaguna den frontoiak igandean izango du bere azken funtzioa, azken 68 urteetako jardunari amaiera emanaz. Daniakoa zen Estatu Batuetan 28 pilotariz osatutako koadro egonkor bat zuen azken pilotalekua eta, hortaz, pilotalekuaz harago, ia 100 urtetako ziklo loriatsu bati amaiera emango zaio. 1926an ireki zituen ateak Miami Jai Alaik eta pilotaren «industriak» nekez biziko ditu berriz unerik onenetan Estatu Batuetan izandako negozio bolumenak. Garairik onenetan 16 ere izan ziren martxan egondako frontoiak eta ia 500 batera kontratatutako pilotariak Florida, Rodhe Island, Connecticut edo Nevadan.

Jai Alai News atariak artikulu batean azaltzen duenez, itxieraren arrazoiak argiak eta ulerterrazak dira. «Zenbakiek agintzen dute eta gaur egun bertan egiten diren apustuek ez dute frontoi industrial batek sortzen dituen gastuei aurre egiteko adina diru ematen». Bertan aipatzen denaren arabera, «aurrera egin eta garapen bat izateko, beharrezkoa da aita hiltzea». Eta Jai Alaiaren kasuan apustuak lirateke aita hori, kirol honen arrakastaren eta zabalkundearen motorea. Kontua da, duela 30 urte negozioa errentagarria zen bezala, gaur egun errentagarri izateari utzi diola eta amaitzeko ordua heldu zaiola.

Apustuarenak egin du eta kiniela formatua «ahalik eta apusturik gehien egin ahal izateko kirolaren moldaketa bat» zen heinean, apustuarenak egin du. Jai Alai Newsek darabiltzan datuen arabera, hilean 860.000 dolar jokatzen dira apustuetan urtean, gutxi gora behera horietatik laurden bat frontoian bertan –enpresa %25arekin geratzen da- eta beste guztia telebista bidez kinielak jarraitzen dituzten apustu etxeetatik –kasu honetan frontoia %5arekin geratzen da gutxi gora behera–. Gure ikuspuntutik hilean ia miloi bat euro jokatzea ikaragarria iruditu dakiguke, baina Ameriketako Estatu Batuetan, antza, enpresariek dirua galtzen dute.

1988-1991ko bigarren grebaren ostean, AEBtako kirolean izan den luzeena, frontoirik gehienak itxi zituzten eta milaka ikusle izatetik ehundaka batzuk izatera pasatzeak etekina agortu zuen. Gaur egun hamarnaka batzuk baino ez dira jaialdiak zuzenean jarraitzen dituztenak, ehundaka gutxi batzuk egun oso seinalatuetan. Greba, ordea, ez zen gainbehera honen arrazoi bakarra izan, ekaitz perfektu horretan eragina izan zuten loteria eta bestelako apustuak legeztatzeak, saskibaloiko Miami Heat taldearen sorrerak eta 88an bertan onartu zen amerikar-indiarrek euren erreserbetan kasinoak irekitzea. Eta gaur egun, gune hauek estatubatuarren aisialdiaren oinarri bat osatzen dute non, apustu guneez harago, denda, kontzertu areto, dantzaleku, hotel, taberna ugari biltzen diren. Daniaren kasuan esaterako, mundu osoan zehar ezaguna den Seminole indiarren jatorrizko Hard Rock-a bertatik bertara dute eta ezinezkoa da harekin lehiatzea.

Aldaketa hauekin guztiekin, kirola nolabait babesteko, Jai Alai-ei eraikinean casino bat irekitzeko aukera eman zitzaien eta hori izan da, gaur arte iraun arazi dituen arrazoia. Kontua da, duela hilabete batzuk amerikar indiarrek Floridako Gobernuarekin lege berri bat izenpetu zutenetik, Jai Alaia dagoeneko ez da beharrezkoa kasinoa zabalik izan ahal izateko.

Eta orain zer?

Urteak dira Jai Alaiaren heriotza iragarri zutenetik, baina igande honetara arte iraun ahal izan duten 28 profesional, gehienak euskaldunak, lanik gabe geratuko dira. Apustuen aroa amaituta eta azken urteetan Euskal Herrian izandako loraldiari esker, badirudi etorkizuna Euskal Herrian egon daitekeela –udan zaleek erantzun dute eta harrobia pilotari berriak ematen ari da–, baina kirola ardatz hartuta.

Daniako koadroan badira Euskal Herriko txapelketetan parte hartzeko moduko maila duten dozena erdi pilotari, baita etorkizun oparoko zenbait gazte ere, baina gaur egun Euskal Herrian zestaz bizitzea utopia bat da. Hori bai, Daniaren itxierak ataka berri baten aurrean jartzen du xistera. Izan ere, duela hamar urteko izarrek urtearen zati handi bat AEB-tan pasatzen bazuten, gaur egun gehien gehienak Euskal Herrian daude eta honek udaz haragoko egutegi bat antolatzea ahalbidetuko luke. Bada horretarako nahiko interes eta zalerik? Bada beharrezko egiturarik? Txarrenari onena ateratzeko garaiak dira gaur egunekoak, zesta punta horretarako gai ote den denborak esango du.